Eguneroko arazoei aurre egiten

PISA ez duzula dorre okerrarekin bakarrik lotuko uste dut; Ikasleen Nazioarteko Ebaluaziorako Programa ere badela jakingo duzulakoan nago. Besteak beste, emaitzak plazaratzen diren bakoitzean zeresan ugari sortzen delako, komunikabideetan esaterako (probatu, bestela, [Enlace roto.]). Edonola ere, seguruenik errazagoa da telebistan horri buruzko berri bat ikusentzutea edota egunkariko tituluari erreparatzea 200 orrialdeko txostena irakurtzea baino (hala ere, interesa baduzu, hona hemen ISEI-IVEIren argitalpena)

Halaxe ari da gertatzen egunotan. Izan ere, 15 urteko gazteek eguneroko arazoei aurre egiteko duten gaitasuna dugu puri-purian. Sortzaileak diren ala ez du izenburu ELGAk ateratako argitalpen batek (gazteleraz, hemen, apirileko FOCUS) Laburpena, DEIAn honela: “[Enlace roto.]“; Berrian, aldiz, “EAEko ikasleak OCDEren batez bestekoaren azpitik daude eguneroko eginbeharretan” eta EITBn, “Espainiako ikasleak Europako okerrenetakoak egunerokoak ebazten”. Horrelako azterketa eta ikerketetan dabilen Raimundo Rubiok berri zabalagoa eman digu bere blogean. Are, Nicola Lococok idatzi du DEIAren blogosferan gaiaz, curriculum ezkutuari aipu eginez.

Javier Bergasa DEIAn

Honelako ikerketek irakurketa ugarirako bidea ematen dute, jakina –aterik adina maratila eukitzea esan liteke–. Erkidego Autonomoko emaitzak hobeak direla, esaterako, ELGAko herrialdeetako batez bestekora hurbilduta edota hobetzeko tartea badagoela sailburuak esan duen legez. Baina ez dezagun ahaztu aldagai eta eragile ugari dagoela tartean eta jokoan. Adibide gisa, aspalditxo, 2009ko abenduan hain zuzen, Luis Miguel Iglesiasek bere blogean egindako ekarpena: nola neurtzen den. Arestian aipaturiko ISEI-IVEIren txostenean hurrengoa dio:

“Ebaluazio horren [PISAren] helburu nagusia 15 urteko ikasleen bizitzarako prestaketa mailaren inguruko informazioa eskuratzea da. Helburua ikasleek dituzten ezagutzak erabiltzeko eta helduen bizitzako erronkei modu eragingarrian aurre egin ahal izateko erdietsitako prestakuntzaren, trebakuntzaren eta gaitasunaren inguruan azterketa egitea da”.

Erabilitako bitartekoez helburu nagusiari erantzun zaio? (Raimundo Rubiok probak zertan dautzan plazaratu du) Galdera “inozoa” –horiek izan ohi dira zailenak–: zenbatek erabiliko luke egun GPS edo antzeko tramakunlu bat –bere telefonoan dagoen aplikazioa, urrutira joan gabe– nondik nora joan behar duen zehazteko? –ala ez dakite horiek erabiltzen, auskalo–. Bestela esanda, nola egingo liokete aurre helduek horri? –portzierto, etxean tramankuluren bat programatzekotan nork egingo lukeela uste duzu?–. “Sakonagoa”k hurrengoak: zeri begira prestatzen dira curriculak eta zeri begira zehaztu eta gauzatu ikas-irakas prozesuetan?

Deigarri iruditu zaidan beste kontu bat, txostena gainetik irakurrita –hori ere onartu beharra–: D ereduko ikasleak izan arren, proba gazteleraz egin zuten “guraso edo tutore bat euskalduna ez denean edo etxeko hizkuntza euskara ez denean”. Alegia, proba euskaraz % 16 inguruk egin zuen –edo % 16k baino ez zuen egin; gaizki ez banabil, EUSTATeko datuen arabera, bigarren hezkuntzan % 61 ari da ikasturte honetan EAEn eredu horretan–. “Houston, arazo bat daukagu”la iruditzen zait; adierazle hau ere kezkagarria da, ezta?