Ebaluazioaren alfabetoa

Joan den astean, Miguel Angel Santos Guerraren hitzaldi bat aipatu nizun. Eta bertan esandakoak ez zitzaizkidala, nagusiki, arrotz egin. Izan ere, joan den mendearen bukaera aldera, berak idatzitako asko irakurri nituen, garai hartan egiten nituen lanagatik eta ikasketengatik batik bat.

Hala, Ebaluazioaren alfabetoa izeneko artikulua idaztea erabaki genuen Luis Mari Txabarrik eta biok. Artikulu hori, Hizpide aldizkariaren 42. zenbakian argitaratu zen. Bibliografian, aipaturiko irakaslearen erreferentzia ugari dago.

Honela hasten da artikulua:

Pertsiako kondaira batek dioenez, jainkoek hasieran banatu egin omen zuten egia, gizabanakoei zati bana emanez. Egia osatu, bakoitzak berea ekarriz osatuko da. Hala, txanpon beraren bi aldeak dira egia eta ekarria.

Wessex Archaeology-ren argazkia Flickr-en

1998koa den arren, oraindik badu interesik nire ustez. Osorik irakurri nahi baduzu, eskura duzu Sarean.

Hitzaldi baten edukia… eta edukitzailea

Duela ia hilabete, Barakaldon Miguel Angel Santos Guerraren hitzaldi batera joan nintzen. Ez zen irakasle hau entzuten nuen lehenengo aldia; are, idazle oparo honen liburuak, eta idazlanak oro har, aspaldi hasi nintzen irakurtzen eta gaur egun ere irakurtzen ditut. Esate baterako, larunbatero El Adarve deritzon esparruan argitaratzen du –baina ez nuke esango blogaria denik, horri blog esaten dioten arren; egunkarietako blogei buruzko iritzia plazaratu dut dagoeneko–. Esan zituen gehienak ez ziren niretzat berriak izan; edonola ere, hizlari trebea da eta gustura entzuten den horietakoa.

Egun, aukera dexente dago batek esandakoak jaso eta plazaratzeko. Bat, adibidez, bideoz grabatu eta igotzea da; halaxe egin zuen Mikel Agirregabiriak eta geroago Josi Sierrak, Berritzegune Nagusiaren kanalean zintzilikatuta. Beste aukera bat, Storify erabiltzea, Berta Martinezek egin zuen bezala.

Nik, aldiz, beste bat baliatu nuen, Hizpideren 80. zenbakian argitaraturiko Guillermo Gómezen  artikuluan proposatutakoari jarraiki: google drive erabiltzea. Hau honela, hitzaldian bertan apunteak jaso nituen eta une hartan bertan Sarean partekatu; gerora idatzitakoa zuzendu eta osatu egin nuen. Parte hartu nahi izan dutenek ere izan dute horretarako aukera eta emaitza honetara iritsi gara.

Horra hor, beraz, hitzaldi baten edukiaren berri izateko edukitzaile desberdinak… eta osagarriak.

Gaurko hitzaren 5. urteurrena

Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez, bost urtez, egunez egun, ekimen bati ekitea. Are aipagarriagoa, nire ustez, helburua erakustea eta irakastea denean. Eta hor dugu Maite Goñi Gaurko hitzarekin.

Gaurko hitzak, gainera, baditu bere spin-offak; jokoa edo hitza-pasa, esate baterako. Eta antzeko norabidea duen Esaera jatorrak esparrua, adibidez.

Era desberdinetan ospatu ditu orain arte urteurrenak Maitek. Esate baterako, bigarrenean, bideoak egiteko proposatu zigun. Eta askok, erantzun; ehun inguruk. Neu ere “engainatu” ninduela onartu behar. Begira begira.

Hirugarrena, itzela izan zen: lagunen bilera Donostian. Far westetik ere abiatu ginen, argazkian ikusten den bezala.

Laugarrena “xumeagoa” izan zen. Eta bosgarrena? Abian dabil egunotan; begiratu twitterren #gaurkohitza5 traola.

Oraingoan ere hartu dut parte. Honela

Pinterest gunean bildu ditu argazki guztiak.

Dena den, ez da Maite Goñik egiten duen kontu bakarra, ez horixe. Izan ere, hiri-legenda baten arabera, ezinezkoa denez berak beste gauza egitea eta dagoen toki guztietan egotea, bere itxura handia duten Goñiki izenko panpin batzuk ei daude hortik zehar barreiaturik funtzio horiek betetzen.

Zorionak eta aurrera!

Euskara akademikoa VS kaleko euskara (Oihan Vega)

Eta gaurkoan, joan den astean idatzitakoari erantzuna Oihan Vegak.


Iñaki Muruak bertsoak aipatu dituenez, nik ere bertsolarien antzera, berak esandako esaldi bati egingo diot tira: “Ez al da egoera a-normala hizkuntza informala era formalizatuan irakatsi beharra?”

Tamalez a-normala guztiz. Erabat ados. Anormala baita euskararen egoera Euskal Herrian, hori da kontua. Batik bat gazteei dagokienez;  0-18 urte bitarteko ikasleen % 93k dakiela euskaraz hitz egiten diote datuek, baina soilik % 33k hitz egiten duela euskaraz kalean (iturria: EJ eta Euskaltzaindiaren ikerketa EAEn 2011) Alegia, euskaraz dakiten hiru euskaldunetik bik gazteleraz hitz egiten dute egunero. Argi dago, zonaldearen arabera asko aldatzen dela joera hori, ez baita gauza bera Abaltzisketako mendi puntako eskola txiki batean edo Barakaldoko institutuan topatuko dugun egoera. Baina oro har, euskarak arazo larria du: zenbait gauza adierazterako orduan ez gara gai, behar bezala, era naturalean, euskaraz esateko. Eta horrek gure kulturan ondorioak izango ditu, ezbairik gabe.

Sexu kontuez aritu ginen eztabaidan era umoretsuan, baita irainen inguruan ere. Nork daki euskaraz behar bezala iraintzen? Zenbat gaztek laidotzen diote elkarri euskaraz? Joseba Aurkenerena, Covadonga Garcia eta Jon Zelaia irakasleek ‘Irainka’ Euskal Irainen Bilduma ere kaleratu behar izan zuten (Gero argitaletxea) euren ikasleei kaleko ele txarrak irakasteko asmoz. Euskara irakasleak irainak irakasten! Hori baino gauza anormalagorik… Baina beharrezkoa guztiz, zoritxarrez.

Gaurko Hitzan argitaratua, Pernan Goñik egina

Gauza bera gertatzen zaigu euskarazko pelikulekin, eta datu batek adierazten du gure hizkuntzaren ezohiko egoera hori: ETB-1en, film bat ematen dutenean audientzia ez da %2ra ere iristen; pelikula BERBERA ETB-2n gazteleraz emititzen denean, aldiz, %12-15ko audientzia izaten du. Seikoiztu egiten da ikus-entzuleen kopurua, eta hori ez dator bat euskal hiztunen ehunekoarekin. Ohitura kontua da? Informazio falta? Erabilera urriaren ondorioetako bat? Ea nor ausartzen den arrazoi zehatza topatzen. Are gehiago, ea nor ausartzen den konponbidea aurkitzen. Horra hor gakoa.

Hezkuntza-sistema begirada batez

Zer da infografia bat? Agian, ezagutuko duzu hitza edota, zirikatzearren, Bécquerren olerkian bezala erantzuteko tentazioa sortu zaizu (“eta zeuk galdetzen didazu?…)  Badaezpada, izenak argi utzi ez badu (info + grafia)  hona hemen pare bat definizio:

  • Harluxet hiztegian: Informatikak irudiak sortu eta tratatzeko erabiltzen duen teknika (honen arabera, infograma da irudia, teknika horren bidez eginikoa alegia)
  • Gazteaukerak dioena (eta bide batez horrelakoak egiteko tresna batzuren aipamena): Infografiak informazioa bisualki aurkezteko sortu ziren: datuak, albisteak zein gertaerak era sintetikoan eta grafikoan laburbilduz. Era horretan errazago ulertzen ditugu edukiak.

Laburbilduz, irudia, ikusiz erraz ulertzeko bidea ematen duen irudia edo irudi-bilduma. Gero eta ugariagoak ditugu -nahiz eta beti argigarriak diren zalantzazkoa izan-.

Hala, Espainiako hezkuntza-sistemari buruzko infografia batekin egin dut topo. Alazne Gonzalezek egina da (gehiago ere baditu), eta bere baimenaz dakarkizut hona.  Hau, argigarria delakoan nago, hainbeste bide eta izen-aldaketarekin ez delako erraza zer estudiatzen den eta zein bide egiten den jakitea… hezkuntza-sistema egituratua eta formalean, behintzat.