Den organistarik haundiena, xixtulari txar izaiten ahal

Ez dakit zer pentsatu duzun gaurko izenburuarekin, baina berriki Mercè Gisberti entzun nion bezalaxe, hezkuntza arloan antza edonork dauka bere burua aditutzat.

José Antonio Marinari aditu nion esaera afrikar hura, haurra hezteko tribu osoa dela beharrezkoa. Ados. Hala ere, ulergaitza zait, hezkuntzaz dudan ikuspegitik behintzat, “polizia hezitzailea” rola. Alegia, bestelako zeregin garrantzitsuagoak dituztelakoan sumatzen dut (eta dituzte horretan, “polizia” bat baino gehiago badugu inguruan, gainera)

Izan ere, Ertzaintzak ikastetxe batean emandako hitzaldi baten berri izan nuen (hitzaldi arrakastatsua, ustez). Ikastetxea azken boladan hedabideetan sarri agertu zaigu, gainera, gauzatzen ari den aldaketa metodologikoa dela-eta. Ezetz asmatu hitzaldiaren gaia? Bai, horixe bera: Interneten eta gizarte-sareen arriskuak, cyberbulling-a eta sexting-a, Sareko jazarpenari nola egin aurre… Egia da ez naizela hitzaldi horietara joan eta egia ere bada onak zirela esan zidatela. Bat nator, bisturiarekin edo labanarekin bezala, Interneten erabileran dagoela kakoa, baina alderdi batean jartzea arreta eta indarra ez zait egokiena iruditzen. Eta poliziaren ikuspegitik hitz eginda, zigorrari eta isunari beldur, hezkuntza motibazioekin eta balore jakinekin uztarturik dagoela kontuan izanda… bide hoberik badagoelakoan nago. Are, auskalo “alderdi iluna” dastatzeko gonbite izkutuari erantzungo zaion gaztearen aldetik, arauak hausteko motibazioa indartuta.

Egun bertsuetan, hain arrakastatsua ei den @policia deritzon tuiter-erabiltzaileak (Polizia Nazionalaren community managerra edo) idatzitako txio batekin egin nuen topo (eta erantzun ere bai, berak ez bezala). Kontrolatzeak baino gurasook ematen dugun ereduak indar eta arrakasta handiagoa duela uste dut; bestela esanda, noiz eta zertarako erabiltzen ditugu telefonoak? geuk bai filosofia ikasteko ala? Eta, aurreko adibidean bezala, antzeko iturburua du informazioak.
_MG_5120_opt
Hitzaldiaren bideoa: http://youtu.be/cZGvkmP5vKU

Haurrak ez daitezela “umezurtz digitalak” izan adierazi nuen jada; egoera kontrolatzeko asmoz euren atzetik joatea iruzur modu bat ere izan daitekeela –eta zaila gainera– eta hobe dela bidaide izatea. Ez ninduke harrituko kontrolari aurre egiteko gaztetxoak bere sareak baliatzea. Azken finean, ziberespazioa espazioa ere bada eta gaztea, gazte.


Sarrera honen bertsio bat gazteleraz, Zapatero a tus zapatos

Euskararen ezagutzaz eta erabileraz

Aste honetan irakurri eta entzundako zenbait berrik helduen euskara-irakasle nintzeneko kontu batzuk gogorarazi dizkit.

egizu Flickr-en, CC lizentziapean

Behin, ikasle batek zertarako ikasi nahi zuen euskara adierazi zidan; beretzat, nahikoa zen errenta-aitorpena euskaraz egiteko maila lortzea. Pentsatu nuen ba, euskaltegian ikasiko zuenarekin beharbada ez zuela nahikoa izango. Aitortu nionez, neronek ere arazoak nituen horrelako agiriak behar bezala ulertzeko. Are, jakin badakigu dirua bezalako kontu “serioetarako” gaztelera erabili ohi duen euskaldun bat baino gehiago dagoela. Aste honetako berri baten arabera, aurki Osakidetzak odol-analisietako emaitzak euskaraz ere emango dizkigu. Izartxoak alde batera utzita, ea zenbat ulertzeko gai garen.

El Mundo egunkariak, berriz, Ertzaintzan euskararen erabilera eta ezagutza izan ditu [Enlace roto.]. Ertzainen ezagutza-maila eskasa dela azpimarratu dute, eta erabilera areagotzeko Sailaren asmoak kritikatu. Ezin dut ziurtatu orain maila hori zein den, baina gogoan dut beste ikasle baten kasua: blokeatuta klasean sarri, lasai gero. Izan ere, praktiketan zegoen ertzaina izanda, gutxieneko euskara-maila bat ziurtatu behar zuen aipatu epealdia bukatu aurretik, akademia-garaian ez baitzen horretarako gai izan.

Motibazioaz izan da hirugarrena. Zuzendari nagusi berria du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Galizia aldetik datorren katalana dugu berori. Bere lehenengo agerraldian, euskaraz irakurri egin zuen baina aurrerantzean paperik gabe euskaraz mintzatzeko borondatea aditu nion irratiko kortean. Are, beste hizkuntza bat ikastea aukera aparta gisa omen da bere ustetan. Motibazioa badu, antza; ez dakit, hala ere, zein mailataraino izango den integratiboa edota instrumentala, baina motibaturik egonik ikasi egingo du (motibazioaren kontuaz informazio zabala Auñamendi Eusko Entziklopedian)