Antzekotasun handiegiak

Lehenengoa:

Alderatu ondorengo bi irudiak; iturria: Jordi Adellen bloga.

Ondoriorik? Zer da azalean dagoena eta zer azpian? Hor dago kakoa. Jordik berak primeran azaldu du. Azken finean, tresneria eta teknologia bitartekoa da, eta egiten duguna, pentsatzen eta uste dugunak baldintzatzen du.

Bigarrena:

Ba al dakizu zer zen NO-DOa? Antza, oraindik Atxagaren proposamenak ez du oihartzun handiegirik lortu eta Wikipedian sarrera gazteleraz baino ez dago. Garaiei zegokienez, You Tuben topatutako hau ere gazteleraz eta zuri-beltzean dago. 1970ko Hezkuntza Legeaz ari dira, zergatiak azaldu nahian. Bai, lagun, Villar-Palasi legea, EGB edo OHO ekarri ziguna edota BUP, FP eta COU, besteak beste. Hala ere, urteak joan, urteak etorri, badirudi funtsean ez dutela, ez dugula askorik ikasi.

30 urte (eta hilabete bat) geroago

Irakaslerik onena bizitza ote da? Behin baino gehiagotan galdetzen diot neure buruari. Uholdeak gertatu zirela 30 urte bete dira aurten; hamaika erreportaje, elkarrizketa, iritzi, blog-sarrera… plazaratu dira azken hilabetean. Izan ere,  denok gogoratzen dugu, gutxi gora behera, non egon ginen eta zertan ari ginen une haietan.

DEIAn argitaraturikoa

Inoiz kontatu dut parte-hartze zuzen-zuzena izan nuela Bilbon gertatutakoan (aurten, orain dela bost urte). Tamalez, ez elkartasunagatik; kaltetuen artean egon zen nire familia, Atxurin bizi baikinen. Ilobei kontatzeko pasadizoa banuela pentsatu nuen hasiera batean; gerora, hainbat hausnarketa egiteko modua ere izan dut. Besteak beste, zer ikasi nuen orduan (parentesia: udan izan zen; nire tesia sendotu egiten da, beraz). Honatx laburbilduta:

  • laguntasuna, elkartasuna zer diren; baina, aldi berean, ez dela gauza bera zeure arazoa izatea edo, nola edo hala, arazoa zeure egitea; are gutxiago, ikusle modura egotea, laguntza eman arren.
  • izua zer den, hurrengo egunean (edo orduan) zer gertatuko den ez jakiteak dakarren izua (urez inguraturik marea goraren zain egon ginenean bezalaxe)
  • bakardadea, isolamendua (zeuden auzoko bakarrak egoeraren larritasunaz jabetu ziren arte behintzat; ez argirik, ez telefonorik…)
  • bizitza di-da batean alda daitekeela, jaietatik hondamendira zegoen tartea zein txikia zen (den), eta dena galtzeraino ere irits litekeela, bizitza bera ere bai (baten batek galdetu zidan gerora ea ez nuen etxea eror zitekeela pentsatu; pentsatu izan banu, igerian alde egiten saiatuko nintzatakeela erantzun nion)

Kaletik at

Kalekumea nauzu; zer egingo diogu, ba. Eta herriaren erreferenterik izan ez duen horietakoa gainera. Hau honela, nekez bereizten ditut zuhaitz eta arbolak, edota txoriak, biologian nota onak ateratzen nituen arren. Are, geografia gaian ere ez nintzen gaizki moldatzen, baina komeriak neure burua kokatu behar badut. Iparrorratza uzten badidate, akaso, baina eguzkiaren eta antzekoen erreferentziarekin… Hala ere, bidean mapak erabiltzen duenetakoa naiz; oraindik ez dut gps-rik baliatzen, zin dagizut.

Deian ateratako argazkia (Iturria: Getxoko Udala)

Aurreko asteetan aipatutako gaiei jarraiki, hondartzan gal ez daitezen aholkuak eta erreferentziak erakusten sumatu ditut egunotan gurasoak. Beharbada, [Enlace roto.], ezustekorik har ez dezaten ([Enlace roto.]eskumuturrekoak hedatzen ez diren bitartean, behintzat). Nork zioen, bada, ez dela udan asko ikasten?

 

Aurre hartu ala zain egon?

Ikaste kontuetan badago jarrera proaktiboa… eta erreaktiboa. Alegia, aurrea hartu, saiatu ala zain egotekoa. Halaxe sumatu nuen lehengoan bilera batean; bertako partaideetako batek esparru jakin bateko “prestakuntza eskatu” zuen.

Noticias de Navarra-n argitaraturiko argazkia

Esparrua teknologikoa izanik, nire curriculumaz eta ezagutzez pentsarazi zidan. Hala, informatika eremuko hainbat ikastaro “egin” ditudala konturatu nintzen. Are, aspaldikoak dira lehenengoak, 1989koak hain zuzen (bai, bazegoen ordurako ordenagailurik). Besteak beste, open-access zeritzon software-pakete bati buruzkoak; garai hartako aditu batek zioen pakete hura izango zela gerora erabiliena baina ematen dit ez zuela asmatu. Urteak joan ahala, autoformazio egituratu bidez ere burutu nituen batzuk eta IT deritzon txartela eskuratu (ia inoiz erabili ez dudan programa batena, portzierto). Edonola ere, powerpoint ezagunaren ingurukorik ez dut inoiz egin, ez dut bide ez formalean landu, baina nire kabuz saiatu naiz… eta ikastaroren bat prestatu eta ematerainoko maila erdiestera ere iritsi nintzen.

Ondorioz, nagusiki teknologiaren munduan sarri norberak egiten duenari jarraiki, Sarean dauden baliabideak modu egoki samarrean erabiliz, jardunez ikasten dugulakoan nago. Ikastaroetan “ikasitakoa” bere horretan geratu izan da erabili ezean. Aipatua dut hemen jada ikaskuntza ez formalarena. Adibide bat jartzearren, ez dakit whatsapp hori erabiltzeko ikastarorik antolatzen ote den, baina horixe erabiltzen dela azken boladan, ezta? Ez nau harritzen, beraz, Eusko Jaurlaritzak berak eginiko azken migrazioan bertako langileei ikastaro andana eskaini ordez “pilulatxoak” eskaini izana. Izango duen emaitza… beste upeleko sagardoa, jakina.

Agur esaten ere ikasi behar

… eta ez dakit inon irakasten den. Edota erakutsi ere egiten den. Gure inguruan, heriotzak -eta maila apalagoan, agurrak- ezkutatu egiten direla ematen dit. Baina hor daude. Bizitzarekin batera, ezinbestean.

Neure kasuan azken egunotan hausnartzeko beta izan dut. Halaber, heriotza hurbil sumatzean, bizitzak -gure artean behinik behin- baduela azkenik nabaritzeak heldu egin ditu gure seme-alabak; berez, gorputzez hazi direnak, beste errealitate batzuk ikusi eta ulertzeko bidea egin dutelakoan nago. Ume izatetik heldu izatera egiten den bidean dagoen igarobidea, nolabait esateko.

Gaizki ulertu zuela adiskide batek uste nuen, egun luze-luzeak bizi nituela adierazi nuenean -hustu beharra nuen, zinez, era laburrean izan arren- eta berak disfrutatzeko erantzun zidanean. Ez, ordea; sumatu zuen  zertaz ari nintzen, eta egoerarik latzenean ere badagoela alderdi onik ulertarazi zidan. Gutxi gora behera, Xabier Amurizak idatzi eta Imanol Larzabalek kantatu bezala, mundua ez delako beti jai, inoiz tristea ere bai, baina badirelako mila motibo alai kantatzeko.

“El Almacén de Fotografías Libres” webgunetik hartutako argazkia

Eta, honelako ikasketak, ez dut uste planifikaturiko curriculatan agertzen edo agertuko direnik. Beharbada, horretarako denborarik ere ez. Nahiz eta ikasi behar diren, heldu izateko bidesaria direlako seguruenik.