Euskara-ikasle… arrakastatsuak

Euskararen Nazioarteko Eguna atzo. Egutegia lepo dago egun europearrez eta nazioartekoez (besteak beste, atzo bertan ezgaitasunen nazioartekoa ere ba omen zen) eta berorien balio zein zergatiez luzeago mintza gaitezke. Hala ere, errepara diezaiogun hasierakoari.

Nestor Basterretxeak egindako logoa. Euskonews.com gunetik hartua

Eguna bera egunkarietan ere soma genezakeen; DEIAk, esaterako, lehen orrialde bikoitza izan zuen atzokoan horietako bat euskara hutsean izanik. Euskararen presentzia zertxobait handiago, oro har. Eta, honetan ere hedabideak bat, euskaldun berriei eginiko elkarrizketak. Adibidez, txoko honetatik agertutako Reyes Prados toki batean baino gehiagotan azaldu zen.

DEIAn bi pertsonari egin zitzaien elkarrizketa. [Enlace roto.]luzeagoa [Enlace roto.] baino; tituluak ere desberdin. Grezian bizi eta gaztelera-irakasle den Leonor Quintana bilbotarrak euren hausnarketa edozein hizkuntza-ikaslerentzat interesgarria dela zioen. Neuk, behintzat, atalen bat azpimarratu nahi dut.

Bien motibazioa argi ageri da; desberdina, seguruenik, baina motibazio sendoa. Testuinguruaren garrantzia suma daiteke, baina ez da ezinbestekoa (Euskaldun berriaren baladako protagonista ere Barakaldokoa genuen) eta familiaren sostengua azpimarratzen dute biek, baita ohituren pisua ere. Euskalkien auzia eta zer eredu irakasten den ere ageri da neurri batean.

Ikasle eta irakasle naizen aldetik –hala adierazten dut sarri– batek esandakoarekin bukatu nahi dut. Gazteagoekin ezagutzak partekatzea umiliagarria ei da (edo izan ei da) berarentzat berriaren arabera; desberdinekin eta desberdinengandik ikastea aberasgarri ulertzen dut neuk.

Mintzatzu, ikasi, gozatu

Halaxe irakurri nuen lehengoan kaletik nindoala iragarki batean, ingelesez. Urrutitik horiexek ziren ondo ikusten ziren hitzak, letra handian idatzita baitzeuden. Lelo ona, pentsatu nuen, ikasi eta gozatu elkartzen dituen ikuspegiak.

Hurbildu ahala, testu gehiago ikusi nuen. British Councilek egindako propaganda zela lehenengo, ikurra agertzen baitzen. Neure kolkorako pentsatu nuen kanpaina interesgarria zela. Baina, ondoren, letra txikiagoz, ume eta nerabeentzat zela. Hasiera batean gazteentzako ikuspegi hori helduentzat zabaldu ote daitekeen galdetu nion neure buruari, eta handik lasterrera erantzuna: lelo bera helduentzako ikastaroetarako ere bai (tira, “heldu” gaztea zen modeloa)

Ongi etorri, beraz, ikaskuntza modu erakargarrian planteatzeako asmoa (halaxe izango ahal da!) Gozatu, alegia, nahiz eta pertsonaren helburuak, zilegi izateaz gain, serioak izan. Bai bai, letra odolaz sartu ohi zen, baina modu hoberik badago, ezta?

Reyes Prados, Sevillan jaiotako euskalduna

Sevillatik etorri zen Reyes Prados kazetaria Euskal Herrira. 9 hilabetetan ikasi du euskara, berak ekainean Euskadi Irratian adierazi zuen bezala. Deian argitaratutako [Enlace roto.] eman zuen bere arrazoien berri. Joan den astean, #poziktibity ekimenaren baitan, Anne Igartubururekiko solasaldi bat aurkeztu da. Gaur bertan, berriz azaldu da Dida saioan (eta astero agertuko omen)

Dena den, eta berak esan bezala, hor dabilkigu jo eta ke ikasten: besteak beste, Errezilen eman du udako zati bat, irratiko elkarrizketa hartan aurreratu zuen bezala. Bertan bizi izandakoak eta bere hausnarketak blog batean plazaratu ditu.

Reyes Pradosen argazkia. Deia.com-en argitaratua

Baserri horretako kide batek adierazitakoa jaso du Reyesek sarreratako batean (testuan dagoen bezala dakarkizut):

“Guk berari irakasten dugu baina berarekin asko ikixten dugu, baita ere”

Reyes ikasle berezia dela ezin uka (denok ez al gara bereziak, ba?) eta euskara kontuetan arrakastatsua oso, gainera. Edonola ere, ikastearen eta irakastearen beste ikuspegi bat badugu aurreko testuan; alegia, baserritar horiek, eta errezildarrek oro har, irakatsi diote baina berarengandik ere ikasi dute. Eta udan, gainera.

Etorri da iraila…

eta horrekin batera, ikasturte berriaren hasiera, eskolara bueltatzeko deia. Adiskideren batek aipatu du urte berriaren hasieran baino aldaketa eta berrikuntza gehiago sumatzen duela bere inguruan; eta ez da bera, hain zuzen, ikastetxe batera lehenengoz joango den haur horietako bat.

Bizitza osoan ikastearena (eta, konturatu edo ez, halaxe gertatzen dela baieztatzea) txoko honetako leloetako bat bada; udan ere ikasi egiten dela, beste bat (uztailaren 17ko sarreraren gaia izan zen, adibidez). Ez dago etenik.

Jose Mari Martinez, Deia-n argitaratutako argazkia (14/06/24)

Hala ere, zail zaio askori ulertzea. Lehengo baten, beste adiskide baten alabak galdetu zion ea zergatik esaten nuen ikastera nindoala (heldua, oso nagusia beretzat, eta uda sasoian). Are, amak esan zion nirekin euskaraz hitz egin zezakeela eta nerabezaroaurrean dagoen neskak erantzun berriz, klasean hasi arte ez duela hizkuntza hori erabiliko. Esaldi batean hemen aipatzen ditudan ajeetako asko irudikatuta.

Irailean, ikasten hasi baino, ikasten segituko dugu, etenaldirik gabe. Klasean bai, baina jantokian, kirolean eta eskolaz kanpoko jardueretan ere bai. Zientzia landuko den solasaldirako ekimenetan ere bai, jakina ([Enlace roto.]). Azken finean, toki eta eremu guztietan. Guztiok.