Mintzatzu, ikasi, gozatu

Halaxe irakurri nuen lehengoan kaletik nindoala iragarki batean, ingelesez. Urrutitik horiexek ziren ondo ikusten ziren hitzak, letra handian idatzita baitzeuden. Lelo ona, pentsatu nuen, ikasi eta gozatu elkartzen dituen ikuspegiak.

Hurbildu ahala, testu gehiago ikusi nuen. British Councilek egindako propaganda zela lehenengo, ikurra agertzen baitzen. Neure kolkorako pentsatu nuen kanpaina interesgarria zela. Baina, ondoren, letra txikiagoz, ume eta nerabeentzat zela. Hasiera batean gazteentzako ikuspegi hori helduentzat zabaldu ote daitekeen galdetu nion neure buruari, eta handik lasterrera erantzuna: lelo bera helduentzako ikastaroetarako ere bai (tira, “heldu” gaztea zen modeloa)

Ongi etorri, beraz, ikaskuntza modu erakargarrian planteatzeako asmoa (halaxe izango ahal da!) Gozatu, alegia, nahiz eta pertsonaren helburuak, zilegi izateaz gain, serioak izan. Bai bai, letra odolaz sartu ohi zen, baina modu hoberik badago, ezta?

Etorri da iraila…

eta horrekin batera, ikasturte berriaren hasiera, eskolara bueltatzeko deia. Adiskideren batek aipatu du urte berriaren hasieran baino aldaketa eta berrikuntza gehiago sumatzen duela bere inguruan; eta ez da bera, hain zuzen, ikastetxe batera lehenengoz joango den haur horietako bat.

Bizitza osoan ikastearena (eta, konturatu edo ez, halaxe gertatzen dela baieztatzea) txoko honetako leloetako bat bada; udan ere ikasi egiten dela, beste bat (uztailaren 17ko sarreraren gaia izan zen, adibidez). Ez dago etenik.

Jose Mari Martinez, Deia-n argitaratutako argazkia (14/06/24)

Hala ere, zail zaio askori ulertzea. Lehengo baten, beste adiskide baten alabak galdetu zion ea zergatik esaten nuen ikastera nindoala (heldua, oso nagusia beretzat, eta uda sasoian). Are, amak esan zion nirekin euskaraz hitz egin zezakeela eta nerabezaroaurrean dagoen neskak erantzun berriz, klasean hasi arte ez duela hizkuntza hori erabiliko. Esaldi batean hemen aipatzen ditudan ajeetako asko irudikatuta.

Irailean, ikasten hasi baino, ikasten segituko dugu, etenaldirik gabe. Klasean bai, baina jantokian, kirolean eta eskolaz kanpoko jardueretan ere bai. Zientzia landuko den solasaldirako ekimenetan ere bai, jakina ([Enlace roto.]). Azken finean, toki eta eremu guztietan. Guztiok.

Ikasi, desikasi, berrikasi

Duela gutxi, Huescako Sallent de Gállego herrian nengoela, topo egin nuen argazkian ikusiko duzunarekin; iraganeko komunikazioen bi ikurrekin alegia. Egia ere bada oraindik orain telefono finkoak -eta telefono-kabinak, are maila apalagoan izan arren- eta paper bidezko posta baliatzen direla, baina egoiliar digitalei horiek zer diren ezagutzea ere kosta egingo zaie seguruenik. Hala, garai batean ikasitakoa, maila batean desikasi egin behar izan dugu -et, et, “palabroa” nik idatzi aurretik agertu da, Deian bertan 2012ko maiatzean [Enlace roto.], esaterako- komunikazio-era berriagoetara egokitzeko, hau da, berrikasteko. Ohartu, bestela, nonahi mugikorren pantailetan sakatzen ari direnen kopurua.

Comunicacion en Sallent
Behingoagatik, argazkia neurea

Halaber, eta beti ikastearen auzia -udan barne, aurrekoan idatzi bezala– gogorarazi dit aste honetan [Enlace roto.]. Ikasi eta ahazteaz. Eta deigarria bere zutabearen bukaera: “gogoratzen dudana bezainbeste maite dut ahaztu dudan guztia”.

Estudiatu edota ikasi

Atzo [Enlace roto.], hainbat kontu etorri zitzaizkidan kaskarrera. Oroitzapen musikalak ere bai; esaterako, Jon Miranderen hitzekin Imanol Larzabalekin egindako abestiaren hasiera (eta berriki zendu den George Moustakirekin batera kantatua)

Zergatik ikasi
ahaztekotz gero
ikasiak oro?

Izan ere, selektibitate-egunak dira hauek (unibertsitatera bidean tragurik mingotsena, dio [Enlace roto.]). Eta neuk ere erdi ahaztuta dauzkat niri egokitu zitzaizkidanekoak; Pilarrek idatzi duen bezala, hainbat kontu buruz ikasi orduan baina orain gutxi gogoratu… estudiatzen ordu dexente eman arren.

deia.com-en argitaratutako argazkia

Goazen, orain, burura etorritako horiekin:

  • Lehenengoa; berdin al da estudiatu eta ikasi? Ezezkoan nago, ba.
  • Zein da ikasteko motibazioa? Bigarren hau ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
  • Orduak horrela eman dituen gazteari, lo egin gabe eta dena buruan sartu nahian, nola azaldu bizitzan zehar ikastea ezinbestekoa dela?

Eta, lege aldaketaren ondoren, errebalidek, kanpo eta amaierako azterketa sumatiboek alegia, ez dute egoera hobetuko. Ez horixe.

Akabo gaurkoz. Zorte on guztiei; nahi dutena estudiatuko (eta ikasiko) ahal dute (dugu)!