Euskarak Interneten ere bizirik iraun behar duela ez dut kolokan jarriko, jakina. Izan ere, hor ditugu egungo plaza nagusietako batzuk (herrixka globalarena, agian, labur geratu da) eta garai batean aurrez aurre egiten ziren solasaldien esparru berriak puri-purian daude. Ekimen ugari egin da eta egiten da hasieran esandako helburuari begira. Horretarako adierazleak ere baliatzen dira. Alderdi honetatik, ez dakit zein mailataraino izango den baliozkoa sumatu dudan gertaera bat. Baina nolabaiteko arrakastaren zantzua badela iruditzen zait.
Nork ez du jaso bere e-postaz ukaezina dirudien herentzia, sari, negozio edo antzeko zerbaiten berri? Eta zein hizkuntzatan heldu zaizkizu horrelako mezu susmagarriak? Hasiera batean ingelesez, nik uste; geroago, gaztelaniaz ere bai, baina akats nabariak zituzten testuak baliatuta. Testu horiek, dena den, gero eta egokiagoak direlakoan nago. Halaber, mezu susmagarriena aipatu nuen batean, hizkuntzari erreparatzea garrantzitsua zela esan zidan adiskide batek.
Sustatu-n irakurri nuen sarrera: Euskarazko spam neuronala, hau bai kalitatea! Laburbilduz: mezu susmagarriak euskaraz ere bidaltzen dituzte honez gero. Esparru zabaletan ari diren batzuek gure hizkuntza ere kontuan hartzen dutela ematen du; ondo ari gara. Txanponaren beste aldea: ez fidatu euskaraz dagoen guztiaz. Adi, beraz.
Portzierto. Aurrekoan Hizkuntzen Nazioarteko Egunaren berri eman nizun. Egun batzuk geroago, itzulpengitzarena izan zen. Hala ere, ez dut uste mezu susmagarriena ospakizunen artean egongo zenik, ezta?