Formala eta informala

Iñaki Irigoieni egindako elkarrizketa irakurri nuen [Enlace roto.]. Eta nire txoko nagusian, Botxotik ziberespazioran alegia, egin nuean hausnarketetako bat gogorazi zidan. Bertan idatzitakoa dakarkizut gaurkoan, oraindik ere freskotasuna galdu ez duelakoan.


 

Josu Orberen argazkia Flickr-en

Ikaskuntza formaletik informalera doan continuumean, egun haurrak eta gaztetxoak formalaren muturrerantz eramateko joera edo tentazioa dagoela ematen dit. Adibide gisa, eskolaz kanpoko jardueren pisua handitu egin da zalantzarik gabe azken boladan. Eta honen arira ulertzen dut berriki Patxi Labordaren hausnarketa; dantza-maisu eta Aiko taldeko kidea dugu, besteak beste, iruñar hau.

 Deiaren Ortzadar kultur eranskinean plazaratu zuen bere ikuspegia urtarrilaren 14an “haurrak, haurrak ederrak” izenburupean argitaratutako zutabean. Bertan azaltzen du semetxoaren kasua, zergatik ez duen dantza taldera bidali eta bere ustez nola ikasten eta ikasiko duen (eta Patxi ezagututa seguruenik halaxe izango da, aita-seme betiko tirabirak beste norabait eramaten ez badu ); are, tradizioz nola ikasi den. Laburbilduz, euskal esaera zaharrak ere halaxe dio: zer ikusi, hura ikasi.

 Zilegi bekit horren itzulpena egitea: semeak irakurtzeko gurasoak irakurtzen ikustea izango da bide aparta, kirolean kiroltasunez aritzeko gurasoak hooliganak ez izatea, eta abar. Eskolak (eta eskolaz kanpokoak) ezin izango dio guztiari erantzun.


Eguneratzea:

Helduok ere bizitza osoan ikasten segitzen dugu; batzuk eta batzuetan era formalizatuagoan gainera.

Gazteen emantzipazioa

Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatu nahi duela irakurri nuen [Enlace roto.] (estatistikari erreparartu nahi badiozu, hona hemen Gazteen Euskal Behatokiak eskainitako datuak). Sekula baino prestatuago omen dugu gazteria, arlo teorikoetan behinik behin (ikus, esaterako, [Enlace roto.]). Baina etorkizuna ilun samarra, oro har.  Areago oraindik, gainkostu bi sumatzen ditut, gutxienez, gizartearentzat.

Oskar Martínezek DEIAn ateratako argazkia

Gainprestakuntza hasteko, alegia, behar dena baino gehiago estudiatzea, eta ustez, nahi baino sarriegi noraezean ibilita. Hala eta guztiz ere, utz dezadan argi aurrera jo eta kritikak entzun aurretik, aurrerapauso handia dela nire ustez derrigorrezko heziketa luzatu zein unibertsitateko ateak ireki izana, baita bizitza osoan ikastearen beharra ere. Baina, adibidez, ingeniaritza ikasi eta gero paddle irakasle izan, ez dakit ba.

Aurrekoaz gain, hemen prestatu pertsonak gero atzerrira joateko. Esanguratsua; gerora begira japoniera ikasten ari zela entzun nion lehengoan ingeniarigai bati, hemen etorkizun beltza ikusten baitu.  Gertakari honek gainera kalte itzela egingo digu bihar-etzi, Ameriketan ere txakurrak ortozik dabiltzala ahaztu gabe –eta Alemanian ere bai, eta Japonian–

Lanbide Heziketa izango da irtenbidea, [Enlace roto.]? Unibertsitatean karrera batzuetan postuak mugatzen badira ([Enlace roto.]) nork izango du nahi duen hori ikasteko aukera (betikoek seguru)? Zalantzak ugari, lagun hori, eta irtenbide errazik ez, momentuz.

 

Legeak eta curriculak

Asaldaturik dago gizartea Wert legea dela eta: [Enlace roto.], [Enlace roto.], Deian bertan [Enlace roto.] esaterako… Twitterren horretaz idazten dena ere irakur daiteke; aldeko askorik ez, egia esan. Legeak gora behera, azpiko curriculum edo curriculum ezkutuaz  pentsatzen hasi naiz, alegia, ofizialean jasota egon ez arren berariaz zein nahi gabe ikasten dena.

Ikasten ari nintzela irakurri behar izan nuen liburu bat gogoan dut; Jacksonen “la vida en las aulas“. Bera omen da kontzeptu hori lehendabiziko aldiz plazaratu zuena.

Liburuan, besteak beste,  itxoitea dela eskolan ikasten den lehenengoetakoa dio: itxoin sartzeko, itxoin irteteko, itxoin hitz egiteko, itxoin irakaslearen atzeraelikadura jasotzeko, itxoin guraizeak erabiltzeko, itxoin… Eta hau ez dago curricula ofizialetan idatzita, neuk dakidala behintzat.


Oharra: guk proposaturiko azpiko kurrikulua itzulpenak ez omen du arrakasta handirik lortu; Googlen bilatu eta nire 2008ko erreferentzia baino ez  zait agertu.

Gailu mugikorrak

MLW burutu du UNESCOk Otsailaren 18tik 22, alegia, Mobile Learning Week. Mobile learning, edo gailu mugikorren bidezko ikaskuntza. Izan ere, guztiontzako hezkuntzarako ekarpen garrantzitsua dela uste da,  hurrengoekin lotuta: sarbidea hedatzearekin, kalitatearekin eta berdintasunarekin. Mar Camacho kidea ere ibili da bertatik.

Egia esan, ez da erabat berria m-learning honen kontua. Esate baterako,  duela pare bat urte galdetzen nuen euskaraz nola esan. Baina ematen dit eguneroko jardunak ez daudela, oro har, horren hurbil. Eta ez, hain zuzen, Deian ez dudalako aurkitu horren inguruko albisterik (bai, ordea, [Enlace roto.])

Jon Bustillok izenburukoaren ildotiko galdera bota zuen orain dela hilabete batzuk. Nire ustez, sarritan horrelako gailuak, telefonoak nagusiki, mehatxutzat hartzen dira maila guztietako ikastetxeetan, eta ez aukera gisa. Berriki argitara emandako lan eta esperientziek (honatx adibide bat) bide berriak urratu beharko liratekeela ematen dute aditzera, UNESCOk mahaigaineratutakoari jarraiki.  Bitartean, ez legoke gaizki barne araudietan ikuspegi horri tokia ematen hastea; hona hemen tajuzkoa iruditzen zaidan gazteleraz eginiko proposamen bat.

 

 

Etxerako lanen inguruan

Bilboko Udalaren ekimen baten berri izan dut. Irakurri dudana baino ez dakidala aurreratuko dut, beraz ez ditut ezagutzen ez mamia ez arduradun zuzena. Euskaraz ez dakiten gurasoei zuzenduriko tailerrez ari naiz; etxerako lanetan  laguntza emateko aholkuak eskaintzen zaizkie eta  “[Enlace roto.]ekimen orokorragoaren baitakoak dira.

Alabaina,  ez da hizkuntzari buruzkoa nire hausnarketa, seme-alabei etxerako lanetan laguntzea zer den baino. Egia esan, sarri entzun ohi zaie gurasoei seme-alabekin batera egiten dituztela horrelako zereginak edota etxera doazela umeek horiek egin ditzaten. Horrez gain, dena delako “laguntza” horrek noiz arte iraun behar duen mintzagai izan genezake.

Urrutiago noa; bidegabekeria deritzot etxerako lan izena ematen zaion askori. Ikaslearen testuingurua eta dituen baldintzak/aukera funtsezkoak dira gainera. Adibide bat. Eman dezagun horrelako egoera bat ematen dela: “begira ezazu etxean Interneten…” Eta ez badauka? Gutxi izango dira horrelako egoeran daudenak agian (tira, Eustaten estatistiken arabera, 2012an %40tik gora zegoen kopuru hori)  baina desberdintasunak areagotzeko modua delakoan nago. Gurasoen “laguntza” horrekin gerta litekeen bezalaxe.

deia.com-en ateratako argazkia

Hemen duzu orain dela hiru urte eman nuen ikuspegia; iritzia ez da aldatu. Halaber, berri-berria ez bada ere eta gazteleraz izan arren, José Manuel Sánchez Galánek idatzitako sarrera hau interesgarri suerta dakizuke: 10 verdades acerca de los deberes (o 10 razones para dejar de mandar deberes)

Eta nola ikusten duzu zeuk? Iritzia partekatu nahi?