Iheskortasuna

Aspaldi aipatu nizun hemendik itxoitea dela eskolan ikasten den kontuetako bat. Bizitzaren hainbat esparrutan itxoin behar izaten dugu, behartuta edo borondatez. Aisialdian ere bai. Eta itxoiteak ondorio desberdinak dituela ikasi beharra dago, bizitzan sarri gertatu ohi den legez.

Gogoan izan nuen atzo Espainiako Itzulia pasatzear zegoela, eta txikitako oroitzapenekin lotu. Urte luzeetan Euskal Herritik txirrindularien lasterketa hori pasatu gabe egon aurretikoa da, ni umea nintzenekoa alegia. Erletxe edo Gumuzion gertatutakoa delakoan nago, senitartekoek baserria baitzuten handik, baina badakizu inoiz horrelako gomutetan nahastu egiten garela.

Denbora luzean egon ginen zain. Karabana publizitarioaren zarata, sirena-hotsak… eta aspertzen hasiak ginela, txirrindulariak tupustean. Eta aitaren batean joan ziren gure aurretik, Zornotzarako bidean; gu, berriz, aho bete hortz. Seguruenik, itxoitea eta iheskortasuna zer diren sumatu nuen lehenengo aldia, tartean une haiek gogoan izateko gauza baten bila.

Antzekoa gertatu zitzaien urteen ondoren seme-alabei, Joane Somarriba goian zegoen garaian, hain zuzen. Zain egon ondoren, konturatu orduko joanak ziren neskak, tropelaren erdian zihoan bizkaitarra ia ikusi gabe. Ez dakit seme-alabek frustrazioa ere ez ote zuten nabarituko, iheskortasunaren aurrean.

Tropela Bilbon (2016)

Atzo banekien zer gertatuko zen. Prestaketa luze eta zabalak, hiria hankaz gora behar dena bezala antolatzeko, oharrak eta auto-iladak, jendea espaloi eta bide-ertzeetan zain, lehen ez bezala telefonoak irudiak hartzeko prest… eta iheskortasuna. Pozez gainezka batzuk, oroitzapenak oroitzapen, baina denborak, alaitasunak, txirrindulariak… ihes; bizitzan sarri gertatu ohi den legez. Iheskortasuna.

Seme-alabei irabazten utzi?

Behin baino gehiagotan izan dut mintzagai: zer egin seme-alabekin eurekin jokatzen denean? Irabazten utzi ala ez?

Txiki Xake blogetik hartutako argazkia

Badut beti halaxe egiten zuen ezagun bat; are, garaikurrak ere erosten zituen semeari emateko. Neurea, kontrako iritzia izan ohi da. Agian, tarteko bidea izango da egokiena; eta horren adibide dexente, Quora webgunetik etorri zait.

Hala, xakearen ingurukoa zen abiapuntuan planteatu zen galdera, alegia, 8 eta 11 urteko seme-alabei eta xakean jokatzen hasi berriei irabazten utzi ala ez; eta erantzunak, ugari, besteak beste, Jimmy Walesena berarena. Eta, badirudi, ñabardurekin (pieza gutxiagorekin aritu, berriz pentsatzeko aukera eskaini jokaldia egokia ez bada, jokatzeko ala ikasteko ibili nahi duten…) aukera argia dela. Eta iritzi berekoak omen dira dagoeneko hazi direnak.

Ez litzateke idea txarra izango Nicola Lococok bere iritzia ematea; galtzeko (edo irabazteko, jakina) adibide bitxiren bat eman zuen apirila aldera.

Behaketa eta triangelaketa

Aurreko batean aipatu nizun umeei zail zaiela eskolan egindakoa kontatzea, ezohikoa ez bada behintzat. Baina badugu informazio-iturri aparta: behaketa. Hala, alaba haur-hezkuntzan zebilela, guri buruzko informazio ugari zeukala esan zidan behin andereñoak; berritsua omen zen geurea. Desbideratze profesionalak eraginda agian, geuk ere bagenuela adierazi nion. Izan ere, panpinak biribilean jarri eta ipuinak kontatzen zizkiela, adibidez; edota paperak eta margoak banatutakoan aginduak ematen.

Iturria: pixabay.com

Blogosferan hasi berri nintzela kontatu nuen seme-alabak behatzaile finak direla. Geuretzat ere ez da informazio-iturri makala. Baina bi alderdiri erreparatzea ezinbestekoa dela iruditzen zait, behaketa hori ikerketa formalaren  baitakoa izan ez arren. Mundua ikusteko ditugun betaurrekoak, batetik. Eta informazio bakarra ez dela nahikoa, bestetik.

Triangelaketa da, besteak beste, hezkuntzaren esparruan aipatu izan dena; une desberdinak, informazioa biltzeko tresna desberdinak, datu-biltzaile desberdinak… hiru behintzat, triangeluaren erpinak bezalaxe. Orekatzeko bidea, azken finen. Zeren, eder edo itsusi, zein begik ikusi. Zer den objektiboa eta zer ez, hurrengo baterako utziko dugu.

Agur esaten ere ikasi behar

… eta ez dakit inon irakasten den. Edota erakutsi ere egiten den. Gure inguruan, heriotzak -eta maila apalagoan, agurrak- ezkutatu egiten direla ematen dit. Baina hor daude. Bizitzarekin batera, ezinbestean.

Neure kasuan azken egunotan hausnartzeko beta izan dut. Halaber, heriotza hurbil sumatzean, bizitzak -gure artean behinik behin- baduela azkenik nabaritzeak heldu egin ditu gure seme-alabak; berez, gorputzez hazi direnak, beste errealitate batzuk ikusi eta ulertzeko bidea egin dutelakoan nago. Ume izatetik heldu izatera egiten den bidean dagoen igarobidea, nolabait esateko.

Gaizki ulertu zuela adiskide batek uste nuen, egun luze-luzeak bizi nituela adierazi nuenean -hustu beharra nuen, zinez, era laburrean izan arren- eta berak disfrutatzeko erantzun zidanean. Ez, ordea; sumatu zuen  zertaz ari nintzen, eta egoerarik latzenean ere badagoela alderdi onik ulertarazi zidan. Gutxi gora behera, Xabier Amurizak idatzi eta Imanol Larzabalek kantatu bezala, mundua ez delako beti jai, inoiz tristea ere bai, baina badirelako mila motibo alai kantatzeko.

“El Almacén de Fotografías Libres” webgunetik hartutako argazkia

Eta, honelako ikasketak, ez dut uste planifikaturiko curriculatan agertzen edo agertuko direnik. Beharbada, horretarako denborarik ere ez. Nahiz eta ikasi behar diren, heldu izateko bidesaria direlako seguruenik.