Interneten idaztea eta hezkuntzaren esparruko blogak

Abuztuan Felipe Zayas-en berri eman nizun hemen. Orduan adierazi nizun bezala, irailean berriz hurbildu zen guregana. Eta halaxe izan zen. Honekin batera duzu berak Interneten idazteaz eta hezkuntza esparruko blogez aurkeztutakoa.

http://www.slideshare.net/felipezayas/escribir-en-internet-blogs-educativos

 

Hori bai, ez zuen hau aipatu 😉

Hitzaldi baten edukia… eta edukitzailea

Duela ia hilabete, Barakaldon Miguel Angel Santos Guerraren hitzaldi batera joan nintzen. Ez zen irakasle hau entzuten nuen lehenengo aldia; are, idazle oparo honen liburuak, eta idazlanak oro har, aspaldi hasi nintzen irakurtzen eta gaur egun ere irakurtzen ditut. Esate baterako, larunbatero El Adarve deritzon esparruan argitaratzen du –baina ez nuke esango blogaria denik, horri blog esaten dioten arren; egunkarietako blogei buruzko iritzia plazaratu dut dagoeneko–. Esan zituen gehienak ez ziren niretzat berriak izan; edonola ere, hizlari trebea da eta gustura entzuten den horietakoa.

Egun, aukera dexente dago batek esandakoak jaso eta plazaratzeko. Bat, adibidez, bideoz grabatu eta igotzea da; halaxe egin zuen Mikel Agirregabiriak eta geroago Josi Sierrak, Berritzegune Nagusiaren kanalean zintzilikatuta. Beste aukera bat, Storify erabiltzea, Berta Martinezek egin zuen bezala.

Nik, aldiz, beste bat baliatu nuen, Hizpideren 80. zenbakian argitaraturiko Guillermo Gómezen  artikuluan proposatutakoari jarraiki: google drive erabiltzea. Hau honela, hitzaldian bertan apunteak jaso nituen eta une hartan bertan Sarean partekatu; gerora idatzitakoa zuzendu eta osatu egin nuen. Parte hartu nahi izan dutenek ere izan dute horretarako aukera eta emaitza honetara iritsi gara.

Horra hor, beraz, hitzaldi baten edukiaren berri izateko edukitzaile desberdinak… eta osagarriak.

Antzekotasun handiegiak

Lehenengoa:

Alderatu ondorengo bi irudiak; iturria: Jordi Adellen bloga.

Ondoriorik? Zer da azalean dagoena eta zer azpian? Hor dago kakoa. Jordik berak primeran azaldu du. Azken finean, tresneria eta teknologia bitartekoa da, eta egiten duguna, pentsatzen eta uste dugunak baldintzatzen du.

Bigarrena:

Ba al dakizu zer zen NO-DOa? Antza, oraindik Atxagaren proposamenak ez du oihartzun handiegirik lortu eta Wikipedian sarrera gazteleraz baino ez dago. Garaiei zegokienez, You Tuben topatutako hau ere gazteleraz eta zuri-beltzean dago. 1970ko Hezkuntza Legeaz ari dira, zergatiak azaldu nahian. Bai, lagun, Villar-Palasi legea, EGB edo OHO ekarri ziguna edota BUP, FP eta COU, besteak beste. Hala ere, urteak joan, urteak etorri, badirudi funtsean ez dutela, ez dugula askorik ikasi.

Urrutiko hezkuntza beherapenetan?

Ala online da merketuz “saldu” nahi dena?

Kontua da, lagun hori, azken boladan e-postaz eskaintzak bidaltzen dituzten zenbait webgunetan utzi ditudala datuak (eta zuk?). Era guztietatakoak dira, aisialdiarekin loturikoak normalean: jatetxeak, hotelak, bidaiak, masajeak… Baina bestelako produktuei buruzko informazioa ere jaso ohi da.

OnlineClock Flickr-en

Hala, kontu bat suertatu zait oso deigarri egunotan eskaintza horiekin: ikastaroak “salgai”, on line, itzeleko beherapenekin; % 96a ere kasuren batean. Ez dakit gaia den –horietako bat ditxosozko community manager izateko zen, esaterako–, ala ingurunea bera: bigarren mailakotzat jotzen da urrutiko hezkuntza?

Sarri esaten dut lizentziatura-ikasketak urrutiko hezkuntzaren bitartez egin nituela; arrakastaz, gainera.  Gerora, online osagaia zuen ikastaroren bat diseinatu eta tutorizatzea ere egokitu zait. Ez da erraza, jakina; hala ere, eta zailtasunak zailtasun, egingarria bai. Baina hortik beherapenetan jartzeraino…

Ikasi, desikasi, berrikasi

Duela gutxi, Huescako Sallent de Gállego herrian nengoela, topo egin nuen argazkian ikusiko duzunarekin; iraganeko komunikazioen bi ikurrekin alegia. Egia ere bada oraindik orain telefono finkoak -eta telefono-kabinak, are maila apalagoan izan arren- eta paper bidezko posta baliatzen direla, baina egoiliar digitalei horiek zer diren ezagutzea ere kosta egingo zaie seguruenik. Hala, garai batean ikasitakoa, maila batean desikasi egin behar izan dugu -et, et, “palabroa” nik idatzi aurretik agertu da, Deian bertan 2012ko maiatzean [Enlace roto.], esaterako- komunikazio-era berriagoetara egokitzeko, hau da, berrikasteko. Ohartu, bestela, nonahi mugikorren pantailetan sakatzen ari direnen kopurua.

Comunicacion en Sallent
Behingoagatik, argazkia neurea

Halaber, eta beti ikastearen auzia -udan barne, aurrekoan idatzi bezala– gogorarazi dit aste honetan [Enlace roto.]. Ikasi eta ahazteaz. Eta deigarria bere zutabearen bukaera: “gogoratzen dudana bezainbeste maite dut ahaztu dudan guztia”.