Euskal blogosferaz X. Getxoblog Topaketan

Aurtengo Getxoblog Topaketan Su Saria jasoko dudala kontatu nizun aurreko batean. Eta berriarekin batera, euskal blogosferaz hitzaldi laburra prestatzeko eskatu zidan Mikel Agirregabiriak. Hau honela, hemen duzu erabili dudan aurkezpena (egia esan, sarrera hau hitz egiten ari naizen bitartean argitaratzeko egongo da programaturik).

Zertaz mintzatu(ko) natzaien?

  • Zer ote da euskaldun blogosfera, bloga edota euskaldun izatea
  • Euskal blogosferaz idatzitakoa, ikertutakoa
  • Irrati-izarra hil ote zuen bideoak? Eta blogak Twitterrek?
  • Txioak euskaraz
  • Omenaldien egunean eta Euskaraldian murgilduta
  • Niretzako ondorioak: pizgarri? akuilu?

Eta, nola ez, eskerrik asko nitaz gogoratu direnei eta urteotan bidaide zaituztedanoi (senideok, adiskideok, blogosferako auzokideok,  txiolariok…). Hori bai: ibilbide batengatik saria jasotzen duzunean, kezkatu ere egiten zara, ezta? 😉

 

Euskaraz, eskolan eta unibertsitatean

Egun ez gaitu harritzen, baina ez dira hainbeste urte ez zela horrela. Beharbada zahartzen ari naizen seinale izango da, lagun hori, baina nire bizitzako bi unetan aitzindari edo izan nintzela ari naiz konturatzen. Gertatutakoak joan den mendekoak dira, XX. mendekoak alegia.

Lehenengoa, ikastola garaikoa. Izan ere, Begoñazpi Ikastolako lehendabiziko belaunaldiko kideetako bat nauzu.  Hasieran lehen hezkuntza, handik lasterrera OHO (edo EGB) izango zena, 1970 Legean ezarritakoaren arabera.

Bigarrena, EHUko Zientzia Fakultatean eman ziren hastapenetan ikasle gisa; bigarren belaunaldiko ikasle Kimikan, hain zuzen ere.

Laster beteko da 2010an eginiko ospakizun nagusiaren hirugarren urteurrena. Bereziki sortutako Euskal lerroak abian blogean duzu eskura informazio ugari interesaturik bazaude; neuk ere kontatu nuen aldez aurretik pasadizoren bat.  Eta lekuko bizi zein isila badugu 2010 hartatik:  Leioako Campuseko arboretumean dagoen espiral aureoa.

Aurrerantzean bi garaiotako besteren bat kontatuko dizut, ez izan zalantzarik.

Baina, nor da hau?

Agian hori galdetuko diozu zeure buruari.

Googlen bilatzea da nitaz gehiago jakiteko aukera bat, noski. Neuk ere  egiten dut , jakinminak bultzaturik  (neure buruaz dioena bilatzeraino iritsita inoiz). Edota nik idatzitakoei erreparatzea izan liteke beste bide bat.

Dena den, gauden garaian eta denbora laburra izaten dugula kontuan hartuta, Nick dut nik saioan iaz egin zidaten elkarrizketa dakarkizut jarraian.

Hezkuntzari buruzko iritzirik bota nuen bukaera aldera, egindako galderaren baten harira. Egia badiotsut, kazetariak nahiko ondo aztertu zuen nitaz zegoena. Google baliatu ote zuen?

http://blip.tv/play/g51lgvHIbAI.html

Agurra

Ez da hau Sarean izango dudan lehendabiziko txokoa; azkena ere ez, seguruenik. Beharbada ezagutuko duzu nire kanpamentu nagusia, Botxotik ziberespaziora. Bertan idatzi dut inoiz hezkuntzaz; euskaraz, berriz, maiz. Baina bien uztarketa izango dut iparrorratz  hasi dudan bide berri honetan.

Badaramat denboratxoa blogeatzen; horrexegatik, agian, ez nago honen ziur Goio Aranak adierazitako bigarren lorealdian gauden (baina erreparatu diot dekalogoari, ez pentsa) Hizkuntzarekiko zor bat dudala sumatu dut agian; edota, berriz ere, ezezkoa ematea kosta zaidala. Azken finean, hemen naukazu, Sarean eta sareetan beste topagune bat erakitzeko borondateaz.

Agur t’erdi [Enlace roto.], eta bereziki zuri, irakurle lagun horri. Bidaide (eta ez gogaide ezinbestean, elkarrizketa eta eztabaidari tokia eskainiko baitiogu, irakurle ezezik solaskide ere izanik) izango zaituztedalakoan…