Interneten idaztea eta hezkuntzaren esparruko blogak

Abuztuan Felipe Zayas-en berri eman nizun hemen. Orduan adierazi nizun bezala, irailean berriz hurbildu zen guregana. Eta halaxe izan zen. Honekin batera duzu berak Interneten idazteaz eta hezkuntza esparruko blogez aurkeztutakoa.

http://www.slideshare.net/felipezayas/escribir-en-internet-blogs-educativos

 

Hori bai, ez zuen hau aipatu 😉

Aurrera begira, zer?

Urtea bukatzen den honetan blog honi erreparatu nahi diot, irakurle lagun hori. Kontraesankorrak diruditen bi konturekin natorkizu.

Alde batetik, eta ia urte beteko ibilbidea betetzear dagoenean, lehiaketa batera aurkeztu da “Ikasle eta irakasle” hau. Azkue Fundazioak eta Argiak antolatutako Blogetan deritzonera, hain zuzen. Argi dago bertan aurrera egingo badu, zeure laguntza eta botoak ezinbestekoak izango zaizkiola.

Bestetik, eta hamaika hilabete pasatu direnean –argi dezadan kasu honetan hamaika horrek ez duela asko esanahia hartzen; zenbakia bere horretan, besterik ez– guneko arduradun nagusiak rara avis, hotsberezia naizela esaten dit: euskaraz argitaratzen dut Deiaren blogosferan eta ez maiztasun handiegiz –honekin ez nator bat, astean behin, zintzo-zintzo–. Hortaz, bisitariak gutxi direla –zaretela–, nahiz eta batek baino gehiagok esan –aurrez aurre– ikusi duela bloga; are, euskara askorik ez dakien aspaldiko ezagun batek nik hemen idatzitakoa irakurtzen saiatzen dela esan zidan orain dela gutxi. Iruzkinena… begien bistakoa da.

Laburbilduz, geroa definitu beharko laster. Eta, bakarrik baino, nahiago bidaide hurbil bazintut. Edonola ere, urte berri on!

¿Pero qué lengua es ésta?

Lasai, irakurle lagun; gaurko sarrera ere euskaraz idatziko dut. Baina euskaraz ez dakitenekin du zerikusi zuzena.

Aste honetan bertan,  Euskara euskara ez dakitenentzat [sabes más euskera de lo que creees] sarrera irakurri nuen Sustatun. Bertan, beste blog bati egiten zioten aipu, Euskeraikasi blog, eta zehatzago, horretan dagoen zati bati, euskara ez dakitenentzat zuzendatukoari, hain zuzen.

Egia da denok ditugula aurrezagutzak; areago oraindik, helduak bagara; ikaskuntza horietan oinarritzea bide ezin egokiagoa, ezinbestekoa ere esan liteke. Aipaturiko webgunean, hortaz, antzeko ikuspegiaz ari direla esan liteke, baina urrutiagora joan gaitezkeelakoan nago. Izan ere, hitzetan fokalizatzen dute nagusiki –estrategiak pixkat kontuan izanda, akaso– baina hitz gardenak eta hizkuntza jakin batekin loturik ez dauden faktoreak (ezagutzak nahi baduzu) ez dituzte horren aintzat hartzen; hau da, testuinguruen ezagutzaz, testu-mota ezagunen ezaugarriez…

Adibide batekin argituko dizut. Aspaldi ezagutu nuen María Luisa Villanuevak bere hizkuntza-ikasleekin erabiltzen zuen ariketa bat da; asmoa, zeuzkaten ezagutzak aktibatzeko garrantzia azpimarratzea. Horretarako, eurentzat ustez guztiz ezezaguna zen hizkuntza batean idatzita zegoen panfleto bat ematen zien eta hiruzpalau galdera (nora joango ziren, zer ordutan, zerekin topo egitea espero zuten eta horrelakoak) Gehienek erantzun egokia ematen zioten planteatutakoari.

Lady Madonna Flickr-en

Honezkero asmatu duzunez, panfletoa euskaraz zegoen. Manifestazio bati buruzkoa zen. Baina, agertutako hitz gardenak (manifestazio, adibidez) baliatuta eta testuek komunean dituzten egiturak ezagututa (panfletoek, kasu honetan) gai ziren hainbat informazioz jabetzeko. Irakasleak azaldu egiten zien gerora zein zen hizkuntza eta ondorioa: hizkuntza ezezagun horretan zerbait ulertzeko gai baziren, zer esan ingelesari buruz, inguruan duen indarra kontuan izanda.

Hau honela, hitzei eta irudiei erreparatzeko estrategia ez dago gaizki, baina makulu gehiago ere badaude. Eta, argi dago, uste duguna baino gehiago dakigula sarri.

Gaurko hitzaren 5. urteurrena

Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez, bost urtez, egunez egun, ekimen bati ekitea. Are aipagarriagoa, nire ustez, helburua erakustea eta irakastea denean. Eta hor dugu Maite Goñi Gaurko hitzarekin.

Gaurko hitzak, gainera, baditu bere spin-offak; jokoa edo hitza-pasa, esate baterako. Eta antzeko norabidea duen Esaera jatorrak esparrua, adibidez.

Era desberdinetan ospatu ditu orain arte urteurrenak Maitek. Esate baterako, bigarrenean, bideoak egiteko proposatu zigun. Eta askok, erantzun; ehun inguruk. Neu ere “engainatu” ninduela onartu behar. Begira begira.

Hirugarrena, itzela izan zen: lagunen bilera Donostian. Far westetik ere abiatu ginen, argazkian ikusten den bezala.

Laugarrena “xumeagoa” izan zen. Eta bosgarrena? Abian dabil egunotan; begiratu twitterren #gaurkohitza5 traola.

Oraingoan ere hartu dut parte. Honela

Pinterest gunean bildu ditu argazki guztiak.

Dena den, ez da Maite Goñik egiten duen kontu bakarra, ez horixe. Izan ere, hiri-legenda baten arabera, ezinezkoa denez berak beste gauza egitea eta dagoen toki guztietan egotea, bere itxura handia duten Goñiki izenko panpin batzuk ei daude hortik zehar barreiaturik funtzio horiek betetzen.

Zorionak eta aurrera!