Kritiko izatea…

baina mihiluzea izan gabe.

Joan den asteburuan irakurri nuen El Paisen Nik Peachey aditu britainiarriari eginiko elkarrizketa; “ikasleei Facebooken dagoen guztia ez sinisten irakatsi behar diegu” jarri zioten izenburu. Interesgarria iruditu zitzaidan, nahiz eta berak adierazitako kontuak niretzat berriegiak izan ez, “tramankulu” eramangarrien hezkuntz erabilerarena esaterako.

Are, izenburuan agertu zenari kritikotasun hori zabaldu behar dutela gehituko nioke (eta diot). Hala, Facebooken ezezik, Interneten agertzen den guztia ez dela sinistu behar. Ezta irudietan ikusten dena, argazkia izan, bideoa izan… Gure amamak beti esaten zuen telebista ikusten zuenean: “pintar como querer” (deigarria, esaera hau gazteleraz botatzen zuela, euskaldun peto-petoa eta sutsua izan arren) Ariketa erraz bezain argigarria azaldu nuen Botxotik-en.

nattydreaddd Flickr-en (CC lizentziapean)

Eta irudiak ezezik, testu idatzien aurrean ere kritiko izatea erakutsi eta irakastearen erronka hor dago. Kritikotasunez irakurri eta ulertzeaz zer ulertzen duen azaltzen du Daniel Cassanyk… bai, Sustraietatik zerura liburuan, besteak beste. Eta ustez neutroak eta objektiboak diren testuliburuen adibideez janzten du ekarpena.

Beste kontu bat da ikasle horrengan kritikotasuna pizten badugu, azpiko curriculumarekin edo curriculum ezkutuarekin zein neurritaraino egingo duen talka. Edonola ere, “pozik baina arduragabe eta sinesbera” baino hobe kritiko, ezta?