Lanbideaz galdetzen didatenean erantzuna ez da erraza izaten. Hobeto esanda, “teknikaria naiz” erantzuna erraza eta laburra da esateko baina ez akaso ulertzeko. Izan ere, administrazio publikoan teknikari zarela adierazteak behin baino gehiagotan “ertzain” izatearen sinonimotzat ju du inoiz solaskideak. Zein arlotan, ba, teknikari, galdetuko diozu agian zeure buruari, irakurle, oraindik ezagutzen ez banauzu. Didaktika-teknikari zehaztu nahiak ere ez duela gehiegi laguntzen ematen dit, egia horixe izan arren.
Horregatik azken boladan argitze aldera zeregin bikoitza dudala esaten dut, Jeckyll eta Hyde izango banintz bezala; tira, bigarren alderdi gaiztorik ez dut uste dagoenik, baina bikoiztasuna egon badago. Izan ere, badut azterketa kontuetan erantzukizunik, eta aldi berean, editore gisa esparru sortzaileagoetan mugitzen naiz.
Nire editore-lanaren ondorengo lehendabiziko liburua atera zenean, 2013an hain zuzen, hemen iragarri nizun: Daniel Cassany, “Sustraietatik zerura”. Bigarrenaren berri ere eman nizun 2015an, aldizkariaren zenbaki berriarekin eta aldaketekin batera orduan: Nire azken ekoizpenak: Hizpide 87 eta Itzulpen Saila 54. Hirugarrenari, aldiz, ez nion hemen tokirik eman 2018ko martxoan kaleratu zenean: Gabriel Diaz Maggioliren “Hizkuntza-irakaslea: irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako gaitasun metodologikoa”.
6 urte joan dira jada editore-gisa. Aldizkariarekin aurrera egiten dugu, Hizpide aldizkaritik e-Hizpiderako segida eten gabe eta jauzi digitalari erantzunda. Itzulpen Saila bilduman, azken liburua argitaratu dugu oraintsu: Jim Scrivener-en “Ikasgela kudetzeko teknikak” (jatorrizko bertsioan, “Classroom Management Techniques“).
Classroom Management Techniques in Basque. 😊 https://t.co/TGlq64dIJP
— Jim Scrivener 🇺🇳🇪🇺🇬🇧🏴🇭🇺 (@jimscriv) January 16, 2019
Egia da nire izena ez dela bildumako liburuetan agertzen normalean, propio idatzitako hitzaurrerik ez badago behintzat. Hala ere, egilea pozik dagoela ikusteak asetu egiten nauela onartu behar dizut. Horrez gain, hizkuntzaren irakaskuntzarako beste aletxo bat ekartzeko ahalegina egin dudala uste dut. Ondorioz, ezin esan niretzat beste liburu bat besterik ez dela.