Irakaskuntzari buruz ikasi ditudan hiru gauza

Horrela deitu zuten Catalunyako Universitat Obertak eta Jaume Bofill Fundazioak indarrean jarritako ekimena. Pere Marquesen blogaren bidez izan nuen horren berri; berak erantzun zuen, bere esparruko ekarpenak eginez nagusiki. Jakin badakit Daniel Cassanyk ere erantzun zuela (bai, Sustraietatik zerura liburua idatzi zuen berberak)

Garai batean, 2008an hain zuzen, antzeko zerbait galdetu genuen Heziberri zeritzon ekimenean: gazteen erronkak 2025an (gero eta hurbilago dago data, portzierto). Orduko ekarpen bat ere ekarri nizun esparru honetara, Jose Mari Lasarena hain zuzen.

Noticias de Alavan argitaratua

Ez dakit, irakurle, zein mailataraino izango zaren irakaskuntzan aditu. Baina, aritu, ikasle gisa bada ere, seguru baietz. Beraz, izenburuko galderari erantzun nahi badiozu…

Oharra: ez da beharrezkoa Pereren luzerako erantzunik… nahi ez baduzu, behintzat.

Interneten idaztea eta hezkuntzaren esparruko blogak

Abuztuan Felipe Zayas-en berri eman nizun hemen. Orduan adierazi nizun bezala, irailean berriz hurbildu zen guregana. Eta halaxe izan zen. Honekin batera duzu berak Interneten idazteaz eta hezkuntza esparruko blogez aurkeztutakoa.

http://www.slideshare.net/felipezayas/escribir-en-internet-blogs-educativos

 

Hori bai, ez zuen hau aipatu 😉

Beldur eszenikoa

Txio batean irakurri nion azaroan Pilar Kaltzadari (azkar doakigula denbora ezin uka)

“Innobasque en imágenes” Flickr-en

Alegia, komunikazioan eskarmentu handikoa den arren (irratian, telebistan, komunikabideetan oro har, besteak beste), bazuen nolabaiteko ezinegona eta zirrara.

Beharbada, jendaurrean aritu behar dugunean, plazagizona izan arren, ohiturik dagoen irakaslea izan arren (kurtso hasierak, esaterako), badago honelako zerbait. Beti, edo ia beti. Eta agian, tentsio-pitin bat ere ez da txarra.

Portzierto, eta emakumeei plazagizon deitzea? Plazandre egon badago ere, ez du Euskaltzaindik oraindik onartu. Ez dugu esango ba, euskaraz ez dagoela hizkuntzan desberdintasunik

 

Ebaluazioaren alfabetoa

Joan den astean, Miguel Angel Santos Guerraren hitzaldi bat aipatu nizun. Eta bertan esandakoak ez zitzaizkidala, nagusiki, arrotz egin. Izan ere, joan den mendearen bukaera aldera, berak idatzitako asko irakurri nituen, garai hartan egiten nituen lanagatik eta ikasketengatik batik bat.

Hala, Ebaluazioaren alfabetoa izeneko artikulua idaztea erabaki genuen Luis Mari Txabarrik eta biok. Artikulu hori, Hizpide aldizkariaren 42. zenbakian argitaratu zen. Bibliografian, aipaturiko irakaslearen erreferentzia ugari dago.

Honela hasten da artikulua:

Pertsiako kondaira batek dioenez, jainkoek hasieran banatu egin omen zuten egia, gizabanakoei zati bana emanez. Egia osatu, bakoitzak berea ekarriz osatuko da. Hala, txanpon beraren bi aldeak dira egia eta ekarria.

Wessex Archaeology-ren argazkia Flickr-en

1998koa den arren, oraindik badu interesik nire ustez. Osorik irakurri nahi baduzu, eskura duzu Sarean.

Hitzaldi baten edukia… eta edukitzailea

Duela ia hilabete, Barakaldon Miguel Angel Santos Guerraren hitzaldi batera joan nintzen. Ez zen irakasle hau entzuten nuen lehenengo aldia; are, idazle oparo honen liburuak, eta idazlanak oro har, aspaldi hasi nintzen irakurtzen eta gaur egun ere irakurtzen ditut. Esate baterako, larunbatero El Adarve deritzon esparruan argitaratzen du –baina ez nuke esango blogaria denik, horri blog esaten dioten arren; egunkarietako blogei buruzko iritzia plazaratu dut dagoeneko–. Esan zituen gehienak ez ziren niretzat berriak izan; edonola ere, hizlari trebea da eta gustura entzuten den horietakoa.

Egun, aukera dexente dago batek esandakoak jaso eta plazaratzeko. Bat, adibidez, bideoz grabatu eta igotzea da; halaxe egin zuen Mikel Agirregabiriak eta geroago Josi Sierrak, Berritzegune Nagusiaren kanalean zintzilikatuta. Beste aukera bat, Storify erabiltzea, Berta Martinezek egin zuen bezala.

Nik, aldiz, beste bat baliatu nuen, Hizpideren 80. zenbakian argitaraturiko Guillermo Gómezen  artikuluan proposatutakoari jarraiki: google drive erabiltzea. Hau honela, hitzaldian bertan apunteak jaso nituen eta une hartan bertan Sarean partekatu; gerora idatzitakoa zuzendu eta osatu egin nuen. Parte hartu nahi izan dutenek ere izan dute horretarako aukera eta emaitza honetara iritsi gara.

Horra hor, beraz, hitzaldi baten edukiaren berri izateko edukitzaile desberdinak… eta osagarriak.