Eta iluntzeko bakian

Isiltasuna. Horixe nabaritzen dut egunotan Bilbon; beste tokietan antzera gertatuko delakoan nago. Izan ere, gauden egoeran horixe da hainbat unetan nabaritzen dena. Izatekotan, erdi ahazturik genuen txorien txioa gehienez.

Nire doktoregorako bidean hamaika aldiz sumatutako isiltasun hura ari naizela berreskuratzen ematen dit. Izan ere, egun haietan jardunaldia luzatzeagatik edota goiz altxatzeagatik izaten nuen lagun isiltasuna. Dena den, isiltasuna apurtzekoa naizela uste dut. Pixkat gozatutakoan, irratia piztu, musika jarri edo, besterik ez bada, soinuak eta musikak datozkit burura nire oroitzapen musikala dela tarteko. Egunotan ere antzeratsu gertatzen zait.

Hala, batzuetan Amaia Urangak kantatu zuen fadoa datorkit (oker ez banago, Fran Lasuenek euskaratu zuen): “egun batzutan isiltasunak ere desafinatzen du”. Edo Xabier Zabalaren “Isiltasunean“, esaterako.

Aberri Egun berezia izan da 2020koa; agian, belaunaldietan gogoratuko dena. Besteak beste, eta aspaldiko partez, joan den mendeko 70. hamarkadan gure amak erositako ikurriña balkoiratu dugu gaur (semea zur eta lur jatorriaren berri izan duenean). Eta gaur, egun berezi bezain bitxi honetan, beste musika bat dabilkit buruan dantzari. Lauaxetaren olerki bat, eta batez ere, nik Antton Valverderen eta Itziarren musikak gogoan; Eñaut Elorrieta ere izan liteke:

eta iluntzeko bakian / norbaitek darrai kantari / dana emon bihar yako / maite dan askatasunari