Hizkuntzak jakiteaz berriz

Joan den astean, Pilar Kaltzadak elebitasuna izan zuen gai [Enlace roto.]. Bada denboratxo bat gaia atera nuela nire beste txokoan, kasu hartan etorkinaren herriminari lotua; halaber, hizkuntzak ikastea ere izan dugu hemen hizpide.

Finean, hautu pertsonala izan zen euskara Pilarren kasuan, berak idatzitakoari jarraiki. Dena den, nire ustez badu pisurik inguruak. Alegia, besteak beste bere gurasoek hartutako erabakiek badute zerikusirik, zuzenago ala zeharka, euskara ikasi eta euskaldun izateko erabakian. Era berean, txikitatik elebidunon garenon kasuan zein gainontzekoetan, gure inguruan hartutako erabakiek badute eragin zuzenik, nahiz eta aurrerago heltze-prozesuan hartu beharreko erabakien multzo handian sartzen den hizkuntzena.

Eta erabaki horietan beste baldintzatzaile bat sumatzen dut. Izan ere, ildo bereko bi berri irakurri nituen joan den astean Deian. [Enlace roto.], batetik, Edinburgoko Unibertsitateko ikerketa bat azaltzen zen; haren arabera, elebitasunak (edo eleaniztasunak) eragin positiboa du Alzheimer kontuen garapena oztopatzean, esaterako –bestelako aldeko arrazoi gehiago ere badago–. Bestetik, [Enlace roto.], helduengan (garai batean zaharrrengan esango genukeen) euskara ikasteak dituen ondorioak –onak, ustez– aztertzeko.

Ibán Flickr-en

Hau honela, bizitza osoan ikasten aritzeko hartutako erabakia nola bota atzera, irakurle lagun hori, mende erdiaren atarian nagoen honetan?

Aurre hartu ala zain egon?

Ikaste kontuetan badago jarrera proaktiboa… eta erreaktiboa. Alegia, aurrea hartu, saiatu ala zain egotekoa. Halaxe sumatu nuen lehengoan bilera batean; bertako partaideetako batek esparru jakin bateko “prestakuntza eskatu” zuen.

Noticias de Navarra-n argitaraturiko argazkia

Esparrua teknologikoa izanik, nire curriculumaz eta ezagutzez pentsarazi zidan. Hala, informatika eremuko hainbat ikastaro “egin” ditudala konturatu nintzen. Are, aspaldikoak dira lehenengoak, 1989koak hain zuzen (bai, bazegoen ordurako ordenagailurik). Besteak beste, open-access zeritzon software-pakete bati buruzkoak; garai hartako aditu batek zioen pakete hura izango zela gerora erabiliena baina ematen dit ez zuela asmatu. Urteak joan ahala, autoformazio egituratu bidez ere burutu nituen batzuk eta IT deritzon txartela eskuratu (ia inoiz erabili ez dudan programa batena, portzierto). Edonola ere, powerpoint ezagunaren ingurukorik ez dut inoiz egin, ez dut bide ez formalean landu, baina nire kabuz saiatu naiz… eta ikastaroren bat prestatu eta ematerainoko maila erdiestera ere iritsi nintzen.

Ondorioz, nagusiki teknologiaren munduan sarri norberak egiten duenari jarraiki, Sarean dauden baliabideak modu egoki samarrean erabiliz, jardunez ikasten dugulakoan nago. Ikastaroetan “ikasitakoa” bere horretan geratu izan da erabili ezean. Aipatua dut hemen jada ikaskuntza ez formalarena. Adibide bat jartzearren, ez dakit whatsapp hori erabiltzeko ikastarorik antolatzen ote den, baina horixe erabiltzen dela azken boladan, ezta? Ez nau harritzen, beraz, Eusko Jaurlaritzak berak eginiko azken migrazioan bertako langileei ikastaro andana eskaini ordez “pilulatxoak” eskaini izana. Izango duen emaitza… beste upeleko sagardoa, jakina.

Burmuina oporretan?

Bagaude uztailean. Eta badirudi opor ukitua duela inguratzen gaituenak (aurten, antza, eguraldia dugu salbuespen). Hala, deigarri egin zitzaidan joan den astean Athleticen emakumeen taldeko kapitain den (eta Bilboko Aste Nagusian pregoilari izango den) Iraia Iturregik  idatzitako txio bat:

Irudiaz ari naiz, ez atsedenaren beharraz edo denbora bestelako jarduerei eskaintzeaz, jakina. Bizitza osoan ikasi behar bada, udak horretarako ere badira nire ustez. Ikaskuntza formaletik ez formalera doan bereizketa continuum bat dela onartuta, ohar gaitezen garai bateko iraileko azterketak ekainera joan direnetik txikitu egin dela formaltasun horren esparrua, baina, aldi berean, ezin ukatu eskaintza ez formala hedatzen doala. Are, ez dugu ikasten atzerrira goazenean? (eta ez soilik gazteak hizkuntza ikastera joaten direnean) Noiz ikasi genuen igerian? Eta bizikletan? Zer ikasten dugu liburuetatik? Eta museoetan? Eta hondartzan edo mendian eginiko txangoetan?

Laburbilduz, uda, beroa, oporrak, bai, baina burmuina adi eta bizi. Haur, gazte eta helduengan. Beti.

Formala eta informala

Iñaki Irigoieni egindako elkarrizketa irakurri nuen [Enlace roto.]. Eta nire txoko nagusian, Botxotik ziberespazioran alegia, egin nuean hausnarketetako bat gogorazi zidan. Bertan idatzitakoa dakarkizut gaurkoan, oraindik ere freskotasuna galdu ez duelakoan.


 

Josu Orberen argazkia Flickr-en

Ikaskuntza formaletik informalera doan continuumean, egun haurrak eta gaztetxoak formalaren muturrerantz eramateko joera edo tentazioa dagoela ematen dit. Adibide gisa, eskolaz kanpoko jardueren pisua handitu egin da zalantzarik gabe azken boladan. Eta honen arira ulertzen dut berriki Patxi Labordaren hausnarketa; dantza-maisu eta Aiko taldeko kidea dugu, besteak beste, iruñar hau.

 Deiaren Ortzadar kultur eranskinean plazaratu zuen bere ikuspegia urtarrilaren 14an “haurrak, haurrak ederrak” izenburupean argitaratutako zutabean. Bertan azaltzen du semetxoaren kasua, zergatik ez duen dantza taldera bidali eta bere ustez nola ikasten eta ikasiko duen (eta Patxi ezagututa seguruenik halaxe izango da, aita-seme betiko tirabirak beste norabait eramaten ez badu ); are, tradizioz nola ikasi den. Laburbilduz, euskal esaera zaharrak ere halaxe dio: zer ikusi, hura ikasi.

 Zilegi bekit horren itzulpena egitea: semeak irakurtzeko gurasoak irakurtzen ikustea izango da bide aparta, kirolean kiroltasunez aritzeko gurasoak hooliganak ez izatea, eta abar. Eskolak (eta eskolaz kanpokoak) ezin izango dio guztiari erantzun.


Eguneratzea:

Helduok ere bizitza osoan ikasten segitzen dugu; batzuk eta batzuetan era formalizatuagoan gainera.