Ezustean Madrilen, Gabriel Aresti

Madrilen metroz ibili naizenetan, bagoien hormetan literatur testuekin egin izan dut topo: ipuin laburrak, testu luzeagoen zatiak, olerkiak… Hala ere, ezustekoa izan zen Gabriel Arestiren olerki bat ikustea bertan. Libros a la calle ekimenaren baitakoa izan da hori; hogeigarren urteurrena ospatzeko, gailegoz, katalanez eta euskaraz dauden testuak jarri dituzte beste batzuen artean (Blas de Otero bizkaitarrenaren bat, adibidez).

Ez dakit nork hautatu dituen, baina ezustekoa ere izan zen aukeratutakoa irakurtzea: “Nire aitaren etxea defendituko dut“. Olerkia horrela ikusteak, horma batean eta edonoren begiradatik hurbil, Arestiren beraren beste hitz batzuk gogorarazi zizkidan, Rogelio Botanzi entzunak:

“nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari”

Herrien, hizkuntzen, hiztunen elkarbizitzarako urrats txiki bezain garrantzitsuak izan daitezkeelakoan nago: bestearen ezagutu, balioetsi, gozatu… Testua webgunetik ere jaitsi liteke. Dena den, eta mezu batez aldatzeko eskatu nien arren, “Gabriela Resti” agertzen da egile gisa aipatu webgunean.

Helduen euskalduntzearen 17/18 ikasturtearen hasiera-ekitaldiak

Bi izango dira helduen euskalduntzearen 17/18 ikasturtearen hasiera-ekitaldiak bihar, ikasturte berriari ongietorria egiteko eta matrikulazio-kanpainak sustatzeko asmoz. Bilbon antolatu du HABEk Euskal Erkidego Autonomokoa;  Nafarroako Foru-Erkidegokoa, berriz, Iruñean Euskarabideak.

Christian Puren izango da Bilbon hizlari; ni neu Iruñean. Bai, halaxe da adiskide hori; ondo irakurri duzu. “Hamaika aukera eskaintzen duen itsasoa” izango da nirearen izenburua. Hona hemen laburpena:

Irakaskuntzaren esparru zabalean –eta, ondorioz hizkuntzen ikas-irakaskuntzan–, irakasle zein ikasleentzat hamaika aukera eskaintzen duen itsasotzat hartu ahal dira teknologiak, oro har, eta horien artean, Internet. Aukera horiek baliatzen jakitea eta gaitasun digitalaren jabe izatea da erronka; areago oraindik, eskakizuna ere izan liteke gizarte honetan. Ikuspegi horretatik, norbere ikas-alorraz (NIAz) zein hori lantzeko garrantziaz jabetzea izan daiteke oinarri sendoa garapen profesionalerako. Testuinguru honetan, ikasgela ezezik irakasle-gela ere gainditzen dute ikasteak eta irakasteak. Hitzaldian erreminta batzuk aurkeztu eta iruzkinduko diren arren, kultura eta pertsonen jardunaren azpian dauden baloreak dira oinarrizkoak, eta ez erreminta jakinak. Hau guztia kontuan hartuta, ziberkomunitateena izan daiteke bizitza osoan zehar ikasteko bideetako bat; parte hartzeari eta partekatzeari erreparatu beharko zaio, beraz. Bestela esanda, Sarean eta sareetan pertsona kontsumitzaile huts izatetik prosumirtuatzaile izatera heltzea da funtsezkoa: jaso, ekoitzi eta partekatzen edota elkarri eragiten dion pertsona. Azkenik, Irakasbil ekimena aurkeztuko da; hau da berorren helburu nagusia: helduen euskara-irakaslearen garapen profesionala sustatzea, bere NIAren atal garrantzitsua izanik.

Nire sare pertsonalean dauden hainbat kide agertuko dira aurkezpenean. Traola bat ere proposatu dugu hala nahi duten txiolariek erabil dezaten: #irek1718na (17/18 ikasturtearen irekitze-ekitaldia Nafarroan laburtu nahiko lukeena).

Iruñeatik agertzen bazara, hurbildu agurtzera. Joaterik ez baduzu, saiatuko naiz Sarearen bidez berri zabalagoa ematen.

 

Euskaldunok haserre?

“Egunones Aitas. Mese, hoy quiero ir a jaias de Bilbo. Eskerrik. Agures”

Honelako balizko mezu batek euskaldun bat amorraraz lezakeelakoan nago, Facebooken nire ezagunen (esparru horretan lagunen) artean izandako elkarrizketa bati erreparatuz gero. Lehenengo ezaguna, gazteleraz idatzitako prentsa-zutabe bateko “egunones” bat zela-eta agertu zen kexu. Gainontzekoak, hurrengo iruzkinetan agertu ziren.

Areago oraindik. “Taliban” deitu zidan” beste ezagun/lagun batek esparru berean, ditxosozko “eskerrik” hori zuzendu eta gero (argi dago ez duela irakurri apirilean idatzi nuen sarrera: “‘eskerrik’ ez, eskerrik asko” ).  Ea ez dudan mezuetan laburtzen erantzun zidan, SMS edo WhatsAppekoetan, esaterako. Aspaldi egindako ikerketa batean aurkitu nuen bezala, irakasleek txatetan zuzen idazteko joera zutela baieztatzen zen. Eta, ematen dit, neu ere joera horretakoa naizela normalean. Arestian aipatutako ezagun horri adierazi nionez, laburtzekotan, hedatzen ari zaigun “eskerrik” horren ordez, “eskask” izan zaitekeen, karaktere bat gutxiagorekin gainera.

“Aitas” hori ere bitxia dela ezin uka. “Gurasoz” balitz, akaso. Eta jakin badakit familia-eredu tradizionalak aldatzen ari direla, baina, ez dut uste “aitas” hori horrelako egoera “berri” bati erantzutera datorrenik, ezta?

Laburbilduz. Neu naiz, errekurtso gisa, hizkuntzen arteko nahasketa egiten dudanetako bat. Baina testuinguruak ez dira ahaztu behar, eta horiei egokitu gure hizkuntz-jarduna. Eta, berretsi egiten dizut,  amorru handiz irakurtzen eta entzuten ditut “eskerrik” bezalakoak ikuspegi horretatik.

“nena plorant y cridant” Llucia2012 Flickr-en, CC lizentziapean

Eta horretan nenbilela, hara non irakurtzen dudan gaurko Deian, titular batean, “Alkate, dos cañas y un txakoli, mesedez”.

“Eskerrik” ez, eskerrik asko

Adinaren eraginez, edo, badaude nire senetik ateratzen nauten kontuek. Horietako batzuk, hizkuntzarekin dute zerikusia. Eta badago zerrendan puntan-puntan dagoena: “Eskerrik” entzutea.

Ez omen da oraingo kontua. Bada urte eta piku Xabier Euzkitzek horri buruz idatzi zuela Noticias de Gipuzkoan. Duela gutxi, Labayru Fundazioaren txio bat irakurri nuen gai beraren inguruan, eta birtxiokatu ere egin nuen.

Inoiz beste erantzun bitxi bat ere jaso dut: “eskerrak”. Ez eskerrak eman, ez, eskerrak soilik. Eta hori, niretzat behintzat, beste zerbait da.

dead cat Flickr-en, CC lizentziapean

“Eskerrik” horren harira pasadizo bat. Banengoen behin auzoko supermerkatu batean. Kutxan zegoen neskak “eskerrik” esan zion nire aurretik zihoan bezeroari. Ezin isilik egon eta neskari adierazi nion “eskerrik asko” behar zuela, ez eskerrik. Berak, berriz, bereizketa egin zidan seguru-seguru: “eskerrik es gracias; eskerrik asko, muchas gracias”. Horrela ez zela azaldu arren, berak ezetz eta ezetz. Nire atzetik zihoan ezagunak, ostera, niri kasu egiteko, ia-ia Euskaltzaindikoa nintzela [bide batez, adieraziko dizut bizitza osoan behin jaso dudala  “Iñaki Murua-Euskaltzaindia” jartzen zuen fax bat]

Zerrendan badut ernegatzen nauen beste bat: “agures”.

Eta zuk? Baduzu ernegatzen zaituenik? Ados, euskaraz hitz egiten denean mugagabea eta erlatiboa gaizki erabiltzen direla sumatzeak ere bai, ezta?

Euskal blogosfera eta blogariak, osasuntsu?

Joan den astean egin zen Blogetan. Euskal blogarien bigarren topaketa. Azkue Fundazioak, antolatzaileetako batek alegia, gertatutakoa kontatu du sarrera batean. Dabid Martinezek eta Marijo Deograciasek ere hausnarketak eta laburpenak sareratu dituzte. Beste bide bat ere badugu: #blogetan traolari erreparatzea.

Egia esan, ez dut neure burua guztiz islatuta ikusten Azkue Fundazioak egindako inkestaren ondorioetan; maiztasunez idazten saiatzen bainaiz (eta galdeketa erantzun nuen “gutxi” horien artean banagoela aitortu behar). Hala ere, ondorioztatu duten bezala, badut alderdi teknikoan (gaitasun digitalean nahi baduzu) zer hobetua. Are, horrelakorik esaterik badago, blogarien eskola zaharrekoa naizela konturatu naiz jardunaldian, nire sarreretan idatzia izaten baita nagusi. Dena den, ez ahaztu zein den blog honen izenburua.

Bestalde, badago auzi bat , “euskal” adjektiboa agertzen denetan. Aspaldi idatzi nuen bezala (2008an eta 2013an), Imanolen “nire euskaltasuna” datorkit gogora, baita Hibai Rekondoren “nor da euskaldun” abestia ere. Beste adibide bat: blogosferako auzotxo honetan, Ugaitz Zabalak ere idatzi zuen gaiaz: Nor da euskaldun? Zer da euskaldun izatea?

Azkenik, “Euskal blogen aldeko manifestua” plazaratu duela Patxi Gaztelumendik aipatu. Besteak beste, nire ohituretako bat (hau ere ohitura zaharra ote? edo blogari zaharren ohitura?) azaltzen da bertan: besteen blogak irakurri eta iruzkinak idatzi. Gogoan ere badut, “bloga bloga mariñela” aldarrikatuz bukatu zuela Mikel Iturriak Euskadi Irratiko Hiri gorrian programan egindako elkarrizketa. Hala bedi!