Beti konparatzen, eta ez eskamak kentzen

Urtea amaitzear dagoenean, balantzeen ordua dela ematen du. Eta, bizitzako beste hainbat esparrutan bezala, konparazioari ekiten diogu honelakoetan; esate baterako, 2014a baino hobea izan da 2015a. Edo ez? Hau da, abestiak dioen “beti eskamak kentzen”, “beti konparatzen” bihurtzen dugu.

Kontuetako bat da konparatzeko erabiltzen dugun informazioa edo oinarria. Sarritan, datuak baino gehiago, susmoak direla esango nuke. Eta beste bat, hauxe ere garrantzitsua: zerekin edo norekin konparatzen dugun.

Gogoan dut, batxilergoa hasi nuenean, garai hartako BUP famatua, berrikuntza bati ekin ziotela ikastetxean, garai hartako konputagailuak lagun. Hala, ebaluazioen ondoren jasotzen genituen notetan eta oharretan, ikasgai bakoitzean lortutako emaitza edo balorazioaz gain, ohiko bikain, oso ongi eta antzerakoez gain alegia, taldekideen artean genuen postu erlatiboaren berri ematen zitzaigun… edo zitzaien gurasoei. Bestela esanda: bikain atera zenezakeen, baina gainontzekoekin alderatuta, balio erlatibo eskasa zuela ere azpimarratzen zen. Alderantziz ere gerta zitekeen “ez gai” lortzekotan.

JJ Vico Bretones Flickr-en. CC lizentziapean

Duela gutxi aditu nion ezagun bati horixe nahi izaten dutela (dugula) gurasoek (gurasook). Alegia, ez gure haurra / umea / nerabea / gaztea (aukera beza bakoitzak behar duena) behar bezala ari den aurreratzen, ikasten ari den… gainontzekoekiko konparaketa baizik. Agian, horri erantzun nahi izan zioten ikastetxean.

Beste batzuetan, berriz, ondokoak dira konparatzeko langa hori: anai-arrebak, senitartekoak, auzokoak… Eta aukeratutako langa ez da hutsala, jakina; ikastetxeko kideena ez den bezalaxe. Edota gizartean arrakastatsuen direnena.