Wikipedia, ikasteko baliabidea

Entziklopedia modura dugu ezagun Wikipedia. Hori ere bada, jakina; izan ere, halaxe definitzen dute bertan: “entziklopedia bat da, lankidetzaz editatua, eleanitza, Interneten argitaratua, Wikimedia Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundeak sustengatua”. Hala ere, beste hainbat proiektu ere badaude hari loturik.

Wikipediaren kalitatea jarri izan da sarritan kolokan, baina zenbait ikerketak duen maila altua frogatu dute ingelesezko bertsioan behintzat. Elkarlana da, azken finean, duen arlorik sendoenetako bat. Maila zientifikoan ere ez zen ontzat entziklopedia honi aipu egitea, nik dakidala, entziklopedia honi aipu egitea, ezta maila jakina duten eskolako lanetan, baina beste edozein entziklopediari buruz antzekoa gertatuko litzatekeelakoan nago.

Bestelakoa da erabilera arrunta: nork ez du kontsultatzen bere gailu mugikorretik, ordenagailutik… Are: ezizen modura ere baliatu ohi da, ustez denetarik dakien pertsona horri egokitzeko (bat dut nik gogoan). Kontsultatu bai baina beste upeleko sagardoa da parte hartzea… eta ez naiz proiektua diruz laguntzeaz ari. Irakurtzea ere prozesu aktiboa dela ulertzen da egun baina harago joateko modua ere badago, ezta?

Euskarako bertsioari dagokionez, bizi-bizi dago. 2001ko abenduaren 6an jarri zen abian Euskarazko Wikipedia, orduantxe egin baitzen lehendabiziko ekarpena. Garapen handia eta aldaketak izan ditu harrez geroztik. Azala bera urtarrilean berritu dute azken aldiz eta 360.000 sarrera baino gehiago dago honez gero. Erabiltzaileek dagoeneko sortutako atarien desberdinak badaude egun.

Eta azpimarratzeko beste kontu bat: Hezkuntza Atari bat dago. Honako hauekin egingo dugu topo bertan, besteak beste:

  • Online irakaskuntzarako dekalogo bat.
  • Jarduerak: artikulu bat idatzi, artikulu bat eztabaidatu, testu bat moldatu, testu bat grabatu, diagrama bat euskaratu, testu-iruzkinak, infografiak egin…
  • Liburuxkak: Wikipedia ikasgelan (gida praktikoa), Irakasleentzako oinarrizko azalpenak, Wikipedia ezagutu, Wikipedia irudiztatzen…
  • Bideo-tutorialak.
  • Wikipedian idazteko gidak.
  • Laguntza-orrialdeak.
Wikimedia Foundation / CC BY-SA (https://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0)

Laburbilduz: ikasteko modua ere badago era aktiboan parte hartuz. Bai; beste urrats bat emateko bidea badago irakurtzetik harago, ikasleak kontsumitzaile soil izan ez daitezen eta prosumirtuatzaile izatera iritsi, Héctor Ríos adiskideak eHIZPIDE aldizkarian proposatutakoari jarraikiz. Hemen ez da hitz berria; 2017ko irailean adierazi nizun legez, “jaso, ekoitzi eta partekatzen edota elkarri eragiten dion pertsona” da prosumirtuatzailea.

Ez zait poesia gustatzen

Sarreraren izenburua irakurrita ez dakit zer pentsatuko duzun, irakurle. Agian, izen bera duen Jabier Muguruzaren abestia entzutea izango da zuzenena; hitzak, Lourdes Oñederrarenak dira.

Ez zait gustatzen poesia
iruzur egiten duelako.
Esaten du “udaberriak loreak dakartza”
baina denboraren igarotzeaz ari da.
Edo, “joan zinenetik egunak kolorea galdu du”,
baina askotan da eguna urdin, zerua urre, zu gabe ere.
Gainera, ez zinen joan
hil egin zinen.
Ez zait gustatzen poesia
iruzur egiten duelako.
Esaten du neskak larroxak direla edo lili-loreak
baina badakigu ez garela inoiz loreak izan.
Ez zait gustatzen poesia
ezinak hitzez mozorrotzen dituelako

Izan ere, musikaren bidez iritsi nintzen eta hurbiltzen naiz sarri poesiara. Etxepare eta Aresti ezagutu nituen Oskorriren bitartez; Gotzon Aleman eta Walt Withman Txomin Artolarekin; Lauaxeta eta Lizardi Antton Valverderen ahotsean; Atxaga Ruper Ordorikaren abestiekin; hainbat eta hainbat Imanol Larzabalekin, zer esan Xabier Leteri buruz…

Ikasteaz eta irakasteaz ari garelarik,  Abel Camachoren bidez ikusi dut eskolan poesia lantzeko 10 arrazoi eta 10 proposamen azaltzen dituen sarrera bat. Horien artean musika daukagu, jakina.

10 razones y 10 propuestas para usar la poesía en el aula: https://t.co/lfKJrKrf6Z @tiching bidez

Eta Sarean pixkat kuxkuxeatzen, Bilbo Hiria irratian badagoela Poema bat kantatu dizut  izeneko saioa ikusi dut, berriz ere poesia eta musika uztartuta.

Eta poesia eta musika, musika eta poesia buruan ditudala, Rogelio Botanzen ahotsean Arestiren olerkia: “nire poesia oso merkea da…”