Txiokatu, bai, baina adi eta zur

500 milioi erabiltzaile omen du Twitter webgune edo zerbitzuak; milioika txio ei doaz egunero Sarera, 65 miloi edo. Zenbaki erraldoiak zalantzarik gabe. Euskal txiolarien kopurua txikiagoa da, jakina; hala ere, estimatzeko zenbakiak dira. Esaterako, honako hau dio Asier Sarasuak Twitterreko euskarazko jarduna – 2016ko datuak eta laburpen-txostena #UMAP CodeSyntax-en blogean berriki argitaratutako sarreraren hasieran (txostena askoz zabalagoa da eta hamaika datu interesgarri daude bertan)

2016an zehar Twitterren jardun duten 15.000 txiolariren txioak aztertu ditugu. Guztira 6,2 milioi txio bota dituzte guztien artean, %42 euskaraz. Egunean, batez beste, 7.000 txio euskaraz.

Xiaobin Liu Flickr-en

Hala ere, 140 karaktereren legepean idatzitako mezuetan, azkar idazteagatik edo, batzuetan erabiltzailea (@) edota traola (#) nahastu egiten direla konturatu naiz, traola gaizki idazten da, ustez erabiltzailea denaren izena egiaztatu gabe jarri eta beste bat da aipatu nahi dena… Urrutira joan gabe, Iñaki Murua bat baino gehiago aurkituko duzu… eta nire profila, berriz, bat eta bakarra, zin dagizut. Inoiz, traola eta erabiltzailea nahastu egin daitezke. Azken honen adibide bat. Duela gutxi Madrilen egindako jardunaldi batzuetan, proposatutako traola #Madele17 izan zen baina izen bereko erabiltzailea ere badago, @Madele17 alegia; batak bestearekin, zerikusi gutxi dutela onartu behar (txiorik egin ez duen erabiltzailea, eta oraindik orain arrautzaren irudia duena).

Txioak idazteaz, Berriaren Estilo Liburuan ere badago pasarterik, arlo hori landu nahi baduzu; Joxe Arantzabalek aspaldi eman zuen argitara Ontsa twitteatzeko bidea. Dena den, eta egunotan izandako auzia dela-eta, dena ez da estilo-kontua: txiokatzeak baduela arriskuren bat ezin ukatu, ezta?

Euskarari begirune handirik ez

Sarritan, editore-senak bultzatuta edo, erreparatu egiten diet ohar eta iragarkietan egindako akatsei. Badakit ez dela kontu berria euskarari begirune handirik erakusten ez dioten testuak ikustea. Eta horrelakoak ikusaraztea; adibide gisa, #euzkaras traola erabiltzen du zenbait erabiltzailek Twitterren.  Dena den, irakurle lagun hori, ez naiz ohitzen; batzuetan, haserretu ere egiten naizela aitortu behar dizut.

kortxoa

Goazen testuinguruarekin. Haurren opor-garaiak iristen direnean gurasoen kezka izan ohi da haien asti hori nola bete, umeen zaintza-kontuak arinduta bide batez (edo nagusiki, auskalo). Hala, askok ezagutu ditugu udalekuak. Egoera areagotu egin da azken boladan, kanpo ekintzen esparruarekin gertatu den bezalaxe. Eskaintza ere zabalagoa da orain, eta sarritan kirola, hizkuntza eta abarreko luzea hautatzeko modua izaten da, gaiak uztartuta gainera. Eta udan ezezik, Gabonetan eta Aste Santuan ere badago honelako ekimenik.

Hau honela, horrelako eskaintza baten berri izan dut auzoan datorren asteei begira. Campus elebiduna eskaintzen dute (gaztelania eta euskara izango direla uste), baina, iragarkia ikusita ez dakit euskarari dioten begiruneaz zer pentsatu (beste hizkuntza bat erabiliko ote dute?). Hona hemen zer irakurtzen den, besteak beste, kaleetan barreiatutako kartel horietan:

“Neska-mutilari 08:30etatiko utz dakioke eta haiek jaso 14:30etaraino”

“Hurrengo kasuetan deskontuaren %10 (ez metagarriak): Klubeko jokalariak eta anaiak”

Umeekin erabilitako hizkuntza bestelakoa izatea espero dut, arestian esan bezala, proposamena elebiduna delako. Portzierto, iragarkian erakunde publiko baten izena eta logoa daude. Horrelakoetan, adi egon eta zerbait esan/egin beharko luketela iruditzen zait.

Hizkuntzak salbatu nau

Edo, hizkuntz ohiturak, zehatzago esanda.

Izan ere, Facebook Messenger bidez mezu bat heldu zitzaidan; igorlea, Facebookeko “lagun” ez ezik, aurrez aurreko ezaguna ere badela argituko dizut badaezpada.

Bertan, bideo baten berri ematen zidan. Nire aurpegia ikusten nuen bideoaren kaptura edo irudia izan zitekeenean; zalantzazkoa. Are, bisita-kopurua handia zen. Horrek susmo txarrak sortarazi zizkidan; litekeena da ni bideo batean agertzea, baina hainbeste bisita izatea, dudazkoa oso.

Hurrengo pistak areagotu (edo kendu) zizkidan zalantzak eta susmo txarrak. Izan ere, igorleak eta biok euskaraz egiten dugu beti geure artean; mezua, berriz, gazteleraz zegoen. “Apareces en este vídeo” edo zen testua.

Biharamunean, teknologia zaharragoa baliatuta, telefonoa alegia, birusa zela baieztatu zidan. Eta barkatzeko. Barkatu? Ea nork ez duen inoiz, nahi gabe, horrelako birusik edo spamik hedatu; bota beza lehenengo harria (eskua gorde gabe, jakina) “pekatu” hori egin duenak

Ondorioz, oraingo honetan, hizkuntzak salbatu nauela ezin ukatu.

Hezibide ona eta munduaren ezagutza

Hezibide onaz idatzi nuen aurrekoan hemen. Eta irakasle modura bizi izandako egoera bitxi bat gogoratu nuen argitaratu orduko; egunero-egunero helduei euskara irakasten aritzen nintzaieneko pasadizo bat.

Ikasle berezi samar bat izan nuen ikasturte hartan. Bai, denok garela bereziak onartu arren, hark bazuela bere “puntutxoa” ezin ukatu. Adibidez, bere idazlanak ulergaitzak zirela esaten nionean, irakasleon kultura eza kritikatuz erantzuten zidan; nirea eta lankideena, behintzat. Bestela esanda, bere ustez idazlanak onak ziren; gure kultur maila (edo munduaren ezagutza, auskalo) zen berak idatzitakoak ulertzeko genuen oztopoa.

Egun batean, atsedenaldia bukatutakoan klasera berriz sartu eta lanari berrekin genionean, banana bat zuritu eta jaten hasi zen mutila. Haserretu eta klasean errespetu-falta zela esan nion nik, areago oraindik atsedenaldia bukatu bezain laster izanda; nirekiko eta ikaskideekiko errespetu falta zela gaineratu nuen. Berak, berriz, ez zetorrela bat esan zidan oso serio; nik errespetu falta bezala ikusten nuena, berak behar fisiologiko bati erantzutea zela uste zuen.

Ez dut gogoan nola bukatu genuen eztabaida; seguruenik, taldekideak harrituta egongo ziren eta nor bere kulturaren arabera bata ala bestearen alde. Azken finean, hezibide “ona” zer den nola ulertzen den.  Eta hizkuntzak ikastean, adibidez, munduaren ezagutza eta kultur talka aipatzen da, gaitasun soziokulturalaz edota soziolinguistikoaz ari direnean; esate baterako, etxe batera jatera gonbidatu gisa joatea jartzen du Instituto Cervantesek adibide bezala mundu-ezagutza desberdinen arteko aldea aipatzen denean. Besteak beste, eremu guztietan korrokada egitea ez da berdin hartzen, ezta?

enmanuel m Flickr-en

Hezibide ona, non?

Duela gutxi New Yorketik ibili naiz. Eta, desbideratze profesionalaren eraginez agian, bertako “paisaia linguistikoari” erreparatu diot besteak beste.

Metroan deigarria iruditu zait hezibide onari eta elkarbizitzari buruzko irudi eta mezuen kopurua. Horrelakoak garraiobide publikoetan agertzeak aditzera ematen du, antza denez, garai batean ez bezala, bestelako bideei ekin behar zaiela honelako heziketa indartu eta hedatzeko.

Baina, hara non, Bilbora itzulita, antzeko kanpaina bat hasiko da hemengo autobusetan. Kartelak geltoki eta autobusetan jartzeaz gain, aktoreak ibiliko dira zenbait astez autobusetan ([Enlace roto.]). Madrilen ere ikusi ditut azken boladan  gizarte-hezkuntzaren bidetiko portaerak sustatzeko kartelak eta mezuak kaleetan.

Eta, bitartean, neure buruari galdetzen diot, ea horren gaizki gabiltzan hezibide onean, eta zentzuan bide batez, berori sustatzeko kanpaina egin behar direnetan, Bilbon, Madrilen eta New Yorken behintzat. Bestela esanda, zer irakatsi eta ikasten da eskoletan orduan, zer familiaren esparruan, zer gizartean oro har, hiritarrak izateko bidean, horrelako ekimenen beharra dagoenean? hau lehen nola egiten zen?