Zirriborroen artean neukan sarrera bat berreskuratuko dut gaurkoan.
Badarama denbora-tartetxo bat jubilaturik Miguel Angel Santos Guerrak. Oso idazle emankorra dugu; liburu mordoa ezezik, astero zutabeak ere argitaratzen ditu El Adarve izeneko blogean. Sarreretako batean, Rubem Alves-en testu hau irakurri nion:
“Hilezkortasun-ariketa bat da irakastea. Nolabait, bizirik irauten dugu gure hitzaren magiaren bitartez mundua ikusten ikasi zuten begien jabeengan. Horregatik, irakaslea ez da inoiz hilko.”
Inoiz irakaskuntzan aritu garenok, akaso, horrelako zerbait galdetu diogu uneren batean geure buruari. Ea horrelako zerbait lortzeko gai izan garen. Lagun bati egunotan Facebook-en antzeko bidetik idatzi dio ikasle ohi batek. Edonola ere, zalantzarik ez dut denok izango dugula gogoan irakasleren bat, dena delakoagatik ahaztu ez duguna, berak irakatsitakoa bizitza osoan lagun izan duguna –edota duguna–.
Batxilergoa Derion elkarrekin egin genuenok, adibidez, Mikel Zarate aipatu izan dugu behin baino gehiagotan. Garai hartako bere jokabideak era profesionalagoan aztertzen saiatu izan naiz gerora, oroitzapenetan oinarritutako azterketa izan arren; ez dakit modu kontzientean edo ez, baina egun aipatzen diren konpetentziak eta bizitzarako ikastea zuela ipar esango nuke.
Eta zuk, adiskide horrek? Baduzu oraindik gogoan aspaldiko irakasleren bat?
Cementerio-Hilerria by Iñaki Murua, Flickr-en