Hezibide onaz idatzi nuen aurrekoan hemen. Eta irakasle modura bizi izandako egoera bitxi bat gogoratu nuen argitaratu orduko; egunero-egunero helduei euskara irakasten aritzen nintzaieneko pasadizo bat.
Ikasle berezi samar bat izan nuen ikasturte hartan. Bai, denok garela bereziak onartu arren, hark bazuela bere “puntutxoa” ezin ukatu. Adibidez, bere idazlanak ulergaitzak zirela esaten nionean, irakasleon kultura eza kritikatuz erantzuten zidan; nirea eta lankideena, behintzat. Bestela esanda, bere ustez idazlanak onak ziren; gure kultur maila (edo munduaren ezagutza, auskalo) zen berak idatzitakoak ulertzeko genuen oztopoa.
Egun batean, atsedenaldia bukatutakoan klasera berriz sartu eta lanari berrekin genionean, banana bat zuritu eta jaten hasi zen mutila. Haserretu eta klasean errespetu-falta zela esan nion nik, areago oraindik atsedenaldia bukatu bezain laster izanda; nirekiko eta ikaskideekiko errespetu falta zela gaineratu nuen. Berak, berriz, ez zetorrela bat esan zidan oso serio; nik errespetu falta bezala ikusten nuena, berak behar fisiologiko bati erantzutea zela uste zuen.
Ez dut gogoan nola bukatu genuen eztabaida; seguruenik, taldekideak harrituta egongo ziren eta nor bere kulturaren arabera bata ala bestearen alde. Azken finean, hezibide “ona” zer den nola ulertzen den. Eta hizkuntzak ikastean, adibidez, munduaren ezagutza eta kultur talka aipatzen da, gaitasun soziokulturalaz edota soziolinguistikoaz ari direnean; esate baterako, etxe batera jatera gonbidatu gisa joatea jartzen du Instituto Cervantesek adibide bezala mundu-ezagutza desberdinen arteko aldea aipatzen denean. Besteak beste, eremu guztietan korrokada egitea ez da berdin hartzen, ezta?