Teknologia “berriak”

Teknologiari “berri” adjektiboa jartzea ez dut inoiz gustuko izan. Izan ere, berritasun hori erlatiboa delako oso; garai batean zientzia-fikziozkotzat jotakoa ia zaharkiturik dago egun. Ikus dezagun.

Irakasleen %65ak uste (omen) du teknologiaren erabilera hedatu egingo dela ikasgeletan 2015ean (bihar, alegia). Halaxe irakurri dut Carlos Medinaren txio baten bidez. (Baina, zer teknologia da hedatuko dena eta zertarako? Hor dago koxka)

Alazne Gonzalezen txio baten bitartez iritsi nintzen, berriz, beste albiste batera. Horren arabera, gazteen % 11ak baino ez du baliatzen e-posta eta, ondorioz, gerorik ote duen galdetzen da. Aipatu albistean gogorarazten da orain dela ia lau urte, 2010eko ekainean hain zuzen, komunikazio mota horren desagerpena iragarri zuela Facebookeko buruetako batek.

frozenchipmunk Flickr-en

Tartean, Millan Berzosak txiokatutako irudi bati ere erreparatu ahal diogu. Eta, bide batez, hausnartu ea betikoa egiteko erabiltzen ote ditugun baliabide “berri” horiek. Albert Sangràk hausnarketa interesgarria egin zuen horren inguruan “El Pais”eko blog batean: “Querido Google” (hau da, “Google maitea”) da sarreraren izenburua.

Hiru adibideetan Twitter izan dut informazio-iturri. Baina auskalo noiz arte izango den horrela. Egungo sare-sozialen bukaera ari dira iragartzen jadanik (nik, ohi bezala, sare-sozialen guneak nahiago; zerbitzu edo gune jakinak baitira gure sarea ikusarazteko eta kudeatzeko balio duten horiek. Gure sareak, bestelakoak dira, on line eta off line)

Azken finean, MITeko Alan Kayk esan (omen) zuen bezalaxe, teknologia bat teknologia izango da baldin eta zu lehenago jaioa bazara.

Bizkargin trumoye… Mendatan euriye?

Slideshare webguneak bertara igotako aurkezpenei audioak txertatzeko aukera bertan behera utziko du laster. Hau honela, egindako zenbait lan galdu egingo dira edota beste nonbait kokatu beharko dira. Egoera honetan nago; izan ere, nire aurkezpenak azken urteotan bisualak izan dira nagusiki, ahotsik gabe ez ziren autonomoak edo erabat ulergarriak.

Gertakari honek zer pentsatua eman dit, eta, seguruenik, zer ikasia ere bai. Gainera, ez da lehenengoz gertatzen; esate baterako, Mikel Agirregabiria kexu agertu da Blip delakoarekin jazotakoaz, jabeen aldaketa eman ondoren. Eta Iker Merodiok zalantzaren bat utzi du twitter dela-eta.

petitshoo Flickr-en (CC lizentziapean)

Teknologien munduan aldaketak azkar doaz. Beraz, jarrerak eta baloreak dira funtsezkoak, ez erreminta jakina. Alegia, kasu honetan aurkezpenei ahotsa jartzeko beste bideren bat topatu beharko horrek balio duela pentsatzekotan.

Hortaz aparte, dohaineko kultura hedatua dago Sarean; eta, berriz ere, beste froga bat dugu hemen. Handien interesak bestelakoak dira, ez gara interesik gabeko erakundeekin ari. Duela gutxi Jorge Campanillasek adierazi zuen bezala, aplikazio baten truke ordaintzen ez badugu, agian produktua gu geu izan gaitezke.

Halaber, edukiak geurek izan daitezke bai, guk geuk egindakoak, baina beste batzuen eskuetan jartzen ditugu, teorian behintzat baldintzak ezagunak izanda. Edonola ere, beste batzuen menpe geratzen gara. Jabe gaitezen ba, gero ustegabekorik izan ez dezagun.

Gaurko hitzaren 5. urteurrena

Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez, bost urtez, egunez egun, ekimen bati ekitea. Are aipagarriagoa, nire ustez, helburua erakustea eta irakastea denean. Eta hor dugu Maite Goñi Gaurko hitzarekin.

Gaurko hitzak, gainera, baditu bere spin-offak; jokoa edo hitza-pasa, esate baterako. Eta antzeko norabidea duen Esaera jatorrak esparrua, adibidez.

Era desberdinetan ospatu ditu orain arte urteurrenak Maitek. Esate baterako, bigarrenean, bideoak egiteko proposatu zigun. Eta askok, erantzun; ehun inguruk. Neu ere “engainatu” ninduela onartu behar. Begira begira.

Hirugarrena, itzela izan zen: lagunen bilera Donostian. Far westetik ere abiatu ginen, argazkian ikusten den bezala.

Laugarrena “xumeagoa” izan zen. Eta bosgarrena? Abian dabil egunotan; begiratu twitterren #gaurkohitza5 traola.

Oraingoan ere hartu dut parte. Honela

Pinterest gunean bildu ditu argazki guztiak.

Dena den, ez da Maite Goñik egiten duen kontu bakarra, ez horixe. Izan ere, hiri-legenda baten arabera, ezinezkoa denez berak beste gauza egitea eta dagoen toki guztietan egotea, bere itxura handia duten Goñiki izenko panpin batzuk ei daude hortik zehar barreiaturik funtzio horiek betetzen.

Zorionak eta aurrera!

MOOCak berriz

Ikasnabar’13, joan de otsailean iragarri nizun kongresua, bukatu berri da. Twitterren izandako solasaldiak aztertzea da bertan gertatu denaren berri izateko moduetako bat, webgunea bisitatzeaz aparte. Hastag nagusia, #ikasnabar13

Aipatutako sarrera hartan MOOCei buruz nire susmo batzuk plazaratu nituen. Kongresu horretan, berriz, oso kritiko agertu dira Sarean ezagun diren hiru pertsona: Juan José Calderón Amador, Ainhoa Ezeiza eta Mertxe Jimeno Badiola. Gazteleraz dagoen arren, hona hemen egindako ekarpen interesgarria: la falsa disrupción de los MOOCs: la invasión de un modelo obsoleto — alegia, eredu zaharkitua dela defendatzen dute, besteak beste —

Aldi berean, Eroski Consumer webgunean, udan dohan ikasteko sei on line ikastaro aipatu dituzte. Bai lagun, MOOCez ari dira. Baten baten izena emateko tentazioa izan dut, baina astirik ez.

Eta seguru hau ez dela gaiari buruzko azken sarrera.