Aipatu nizun lehengoan martxan dagoela aurtengo Blogetan lehiaketa, eta aurrekoan ez bezala, ez dudala parte hartuko. Ekimena baliatuta, galdeketa prestatu du Azkue Fundazioak euskal blogosfera zertan den jakiteko asmoz: Euskal blogintzari buruzko inkesta.
Bertan diotenez,
Euskal blogintzaren egoeraren azterketa egin dugu eta, azken urtetan alor honetan ikerketa edo analisi sakonik egin ez dela ohartuta, euskal blogintzaren inguruko inkesta publikoa sortu dugu. Edonork bete dezakeen inkesta da eta horren helburua, euskarazko blogen inguruko datu baliagarriak lortzea da: kopurua, nola kudeatzen diren, zein baliabide erabiltzen dituzten, etab. Inkesta honen emaitzak publikoak izango dira eta partekatu egingo ditugu.
Euskal blogintzaren inguruko inkesta bat sortu dugu. Lagunduko gaituzu eta beteko duzu? https://t.co/5TvSxwKhbK
— Azkue Fundazioa (@AzkueFundazioa) 2 de febrero de 2017
Nire ustez, ez da erreza izaten “euskal” horrekin batera esan nahi dena zehaztea: euskalduna? euskaraz idazten dena? euskara ulertzen duena?… Ez da oraingo kezka; aspalditik galdetzen diot neure buruari (eta argitaratu ere bai) nor den euskaldun. Edo euskal hiritar. Edo… Edonola ere, inkesta erantzun egin dut eta galderak pentsarazi didatela onartu behar; besteak beste, noiz eta zergatik idazten dudan gaztelaniaz eta euskaraz.
Azken finean, blogosferan bertan dudan jarrerak ez dit errazten “euskal” horrekikoa. Egia da blog honetan euskaraz idazten dudala (gutxi), baina, aldi berean, susmoa dut nire blog (edo txoko, edo kanpamentu) nagusian gaztelania ari dela nagusitzen, horrela ateratzen zaidalako. Agian, Bilbon gertatzen denaren isla izan liteke; euskarak Bilbo behar duela idatzi du Patxi Saezek.