Hizkuntza-erregistroez

Ez naiz futbolaz arituko, irakurle hori. Baina hizkuntza-erregistroaz hausnartzeko aukera emango dit Iñigo Martinez futbol-jokalariak hartutako aldaketa-erabakiak.  Izan ere, jakingo duzu diru mordoa tarteko Erreala utzi eta Athleticera joan dela, ezta?

Inoiz euskaldunaren adibide gisa jarri dute ondarrutarra; duela gutxi, besteak beste, Euskal Kirolari ekimenean.  Gizartean futbolariek duten tokia aintzat hartuta (merezitakoa den ala ez, beste upeleko sagardoa da), neu ere horren alde agertu naiz, besteak beste, euskara normaltasunez erabiltzen duten pertsona ezagunak egon badaudela erakusteko.

 

Eta, zentzu horretan, harritu egin nau bere agurra irakurtzeak. Elebiduna izan da agurra, eta erregistro desberdina nabari da bi hizkuntzetan: formala gaztelaniaz, ahozkotik oso hurbil (ondarrutarrez, edo) euskaraz.

Nik uste baino oihartzun handiagoa izan du horrek, Sarean behintzat. Adibidez, batura ere itzuli dute ZuZeun Iñigo Martinezen jatorrizko testua, “Euskararen erregistroak” idatzi du bere blogean Urtzi Urrutikoetxeak, Beñat Zarrabeitiaren txioak eta izandako erantzunak

Honatx nire zalantza batzuk: zergatik hizkuntzen arteko bereizketa hori? euskaraz onargarria dena gaztelaniaz ez? edo alderantziz: gaztelaniaz honelako erregistroa onargarria litzateke? zein toki izan behar du euskalkiak (edo tokikoak, urrutiago joanda)? zein da euskara batuaren tokia?

Dena galdera eta zalantza izan ez dadin, Urtzi Urrutikoetxeak adierazitakoez gain, Irale-ren kontsulta-zerbitzuak gura eta maite dela-eta emandako erantzuna egokia izan daitekeelakoan nago. Baina komunikabideetan agertzen den asko eta askorentzat ere bai, jakina, abenduan idatzitako sarrera batean idatzi nuen bezala.

 

Poloniako errege hura eta bere “hizkuntza-eskakizuna”

Polonian egindako bidaian entzundako istorio bat dakarkizut gaurkoan, irakurle. Hain zuzen, Cracovian egindako bisitaldian izan genuen Haizea gida galdakaoztarrak kontatu zigun. Saiatu naiz beste bideren batetik aurkitzen baina ez dut lortu; beraz, erositako prezioan salduko dizut.

Bazen behin errege bat herrialde hartan, Ladislao (“el breve”). Eta poloniera indartzeko asmoz, azterketa bat jartzea erabaki ei zuen: herritarrek polonieraz lau hitz ezagutu beharko zituzten; bestela, lepoa moztuko zitzaien.

Ez dakit hizkuntza ikasteko motibazio nahikoa izan ote zen. Gaurko bideak eta ondorioak, zorionez, bestelakoak dira. Dena den, denboran bidaiatuz gero, egungo itzultzaile automatikoek laguntza itzela emango luketela iruditzen zait. Kontuan izan, badaezpada ere.

Euskara indartzeko bideak eta autokritikak

Euskararen Eguna zela-eta, Dani Alvarez kazetari ezagunari egindako elkarrizketa baten berri izan nuen Sarean, Daniren beraren txio bati esker, besteak beste.

Elkarrizketan kontu gehiago agertzen ziren, zergatik hurbildu zen bera euskarara, adibidez. Eta pertsona ezaguna izanda, eredugarria eta txalogarria iruditzen zait bere jarrera eta ahalegina; elebitasun hartzaileari buruzko ikuspegian ere bai. Baina txioan nabarmendutako kontu horrekin ez nago guztiz ados.

Izan ere, ni neu behintzat, barre egiten hasi baino, haserretu egiten naiz hainbat egoeratan. Zaila da orokortzea, eta testuingurua testuinguru (edo telesaioa telesaio, edo pertsona pertsona) haserretu egiten nau askotan euskara-maila eskasa sumatzeak mahai-inguruetan esaterako; edo alderdi politikoetako ordezkariengan; edo aurkezleen kasuan; edo kolaboratzaile ordainduen kasuan. Gaur, adibidez, “ni pertsonalki” bat atera zaio saio batean aurkezleari, eta ergatiboa bera dantzan ibili da zenbait unetan. Eta antzera amorrarazten nau “landu gabeko euskara”ren erabilerak arestian azaldutako kasuetan.

Askotan eskertzekoa da bai askoren ahalegina, baina, eta berretsi egiten dut salbuespenak salbuespen, ez dut uste nahikoa edota desiragarria denik komunikabideei dagokienez (eta irakakaskuntzaren munduan, antzera jakina). Elkarrizketan bertan ageri den bezala, ez gara ingelesaz edo gaztelaniaz ari. Michael Robinsonena eta antzeko beste batzuena gaztelaniaz mintzatzean, seguruenik, salbuespena da komunikabideetan.

Txanponaren bi aldeak ikusiko ditu askok. Baina ni neu behintzat ez nau lasaitzen tabernetan euskaraz dagoen presentzia bakarra “salda dago” denean. Edo gaztelera nagusi den komunikabideetan euskaraz akatsak dituen berri solteak irakurtzeak.

Portzierto. Hau bai dela desbiazio kontua nire aldetik, onartzen dut, baina “euskaldunek” jarri dute Daniren ahotan eta ez “euskaldunok”. Ñabardura bat baino gehiago da, ezta?

Abenduaren 3a: nire harri koxkorra dakart

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur, abenduak 3. Eta ez da gaiari buruz idazten dudan lehenengo aldia; besteak beste, 2014ko sarrera bat dagoIkasle eta Irakasle“n.

Botxotik ziberespaziora“n egindako 2013ko hausnarketa ez dut errepikatuko  (funtsean, bat nator oraindik orain). Ospatzeko modu asko daude, bai. Eta euskararen alde lan egiteko ere bai. Isilagoak batzuk, ageriagokoak beste batzuk. Eta txoko honetan idaztea da ekartzen dudan harri koxkorretako bat.

Izan ere,  helduan euskararen ikas-irakaskuntzaren alorrean ardaztu da nire lan-ibilbide osoa. Urteak joan ahala, gertaera gogoangarri batzuetan lekuko (edo partaide zuzen) izan naizela konturatu naiz, hala ikastolen berpizkundea nola euskararen lehen urrats ofizialak unibertsitatean.

Dena dela, hemen idazteko erabakia bestelakoa izan zen: [Enlace roto.] euskara ere maiztasunez agertzea. Halaber, euskarak badu bere  traola edo etiketa sarreretan; hizkuntzek ere bai. Tamalez, eta konturatu gabe, hartutako erabaki haren ondorioz nire txoko nagusian euskarak tokia galdu duela sumatu dudan arren.

Bihartik aurrera ere, ajeak aje, hizkuntza erabiltzen segitu beharko dugu. Blogaren izenburuari jarraikiz, euskara eta euskaraz ikasi eta irakasten ere bai. Eta nire zertxoa emanez, hemen eta hemendik euskaraz irakurtzeko (eta, nahi izanez gero, idazteko edota iruzkinak egiteko) aukera izatea eta baliatzea espero dut. Hala bedi!

Adierazpen bateratua egin dute aurten Euskadiko erakunde nagusiek Euskararen Nazioarteko Egunari begira

Ezustean Madrilen, Gabriel Aresti

Madrilen metroz ibili naizenetan, bagoien hormetan literatur testuekin egin izan dut topo: ipuin laburrak, testu luzeagoen zatiak, olerkiak… Hala ere, ezustekoa izan zen Gabriel Arestiren olerki bat ikustea bertan. Libros a la calle ekimenaren baitakoa izan da hori; hogeigarren urteurrena ospatzeko, gailegoz, katalanez eta euskaraz dauden testuak jarri dituzte beste batzuen artean (Blas de Otero bizkaitarrenaren bat, adibidez).

Ez dakit nork hautatu dituen, baina ezustekoa ere izan zen aukeratutakoa irakurtzea: “Nire aitaren etxea defendituko dut“. Olerkia horrela ikusteak, horma batean eta edonoren begiradatik hurbil, Arestiren beraren beste hitz batzuk gogorarazi zizkidan, Rogelio Botanzi entzunak:

“nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari”

Herrien, hizkuntzen, hiztunen elkarbizitzarako urrats txiki bezain garrantzitsuak izan daitezkeelakoan nago: bestearen ezagutu, balioetsi, gozatu… Testua webgunetik ere jaitsi liteke. Dena den, eta mezu batez aldatzeko eskatu nien arren, “Gabriela Resti” agertzen da egile gisa aipatu webgunean.