Agur esaten ere ikasi behar

… eta ez dakit inon irakasten den. Edota erakutsi ere egiten den. Gure inguruan, heriotzak -eta maila apalagoan, agurrak- ezkutatu egiten direla ematen dit. Baina hor daude. Bizitzarekin batera, ezinbestean.

Neure kasuan azken egunotan hausnartzeko beta izan dut. Halaber, heriotza hurbil sumatzean, bizitzak -gure artean behinik behin- baduela azkenik nabaritzeak heldu egin ditu gure seme-alabak; berez, gorputzez hazi direnak, beste errealitate batzuk ikusi eta ulertzeko bidea egin dutelakoan nago. Ume izatetik heldu izatera egiten den bidean dagoen igarobidea, nolabait esateko.

Gaizki ulertu zuela adiskide batek uste nuen, egun luze-luzeak bizi nituela adierazi nuenean -hustu beharra nuen, zinez, era laburrean izan arren- eta berak disfrutatzeko erantzun zidanean. Ez, ordea; sumatu zuen  zertaz ari nintzen, eta egoerarik latzenean ere badagoela alderdi onik ulertarazi zidan. Gutxi gora behera, Xabier Amurizak idatzi eta Imanol Larzabalek kantatu bezala, mundua ez delako beti jai, inoiz tristea ere bai, baina badirelako mila motibo alai kantatzeko.

“El Almacén de Fotografías Libres” webgunetik hartutako argazkia

Eta, honelako ikasketak, ez dut uste planifikaturiko curriculatan agertzen edo agertuko direnik. Beharbada, horretarako denborarik ere ez. Nahiz eta ikasi behar diren, heldu izateko bidesaria direlako seguruenik.

Kopiatzearen inguruan

Irakasleek ere kopiatzen dutela irakurri nuen duela gutxi [Enlace roto.]. Itzulpena nirea izan arren, badakigu ere horren kokapenak eransten diola esanahirik euskaraz, alegia, ikasleen antzera jokatzen dutela horrela jarrita-beste kontu bat litzateke “kopiatu ere egiten dutela” esango bagenu, ezta?-. Badirudi kopiatzeko gaitasuna (eta harrapatua ez izatearena) ikasle bati jakintzat ematen zaiola. Areago oraindik; puri-purian dauden MOOC horietako baten berri izan dut, non online ikastaroetan kopiatzea landuko duten, eta ulertzen saiatuko.

Egunkariko berrian Lorena Fernandezek esandakoekin bat nator -egia ere bada sarri nagoela ados basauritar argi honekin- Kopiatzen bada agindutako zeregina edo azpian dagoena da funtsezkoa. Gogoan dut BUPeko historia-irakasleak azterketa aurretik aukera bikoitza eman zigunean: ohiko azterketa egitea ala testu bat iruzkindu nahi genuen material guztia baliatuta, testu-liburua barne. Ez zara harrituko argitzen badizut lehenengo aukera izan zela ia aho batez hautaturikoa.

Terry Paton Flickr-en (CC lizentziapean)

Halaber, kultura, usteak eta baloreak daude oinarrian. Mesfidantza giroan bat engainatzen saiatuko da eta bestea harrapatzen, amarrua agerian uzten; seguruenik, horixe da azterketa “klasiko” horien irudirik hedatuenetakoa. Kopiatu, edo saiatu, ez delako egungo fenomenoa.

Azkenik, badaude kopiatzearen alde egiten dutenak. Kopiatu eta hobetu, egindakoa partekatu kopiatua eta zabaldua izan dadin. Horretarako eskubideez hurrengo batean jardungo dugu. Testu zientifikoetan besteen ekarpenak ondo aipatzea ondo baloratzen da, behinik behin.

 

 

 

Euskara jolaslekuan ez (eta hortik kanpo?)

Aurreko astean futbolaren esparrua aipatzen genuen. Gaur, berriz, ikasgelak eta jolaslekuak hartuko ditugu behatokitzat euskararen erabilerarako. Izan ere, jaso berri ditudan Euskararen Berripaperaren 225. zenbakian eta Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 80. zenbakian izan dut Arrue proiektuaren eta berorren emaitzen berri*. “Ikasleen eskola-giroko hizkuntza-erabilera ikertzeko lan-ildo bat da” proiektu hau eta “Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleek euskara nola eta zenbat erabiltzen duten jaso du” .  Dena den,  onartu behar ez dela azken orduko berria eta urtarrilean oharkabean pasatu zitzaidala ([Enlace roto.])

Arrazoiak arrazoi, nire susmoak baieztatzera dator ikerketa; are, egoera uste nuena baino eskasagoa dela ematen dit. Eskoletan, gaztelera nagusitzen da aztertutako bi mailetako ikasleen gelaz kanpoko harremanetan; beraz, pentsatzekoa da eskola eremutik at joera areagotu egingo dela. Eta kezkatzeko beste puntu bat: maila altuagoan, klasean ere nagusitzen da gaztelera, nahiz eta euskara erabili irakasleengana zuzentzeko.

Euskara, eskola eta umeekin lotzen bada, gaizki goaz nire ustez: aspaldiko garaietan bezala, funtsezko kontuetan ganoraz aritzeko, diruaz esaterako, gaztelania (edo ingelesa orain, aukalo) Baina, aspaldi idatzi nuen bezala, ez dut museo batean bukatu nahi.

deia.com-en ateratako argazkia

*Arrue proiektuari buruz berri zabalagoa izan nahi baduzu:

Futbolean euskaraz?

Ekin diezaiogun berriz hizkuntzen ikas-irakaskuntzaren gaiari. Gaurkoan, kirolarekin nahasian.

Azken urteotan ofizialduagoa dago, nolabait esateko, euskararen erabileraren sustapena futbolaren oinarrizko mailetan –ofizialduago diot, batzuk, behintzat, beti saiatu izan garelako gaztetxoekin horrela mintzatzen aukera izan dugunetan–. Esate baterako,  Futbola oinarritik euskaraz liburuaren argitalpenaren berri eman zen [Enlace roto.] eta izan bereko ekitaldiaren III. edizioa egin da berriki (Itzarri Consultingen webgunean agertutako berria). Areago, 2012an, argitalpenaren eta ekimenaren aurkezpena egitean honela esaten zen Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean helburuaz:

“futbolean entrenatzen diren milaka ume eta gazteei euskaraz egiteko aukera eskaintzea [da xedea], gai horretan prestakuntza espezifikoa duten entrenatzaileekin”

Edonola ere, duela gutxi ikus-entzundako pasadizoa dakarkizut, irakurle. Agian, garrantzia gabekotzat jo daitekeena, baina adierazgarria nire ustez.

deia.com-en ateratako argazkia

Kadete-mailako partida; 14-16 urteko jokalariak, hortaz. Bizkaian, Bilbotik hurbil. Une batean, jokalari batek epaileari bukatzeko zenbat denbora falta den galdetu, euskaraz; honek,  hamahiru erantzun. Eta orduan, beste taldeko jokalari batek “habla en español, que no entiendo. ¿Qué has dicho? ¿Trece?” Zur eta lur; epailea bera ere bai. Ikusleetako batek esan zuenez, gutxienez A ereduan arituko da bigarren jokalari hori.  Hamaika ikusteko jaioak gara… eta ez naiz jokalari kopuruaz ari.

 

Hizkuntzak ikasteaz

Aste Santua igaro orduko udari begira jartzen da asko.  Eta ez dakit moda den, beharra den, familia-kontziliaziorako bideetako bat den… baina hizkuntzak ikastea egoten da maiz planen baitan. Ez da oraingo kontua: esate baterako, [Enlace roto.], Gazteen Euskal Behatokiaren arabera lautik bat joana zen atzerrira hizkuntza ikastera (argitalpena zehatzago ikusi nahi baduzu, erakundearen webgunean bertan duzu eskura) Honi lotuta, kanpoan ikaste hori murriztu egingo zela [Enlace roto.].

Juan Lazkanoren argazkia Deian

Hizkuntzarekiko harremana ezinbestekoa dela ez dut ukatuko. Eleaniztasuna ezinbestekoa ere ei da… ama-hizkuntza ingelesa dutenentzat izan ezik, antza. Baina kontuan izan beharreko aldagai ugari dago, metodorik “onena” ez dagoen bezalaxe. Interesak eta negozioa ere badaude atzerrira horren atzetik. Eta doanaren helburuak eta heldutasun-maila; beti ez omen da ikasteko grina nagusi. Eta ez da merkea.

Pasadizoaren tartea –agian, hiri-legenda– Behin esan zidatenez, soldaduskan, Afrikan eta liburu batean oinarritua ikasi zuen batek euskara; alabaina, ez nioke inori bide hau gomendatuko.

Eta azken hausnarketarena: kanpokoaren laguntza behar denean, zer ari gara egiten hizkuntza formalean?  Gizartean beste jauzi bat sortarazten, akaso? Izan ere, ikastetxe batzuetan edozer eginda ere menperatu egingo dute ikasleek bigarren –ala hirugarren– hizkuntza hori, ezta?