Aste honetan irakurri eta entzundako zenbait berrik helduen euskara-irakasle nintzeneko kontu batzuk gogorarazi dizkit.
Behin, ikasle batek zertarako ikasi nahi zuen euskara adierazi zidan; beretzat, nahikoa zen errenta-aitorpena euskaraz egiteko maila lortzea. Pentsatu nuen ba, euskaltegian ikasiko zuenarekin beharbada ez zuela nahikoa izango. Aitortu nionez, neronek ere arazoak nituen horrelako agiriak behar bezala ulertzeko. Are, jakin badakigu dirua bezalako kontu “serioetarako” gaztelera erabili ohi duen euskaldun bat baino gehiago dagoela. Aste honetako berri baten arabera, aurki Osakidetzak odol-analisietako emaitzak euskaraz ere emango dizkigu. Izartxoak alde batera utzita, ea zenbat ulertzeko gai garen.
El Mundo egunkariak, berriz, Ertzaintzan euskararen erabilera eta ezagutza izan ditu [Enlace roto.]. Ertzainen ezagutza-maila eskasa dela azpimarratu dute, eta erabilera areagotzeko Sailaren asmoak kritikatu. Ezin dut ziurtatu orain maila hori zein den, baina gogoan dut beste ikasle baten kasua: blokeatuta klasean sarri, lasai gero. Izan ere, praktiketan zegoen ertzaina izanda, gutxieneko euskara-maila bat ziurtatu behar zuen aipatu epealdia bukatu aurretik, akademia-garaian ez baitzen horretarako gai izan.
Motibazioaz izan da hirugarrena. Zuzendari nagusi berria du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Galizia aldetik datorren katalana dugu berori. Bere lehenengo agerraldian, euskaraz irakurri egin zuen baina aurrerantzean paperik gabe euskaraz mintzatzeko borondatea aditu nion irratiko kortean. Are, beste hizkuntza bat ikastea aukera aparta gisa omen da bere ustetan. Motibazioa badu, antza; ez dakit, hala ere, zein mailataraino izango den integratiboa edota instrumentala, baina motibaturik egonik ikasi egingo du (motibazioaren kontuaz informazio zabala Auñamendi Eusko Entziklopedian)