Euskararen tresnak izena du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Sarean duen bildumak. Erreminta sorta berri bat aurkeztu zuten otsailaren 8an euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko, aipatutako bilduma hori eguneratuz.
Aurkeztutako tresna beri horien artean, Elhuyar hiztegiaren bertsio berria eta berorren hiztegi digitalaren aplikazio berritua, bederatzi hiztegi terminologiko berri, Hiztegibar plugin-aren bertsio eguneratua (Chrome eta Explorer nabigatzaileetan modu errazean erabiltzeko orain arte Firefoxerako zegoena) eta Hizketa ereduak argitalpenaren aplikazioa gailu mugikorretarako.
Oso ondo dago baliabideak ugaritzea, eta izugarri hedatzen ari den mugikorren esparrua kontuan izatea. Hala ere (beti dago “baina”-ren bat) ohartxo batzuk partekatu nahi ditut zurekin.
- Deigarria, material batzuk pdf hutsean argitaratzea eta copyright-a dutela espresuki adierazita gainera, deskargatzea doakoa den arren.
- Sare Sozialak Hiztegia dago hiztegi berrien artean, eta horren inguruan zerbait kontatu nahi dizut:
- Aurreko puntuan azaldutakoaz aparte, ez dakit izena bera egokia den, teknologiei “berria” adjektiboa eranstea bezalaxe (zer da berria? noiz arte da berria?).
- Maiz aipatzen dudanez, ez dira oraingoak sare sozialak nire ustez, aspaldikoak baizik; horiek hedatzeko, handitzeko, zabaltzeko aukera ematen dute teknologiek. Eta hiztegia “sareena” baino zabalagoa da.
- Ez dute NIA (norberaren ikas-alorra) onartu ingelesezko PLE (personal learning environment) itzultzeko, erabiltzen hasi arren (Irakasbil esparruan, besteak beste). Jasotakoak, “ikaskuntza-ingurune pertsonala”-k alegia, ez du akronimorako bidea ematen (IIP?).
- “Ikaskuntza-komunitate birtuala” erabaki dute… eta badakizu nire hautu pertsonala, “ziberkomunitatea” dela (ikas-ziberkomunitatea kasu horretan, hain zuzen), besteak beste birtual horrek kutsua eta ukitua baduelako (erreala ez dena, “izan litekeena baina ez dena” da Euskaltzaindiaren hiztegian lehenengo adiera; are, zenbaitetan, bigarren mailako kontua balitz bezala hartzen delako Interneten gauzatzen dena aurrez aurrekoarekin alderatuta). Gogoan izan nire bertsoa Txiotesian: “ziber birtualaren ordez / errealak dira moldez…”
Tira, hemendik aurrera, agian, blogaria naizela esateaz gain, edukiez arduratzen den komunitate-kudeatzailea ere banaizela esan beharko dut neure burua aurkezteko.