Iheskortasuna

Aspaldi aipatu nizun hemendik itxoitea dela eskolan ikasten den kontuetako bat. Bizitzaren hainbat esparrutan itxoin behar izaten dugu, behartuta edo borondatez. Aisialdian ere bai. Eta itxoiteak ondorio desberdinak dituela ikasi beharra dago, bizitzan sarri gertatu ohi den legez.

Gogoan izan nuen atzo Espainiako Itzulia pasatzear zegoela, eta txikitako oroitzapenekin lotu. Urte luzeetan Euskal Herritik txirrindularien lasterketa hori pasatu gabe egon aurretikoa da, ni umea nintzenekoa alegia. Erletxe edo Gumuzion gertatutakoa delakoan nago, senitartekoek baserria baitzuten handik, baina badakizu inoiz horrelako gomutetan nahastu egiten garela.

Denbora luzean egon ginen zain. Karabana publizitarioaren zarata, sirena-hotsak… eta aspertzen hasiak ginela, txirrindulariak tupustean. Eta aitaren batean joan ziren gure aurretik, Zornotzarako bidean; gu, berriz, aho bete hortz. Seguruenik, itxoitea eta iheskortasuna zer diren sumatu nuen lehenengo aldia, tartean une haiek gogoan izateko gauza baten bila.

Antzekoa gertatu zitzaien urteen ondoren seme-alabei, Joane Somarriba goian zegoen garaian, hain zuzen. Zain egon ondoren, konturatu orduko joanak ziren neskak, tropelaren erdian zihoan bizkaitarra ia ikusi gabe. Ez dakit seme-alabek frustrazioa ere ez ote zuten nabarituko, iheskortasunaren aurrean.

Tropela Bilbon (2016)

Atzo banekien zer gertatuko zen. Prestaketa luze eta zabalak, hiria hankaz gora behar dena bezala antolatzeko, oharrak eta auto-iladak, jendea espaloi eta bide-ertzeetan zain, lehen ez bezala telefonoak irudiak hartzeko prest… eta iheskortasuna. Pozez gainezka batzuk, oroitzapenak oroitzapen, baina denborak, alaitasunak, txirrindulariak… ihes; bizitzan sarri gertatu ohi den legez. Iheskortasuna.

Eta udan zer?

Argi dago “haurrak –eta ez horren haurrak–  uda / ikasi”  maiz errepikatzen diren gai horietako bat dela. Adibide gisa, [Enlace roto.]ea opor gehiegi duten galdetuz.

Berri gehiago ere agertu da egunotan; [Enlace roto.]. Izenburuan jasotzen dena, guraso zein adituen ahotan jarria, irakurtzea dela funtsezkoa eta haurrak “ez aspertzeko” aholkua. Hala ere, puntu deigarri bat: atsedena izatea ez da ezer ez egitea, eta “planifikazioa” aipatzen da. Ez dakit planifikazio honek udari xarmari kentzen ez ote dion. Edo egungo eskaerei erantzuten dien, baita umeen ustezko atsedenaldi horietan ere, eskolaz-kanpoko jardueren luzapena bailitzan.

Ed Yourdon Flickr-en, CC lizentziapean

Eta, aurreko guztiaren kontra etorriko balitz bezala, badago “betiko” ikuspegia, aberatsen (edo, behintzat, diru kontutan arazorik ez dutenentzat). Ez naiz atzerrian hizkuntzak ikasteari buruz ari, “ardi galduak” bide “onera” ekartzeko “barnetegi” berezi –eta garesti– horiez baino. Jende ezaguna egona da horrelakoetan, eta aurten [Enlace roto.]. Inoiz aipatu dizudan aditu batek, Jacksonek, eskolan derrigorrez egon behar dela idatzi zuen, koartelean eta espetxean bezala. Halako erakundeetan, ez dakit bakoitzaren osagarrietatik zer dagoen, egia esan.

Zer dugu gogoan?

Duela gutxi aipatu nizun Jacksonen liburu bat. Gogoratzen dudan bertako beste ideia  bat da ondorengoa. Sarritan galdetzen diegu gurasook edo senitartekook umeei zer egin duten eskolan egun jakin batean eta zail suertatzen zaie erantzutea; geuri ere halaxe gertatzen zitzaigulakoan nago. Ikertzaile amerikarraren ustez, egun gehienak arruntak direlako gertatzen da, “ohikoa” jazotzen delako –edota “ohikotzat” jotzen dena–.

Hala izango da seguruenik; ez ohikoak geratzen zaizkigu buruan. Geure buru horrek ez du memoria osogarririk onartzen, momentuz, eta tokia behar bizitzan gertatutakoak gordetzeko. Baina pentsatzen jarrita oso argi dauzkagu batzuk. Esate baterako, liburuko atal batzuk ditut gogoan nik neuk, ez guztiak.  Beste bat:  nerabe garaian klasean emandako erantzun batetik abiatu da [Enlace roto.]. Bide horri jarraiki, agindu nizun bezala, aspaldiko kontu bat orain; auskalo ez zaituen harrituko.

Joan den mendean jaio nintzen. Eta, garairi zegokionez, Espainiako himnoa irakatsi ziguten eskolan; hitzak buruz ikasita, ez oraingo “lalala” hori, Pemanen letra baizik  (egia esan, Wikipedian datorrenaren zati bat baino ez dut gogoratzen).

Iruzkinen zain egon gabe, aurreratu egingo natzaizu eta pentsa dezakezunari erantzun. Baina ez zenuen esan ikastolan ibili zinela? Egia da, lagun hori, baina oraindik nolabaiteko onarpena edo ongi ikusia baino ez genuen. Horregatik, patioan goizero ez –hala-moduzko patioa, gainera– baina ikuskaria etor zitekeenerako ondo prestatu gintuzten 70 hamarkada haren hasieran. Eta inoiz entzeguak, entzulego bezala aita ezezagun bat eta guzti lekuko zela, badaezpada. Benetan etorri egin zen ikuskaria? Agian, “ohikoa” den gertakarien barruan egongo zen. Baina hitzak… horiexek bai neure buruan oraindik.

Legeak eta curriculak

Asaldaturik dago gizartea Wert legea dela eta: [Enlace roto.], [Enlace roto.], Deian bertan [Enlace roto.] esaterako… Twitterren horretaz idazten dena ere irakur daiteke; aldeko askorik ez, egia esan. Legeak gora behera, azpiko curriculum edo curriculum ezkutuaz  pentsatzen hasi naiz, alegia, ofizialean jasota egon ez arren berariaz zein nahi gabe ikasten dena.

Ikasten ari nintzela irakurri behar izan nuen liburu bat gogoan dut; Jacksonen “la vida en las aulas“. Bera omen da kontzeptu hori lehendabiziko aldiz plazaratu zuena.

Liburuan, besteak beste,  itxoitea dela eskolan ikasten den lehenengoetakoa dio: itxoin sartzeko, itxoin irteteko, itxoin hitz egiteko, itxoin irakaslearen atzeraelikadura jasotzeko, itxoin guraizeak erabiltzeko, itxoin… Eta hau ez dago curricula ofizialetan idatzita, neuk dakidala behintzat.


Oharra: guk proposaturiko azpiko kurrikulua itzulpenak ez omen du arrakasta handirik lortu; Googlen bilatu eta nire 2008ko erreferentzia baino ez  zait agertu.