Normaltasun berria? Normalkeria?

Sarritan gaztelaniaz asmatutako hitzak, hizkuntza horretako hitz bitxiak… jaso eta plazaratzen ditut, Twitter bidez nagusiki; #palabro traol-hitza baliatzen dut horrelakoetan. Garai oparoa izan dugu esparru horretarako oraingoa zalantzarik gabe; egoera berriak izendatzeko hainbat hasi baikara erabiltzen, desescalar esaterako (nire zuzentzaile automatikoak, temati, desconfiar jartzen didan arren behin eta berriz).

Euskararen eremuari dagokionez, koronabirusaren oinarrizko lexikoa plazaratu zuen Euskaltzaindiak, UZEIrekin lankidetzan, apirilaren 14an. Bakartu ageri da hitz horien artean. Hauxe da esanahietako bat: lagunartetik urrundu. Elhuyar ere ari da antzeko lanean: COVID-19 gaitzaren inguruko terminologia. Gure hiztegietako #azkenaldaketak.

Urruntze hori dela-eta, hausnarketa interesgarria irakurri nuen lehengoan (Beatriz González López-Valcárceli elkarrizketa El Diario.es-en). Izan ere, bereiztu egin zituen distantzia “soziala” eta distantzia “fisikoa”; Elhuyarrek, terminologia aldetik, urruntze fisikoa eta soziala proposatu ditu, distanciamientotik abiatuta. Edonola ere, bereizketa kontuan hartzea hitzetatik harago doala iruditzen zait, segurtasun-distantzia ahaztu gabe. Sarritan, fisikoki hurbil gaude baina bakarrik gaudela sumatu. Alderantziz ere gerta daiteke; horra hor aspalditxo egin nituen ikerketa eta proposamenetan komunikazio sinkronoaren alderdi positiboetako bat.

Heds 1 at English Wikipedia / Public domain

Hala ere, badago kezkatzen nauen kontzeptu bat: “normaltasun berria”. Ez dakit zer ukitu ematen dion “berri” horrek berez subjektibo samarra den hitzari. Zer (edo nor) da normala? Nork erabaki du normala zer den? Eta horretarako euskarak badu erreminta bat atzizkien aldetik. Berri hori normaltasuna edo normalkeria (hau ez dago hiztegian) izango ote da?

Itzultzaile neuronalak

Duela bi urte pasatxo idatzi nuen hiztegiei buruzko sarrera bat; bertan “itzultzaile automatiko neuronalak” aipatu nizkizun jada. Kontua da gaiak aurrera egin duela, jakina, eta une honetan badugu euskaraz aukera bat baino gehiago eskura Sarean.

Horietako bat Jaurlaritzaren webgunean dugu; itzultzaile “gramatikal” bat ere bdadgo. Urrian beta bertsioa aurkeztu ondoren abenduan egin zuten lehenengo balorazioa (egunean 50.000 itzulpen baino gehiago sailburuaren esanetan, besteak beste) eta mugikorretarako aplikazioaren berri eman zen. Halaber, agerraldi horretan adierazitakoaren arabera

Sare neuronalen bidezko itzulpena azken hiru urtean hasi da erabiltzen modu produktiboan, eta jauzi kualitatibo handia dakar orain arte erabilitako sistemekin alderatuta (analisi eta transferentzia gramatikaletan, sistema estatistikoetan edo hibridoetan oinarritutakoak). Itzultzaile neuronalek giza garunaren funtzionamendua imitatzen dute, eta, beraz, entrenamendua behar dute ikasteko. Sare neuronalen bidez lortutako itzulpenak erraz irakurtzen dira, koherentzia dutelako eta esaldiaren barruko elementuen arteko lotura hobeto mantentzen dutelako orain arte erabilitako itzulpen automatikoek baino […] Itzultzaile neuronalak etengabe ari dira ikasten, baina horretarako corpus elebidun handiak behar dituzte


Baina, esan bezala, ez dagoen aukera bakarra esparru honetan. Izan ere, Elhuyarrek ere badu berea (itzultzailea.eus) eta erabilgarri dago 2019ko azarotik ordenagailu eta mugikorretarako. Seigarren hizkuntza gehitu diote urtarrilean: ingelesa gehitu diote lehendik zeuden euskara, gaztelania, frantsesa, katalana eta galegoari.

Ezagun batek itzulpenen kalitatea azpimarratu dit. Nik neuk egindako saiakeretan emaitza ez da txarra izan, oraindik azken froga falta zaidan arren, lagun batek inoiz egin duen froga bat hain zuzen: Silvio Rodríguezen hitzen itzulpena.

Nahiz eta itzulpenak onak izan, profesionalen lana beharrezkoa izango dela esaten da. Ikusiko dugu hemendik bi urtera edo bilakaera zein den… sarreren erritmoa mantentzeko eta ordurako blogak bizirik badirau, jakina.