Gernika, 80 urte eta egun bat geroago

Ez da kontu berria gaur dakarkizudana. Luze hitz egin eta idatzi da egunotan Gernikaz eta 1937an bertan gertatutakoez. Deia blogosfera honetan ere izan du isla; besteak beste, gaiaz idatzi zuten atzo Bego Begiristainek eta Javier Vizcaínok. Ni, berriz, aspaldiko ekarpen xume bezain hunkigarri batekin natorkizu biharamunean, irakurle.

Izan ere, nerabezarotik daukat buruan. Behin baino gehiagotan kontatu dut (baita idatzi ere), Mikel Zarate izan genuela irakasle (agian, “maisu” esatea hobe) ikastetxean, BUPeko 1. mailako ikasle ginen hartan hain zuzen; eta bere gaia, teorian, “lengua española” bazen ere, beste hainbat irakasgai izan genuela bere eskutik. Hala, apirilaren 26 batean, klasearen hasieran eta artean ezer esan gabe, honako soneto hau idatzi zuen arbelean.

Zeus txikiaren haundi izan gura.
Agindu eroa. Indar frogantza.
Zezen hegalarien marruma dantza.
Infernua dator gure zerura.

Tximist lehertuen abiadura
haserre gorritan Gernikarantza…,
hasi da, hasi da hiri triskantza
eta garrasika dago mindura.

Garrasi larritan ama, umea,
aitaren gorputz hil buru gabea;
garrasika txori, lore, burdina,

harri, ohol, haize ta su irakina;
garrasiz herrien betiko lotsa,
askatasunaren betiko hotsa

Gernika, 1937
Iturria: https://de.wikipedia.org/wiki/Datei:Bundesarchiv_Bild_183-H25224,_Guernica,_Ruinen.jpg

Ea zer genekien Gernikako bonbardaketaz galdetu zigun geroago. Joan den mendean, 70ko hamarkadaren bukaeran, oker ez banabil.

Comenius

Batek baino gehiagok galdetu dit blogean dudan argazkiaren zergatiaz. Eta erraza da azalpena.

Badakizu nor izan zen Comenius edo Komensky? Wikipedian badu sarrera eta azalpena; besteak beste, “Pedagogiaren Aita” eta “Nazioen irakaslea” ezizenak eman izan zaizkio.

Orain dela urte batzuk, Praga bisitatu eta bere omenez eginiko museora joan ginen. Han ateratakoa da argazkia; aproposa ikasle eta irakasle batentzat, ezta? Hala pentsatu nuen behintzat.

Plazakoetxeko Etxebarria 1934-2014, mahai ingurua

Gaur, arratsaldeko zazpietan, mahai ingurua antolatu dute Galdakaoko Gandasegiko eskoletan; gaia, Karmelo Leizaola Ikastolako oroimen historikoa. Seguruenik gogoan izango duzu Karmelo Leizaolaz otsailean hitz egin genuela txoko honetan.

Nora Madariagak eginiko kartela

Josi Sierrak txio batean galdetu zuen ea hemengo lagunentzat interesgarria den. Ahal izanez gero, merezi duela uste dut.

Karmelo Leizaola ikastola: izan zirelako gara

Blogosfera auzo bat bezala irudikatzen da sarritan; eta auzokideak ere badaude bertan. Horietako bat da Josi Sierra. Bere burua honela aurkezten du: “ikasle nekaezina“. Eta bere bidez dator gaurko sarrera.

Azterketa aurretik Errepublika garaiko kontuekin zebilela, Historia ikastea merezi duen galdetu zidan lehengoan semeak. Nik baietz erantzun, besteak beste, horrela hobeto uler dezakeelako egungo egoera. Eta Historiarekin eta historiekin gabiltzala, Karmelo Leizaola ikastolarenarekin egin dut topo; 1934n sortu zen, orain dela 80 urte, alegia. Kontatu nizun ikastola bateko lehenengo belaunaldikoa naizela; hortaz, ez harritu historia horretara jakinminez hurbiltzea.

Karmelo Leizaola

Garai hartako bi protagonista nagusienetakoak aurkeztu dizkigu Josi Sierrak: Karmelo Leizaola, eskolari izena eman ziona, batetik; Monika Lekunberri, irakaslea, bestetik. Ea bizirik dauden garai hartako ikasleen testigantzak ere jasotzen dituen laster galdakaoztarrak.

Azken bitxikeria; eskola haren planoa. Izan ere, espazioen erabilerak argitzen du sarri eskola baten nolakotasuna.

Auzolana blogetik hartutakoa
Oharra: argazkiak Auzolana blogetik hartutakoak dira.