Blogak, berritzea edo zaharrak berri?

Sarritan aipatu ohi da blogak maldan behera doazela. Sarriegitan agian. Tira, badakigu bideoak irrati-izarra hil omen zuela (eta Twitterrek blogak akaso, joan den azaroan adierazi nuen bezala) baina katuek baino bizitza gehiago ei dauzka irratiak. Eta blogek?

Blogak sortzea erraza da; irautea da kontua. Blog bat zer den zehaztea ere ez da erraza. Esate baterako, maiz esaten dut DEIAren auzo blogosferiko honetan maila desberdinetakoak daudela, baldintza desberdinetan gainera: nire ustez, askotan bere horretan errepikatu egiten dira egunkarian plazaratzen diren edukiak, blogetarako propio idatzi gabe, salbuespenak salbuespen.

Horrelako betiko hausnarketetan eta zurrunbiloetan nabilela, bi sariren berri izan dut. Blogekin zerikusia dute edo izan dute biek, baina garai berriak datoz eremu horretan, antza denez.

Blogetan da lehendabizikoa. Hirugarren ediziora heldu da dagoeneko, eta datorren astean emango dira sariak. Dagoeneko, 12 blog daude hautatuta lau kategoriatan finalista gisa. Ez dakit gogoan izango duzun baina blog hau ere tartean ibili zen 2014an, sarietara iritsi ez bazen ere. Dena den, apirilaren 4an egingo den ekitaldiaren izenak zer pentsatua eman dit: lehiaketa ixteko egingo den jardunaldiaren izenburua (eta edukia), “blogak testutik harago” da.

Beste alde batetik, tradizioa bazeukan hezkuntza arloko blogen artean Espiral sariak, eta bertan ematen ziren zibak. Inoiz ere izan nintzen epaimahaikide. Baina aurten aldatu egin dute, eta urtetan blogen lehiaketa izan dena aldatu eta orokorrago egin dute 2019an.

Nora zoaz? Nora goaz? Beharbada, blogen mundutxo honetan ere zahartzen ari naiz (saritua izatea ez dakit kezkatzekoa den) eta ikuspegi tradizionalagotik ari naiz. Oraindik orain blogari aktiboa naizen arren,

Euskal blogosfera eta blogariak, osasuntsu?

Joan den astean egin zen Blogetan. Euskal blogarien bigarren topaketa. Azkue Fundazioak, antolatzaileetako batek alegia, gertatutakoa kontatu du sarrera batean. Dabid Martinezek eta Marijo Deograciasek ere hausnarketak eta laburpenak sareratu dituzte. Beste bide bat ere badugu: #blogetan traolari erreparatzea.

Egia esan, ez dut neure burua guztiz islatuta ikusten Azkue Fundazioak egindako inkestaren ondorioetan; maiztasunez idazten saiatzen bainaiz (eta galdeketa erantzun nuen “gutxi” horien artean banagoela aitortu behar). Hala ere, ondorioztatu duten bezala, badut alderdi teknikoan (gaitasun digitalean nahi baduzu) zer hobetua. Are, horrelakorik esaterik badago, blogarien eskola zaharrekoa naizela konturatu naiz jardunaldian, nire sarreretan idatzia izaten baita nagusi. Dena den, ez ahaztu zein den blog honen izenburua.

Bestalde, badago auzi bat , “euskal” adjektiboa agertzen denetan. Aspaldi idatzi nuen bezala (2008an eta 2013an), Imanolen “nire euskaltasuna” datorkit gogora, baita Hibai Rekondoren “nor da euskaldun” abestia ere. Beste adibide bat: blogosferako auzotxo honetan, Ugaitz Zabalak ere idatzi zuen gaiaz: Nor da euskaldun? Zer da euskaldun izatea?

Azkenik, “Euskal blogen aldeko manifestua” plazaratu duela Patxi Gaztelumendik aipatu. Besteak beste, nire ohituretako bat (hau ere ohitura zaharra ote? edo blogari zaharren ohitura?) azaltzen da bertan: besteen blogak irakurri eta iruzkinak idatzi. Gogoan ere badut, “bloga bloga mariñela” aldarrikatuz bukatu zuela Mikel Iturriak Euskadi Irratiko Hiri gorrian programan egindako elkarrizketa. Hala bedi!

Beti hostoak kentzen

Blog honen leloa, “beti eskamak kentzen” izan beharrean, “beti hostoak kentzen” izan liteke. Izan ere, hasiera-hasieratik ibili naiz duda-mudatan: merezi du edo ez du merezi? irakurlerik badago edo ez dago? Argi dago iruzkinik ia ez dagoela, ezta etenaldia iragartzen dudanean ere.

Orain dela hiru urte, zalantzak-zalantza, lehiaketa batean aritu nintzen, erabateko arrakastarik gabe baina askoren laguntza lortuta (193, 193 dira, ezta?). Orduan, zalantzak gainditzeko modu bat izan zitekeela otu zitzaidan. Baina helburu hori, behintzat, ez nuen lortu.

margarita

Eta hostoak kentzen nabilela –bai, ez, bai, ez– berriro ere Blogetan lehiaketa deitu dutela jakin dut. Oraingoan, berriz, ez dut izar-bokaziorik adieraziko, eta, gehienez, botua emango dut. Eta hostoak kentzen nabilela –ez, bai, ez, bai– itzulpen eskasekin topo egin, Sarean eta kalean, eta blog nagusian (badakizu 10 urte beteko dituela aurten?) horri buruzko sarrera elebiduna idatzi dut. Izan ere, beti agertzen da zertaz idatzi, baina batzuetan astirik ez horretarako… edo dagoeneko idatzi dudala konturatu naiz argitaratu orduko.

Galtzen ikasi eta galduz ikasi

Ez da gauza bera, baina biak ikasi beharrekoak. Eta horixe ere atera beharko dut blogetan lehiaketatik, finaletik kanpo geratu bainaiz. Ez dut porrota ukatuko; sarrera honek ez du ezer zuritzeko asmorik, baina bai barrua nolabait hustutzekoa eta eskerrak ematekoa.

Banekien oinarriak ikusi bezain laster lehiaketak luze joko zuela; botua egunero ematearena ez zela nire aldeko baldintza, eta, hala gertatu zait: pixkanaka-pixkanaka, laugarren postutik ezin aurrera egin. Agian, esparru honetan ere, estrategia egokiak baliatzen jakin behar da; izan dut horrelako bozkaketetan galtzeko esperientzia gehiago.

Dena den, –eta, berriz diot, ez dut garaipen gisa saldu nahi, ezta gutxiagorik ere– ez da ahuntzaren gauerdiko eztula 193 botu jaso izana (kategoria bereko hiru lehenengoek, berriz, 327, 284 eta 263, hurrenez hurren, eta epaimahaiaren erabakiak ez du aurrekoa aldatu) eta oso jatorri desberdina dutenena gainera.

Are; lehiaketaren webgunearen bidez emandako botuak ezin kontrolatu nik, baina Twitterren aldeko txioak eta babesak ugari izan direlakoan nago, era pertsonalean agertu baitira boto-emaleak. Hona hemen zerrenda luze hori, esker onaren adierazle egunen araberako ordenan (barkatu baten bat kanpoan utzi badut): Goiuri, Goyo, Eneko, Garazi, Iker, Pilar, Elisa, Marcos, Berta, Iñaki, Gorka, Gorka, Mikel, Josemari, Jesus, Jesus, Guillermo, Nerea, Lorena, Lucía, Asís, Asier, Josu, Ander, Jara, Iruri, Igone, Javier, Josu, Maider, Rodrigo, Iñigo, Imanol , Iñigo, Iñigo, Javier, Javier, Naiara, Urko, Itsaso, Iñaki, Begoña, Jon, Alvaro, Carlos, Urtzi, Javier, Gontzal, Isaac, Fernando, Mikel, Sagra, Galder, Joxe, Jorge, Josi, Maria, Jorge, Josetxu, Garbiñe, Cristina, Jon, Noemi, Mikel, Juan Carlos… Zuoi guztioi, eta webgunearen bidez bozkatu duzuenoi, besarkada bana, twitterren bidez adierazi nuen bezalaxe…

Beraz, zuekin eta zuengatik, brindisa, birtuala izan arren…

Azkenik, kontu honekin baten bat gogaitu badut, honezkero barkatuko ninduela espero dut.

Pragako Comenius Museoan

Eta bizitzak aurrera darrai, “Ikasle eta irakasle” honen ibilbideak bezalaxe. Laster arte, adiskide hori!

“Blogetan” sarian… zurekin

2013aren bukaeran iragarri nizunari jarraiki, Blogetan lehiaketan dugu “Ikasle eta irakasle” hau. Izan ere, bertako baldintza guztiak betetzen ditu, izar bokaziorik izan ez arren.

Besteak beste, lehiaketaren helburua blogak eta euskal blogariak saritzea da, ezagutzera emanez eta blogetan euskararen aldeko erabilera sustatuz. Eta azken hau bada txoko honen iparrorratz nagusia. Bestalde, euskal blogariei dagokienez, inoiz sailkapen horietatik kanpo geratu banaiz ere, oraingo honek in zalantzarik ez dela egongo uste dut.

Bozkatzeko lehendabiziko epea urtarrilarean 27an hasiko da, bihar bertan, eta otsailaren 16an bukatu. Bozkatzea bi modutara egin daiteke: www.blogetan.com webgunean erregistratuz eta egun bakoitzean boto bat kategoria bakoitzari emateko aukera izango duzu zein twitter bitartez, #blogetan traola erabiliz, bozkatzen duzun blogaren esteka eta zein kategoriatan parte hartzen duen zehaztuz.

Hala ere, errazena, estekari jarraitu eta orrialdean “bozkatu” edota “twitter” sakatzea (kontua baduzu, jakina)

Blogetan 2014Ez ahaztu, beraz, “gizartea eta politika” kategorian dagoela (nagoela / gaudela), egunero bozka daitekeela eta publikoaren bozkatzeak lehenengo fasean %50 balioko du, euskararen munduko eta teknologia berrien inguruko adituez osaturiko epaimahaiaren bozkatzeak beste, alegia.