“Egunones Aitas. Mese, hoy quiero ir a jaias de Bilbo. Eskerrik. Agures”
Honelako balizko mezu batek euskaldun bat amorraraz lezakeelakoan nago, Facebooken nire ezagunen (esparru horretan lagunen) artean izandako elkarrizketa bati erreparatuz gero. Lehenengo ezaguna, gazteleraz idatzitako prentsa-zutabe bateko “egunones” bat zela-eta agertu zen kexu. Gainontzekoak, hurrengo iruzkinetan agertu ziren.
Areago oraindik. “Taliban” deitu zidan” beste ezagun/lagun batek esparru berean, ditxosozko “eskerrik” hori zuzendu eta gero (argi dago ez duela irakurri apirilean idatzi nuen sarrera: “‘eskerrik’ ez, eskerrik asko” ). Ea ez dudan mezuetan laburtzen erantzun zidan, SMS edo WhatsAppekoetan, esaterako. Aspaldi egindako ikerketa batean aurkitu nuen bezala, irakasleek txatetan zuzen idazteko joera zutela baieztatzen zen. Eta, ematen dit, neu ere joera horretakoa naizela normalean. Arestian aipatutako ezagun horri adierazi nionez, laburtzekotan, hedatzen ari zaigun “eskerrik” horren ordez, “eskask” izan zaitekeen, karaktere bat gutxiagorekin gainera.
“Aitas” hori ere bitxia dela ezin uka. “Gurasoz” balitz, akaso. Eta jakin badakit familia-eredu tradizionalak aldatzen ari direla, baina, ez dut uste “aitas” hori horrelako egoera “berri” bati erantzutera datorrenik, ezta?
Laburbilduz. Neu naiz, errekurtso gisa, hizkuntzen arteko nahasketa egiten dudanetako bat. Baina testuinguruak ez dira ahaztu behar, eta horiei egokitu gure hizkuntz-jarduna. Eta, berretsi egiten dizut, amorru handiz irakurtzen eta entzuten ditut “eskerrik” bezalakoak ikuspegi horretatik.
Eta horretan nenbilela, hara non irakurtzen dudan gaurko Deian, titular batean, “Alkate, dos cañas y un txakoli, mesedez”.