Azken asteotan gai honi buruz idatzi behar nuela pentsatzen aritu naiz. Izan ere, tankera desberdinekoak izan zitezkeen berriak irakurri nituen, Deian bertan, esate baterako. Alde batetik, errumaniera irakasten ari direla Getxoko eskola batean, arrakasta handiz gainera; bestetik, Sabino Arana Saria jasoko zuela Garamendi amerikarrak, euskal nortasuna Estatu Batuetan eta mundu osoan bizirik iraun dadin egindako lanagatik. Tankera desberdinekoak diot, ez dakidalako neurri bakarra erabiltzen den kanpotik etorritakoek jatorrizko kultura mantendu nahi dutenean eta kanpora joandako euskaldunek gauza bera (edo antzekoa) egiten dutenean.
Eta horretan nenbilela, dokumentu interesgarri batekin egin dut topo Interneteko itsasoan; Europako Kontseiluak integratze linguistikoaz argitaratutakoa da. Hainbat hizkuntzatan irakur daiteke, besteak beste, ingelesez (forms of linguistic integration) edo frantsesez (L’intégration des nouveaux arrivants est un processus aux aspects multiples, qui rend son évaluation complexe); ez, ordea, gazteleraz edo euskaraz. Irakurtzea gomendatzen dizut, besterik ez bada, Google itzultzailea edo antzekoa baliatuta, alderdi esanguratsu eta interesgarriak lantzen baitituzte. Gaia lantzen ari dira eta aurki sinposio bat ere antolatzekoak dira.
Dokumentu horrek dioenez, hizkuntza ez da komunikatzeko tresna soila; nortasun kulturalaz ere badu lotura, norbanakoarenaz edota taldearenaz. Hizkuntza bat edo beste erabiltzeak, gizartean nagusi denak edo ezezaguna denak, kolokan jar ditzake nortasun horiek.
Halaber, integrazio linguistikoa prozesu asimetrikoa omen da; hartzaile den gizarteko kideentzat ere eragina izan dezake eta jarrera desberdinak sortarazi. Zer esanik ez gizarte berri horretara hurbiltze denarentzat. Ikuspuntuaren arabera aldatuko dela integrazioaren prezioa dio aipatu dokumentuak. Integratzeko moduak ere azaltzen dira; etorkinen helburu eta beharrak islatuko dira horietan. Eta euren araberako erabakia dela planteatzen da.
Hausnartzeko gai garrantzitsua dugu, eta gure uste eta baloreen arabera erabaki eta jokatzeko eremua; zurikeriak eta faltsukeriak alde batera utzita, ikuspegi koherentez kasu guztietan neurri bera erabilita.