Irakaslerik onenari saria

Joan den hilabetearen hasieran Irakaslerik onenak… izenburuko sarrera eman nuen argitara. Hautaketen kontua hurrengo batean izango dugu berriz ere mintzagai, selektibitatea besteak beste. Gaurkoan, berriz, prentsaren bidez izan dudan sari baten berri emateko da, irakaslerik onenarentzako Nobel Sariaren antzeko izan nahi duena: Global Teacher Prize @TeacherPrize. Hala, miloi bat dolarreko saria emango dio Varkey Gems Fundazioak hautatuari. Tarteko bidean izendatuak direnek ere izango dute errekonozimendurik.

Nik ez dut, Nobel Sariekin bezala, inolako esperantzarik jakina, nahiz eta irizpideetako batean blogetan idaztea aipatu. Hori bai, sari lortzen duenak, hurrengo bost urteetan (ere) klasean ematen jardun beharko du. Beraz, ezin jubilatzeko asmotan dagoenik sari hau lortu. Baten bat proposatu nahi baduzu, aplikazioa martxan dago.

Eta zuk, irakasle, zein da jaso duzun saririk onena? Eta zuk, ikasle, izan duzun irakaslerik onena?

Robot-bertsolaria?

Behin baino gehiagotan galdetu didate ea ni naizen “Iñaki Murua, bertsolaria“. Baina ezagutzen bagaituzu, begien bistakoa da bion arteko aldea. Hala ere, bertsoen munduarekin zerikusia du gaurko sarrerak.

Izenburua ikusita, zientzia-fikzioaz arituko naizela pentsatu duzu, agian. Kontuz, dena den: Star Trek-en horrela har zitezkeen hainbat tresna inguruan ditugu egun, ordenagailu eramangarriak edo tabletak, esaterako. Areago oraindik: gaur bertan gai horren inguruko hitzaldia emango du Aitzol Astigarragak Bilboko Alondegian. Honela aurkeztu dute ekitaldia:

Bertsoa aipatzean burura datozkigu berehala jolasa, inprobisazioa eta hizkuntza. Robota aipatuz gero, berriz, errazago lotuko genuke lana, errepikapena eta makina bezalako terminoekin. Beraz, robot-bertsolari adierazpenak kontraesana dirudi bere horretan, oximorona.

Orduan, posible ote da robot batek bertsotan egitea? Zeintzuk dira horretarako beharko lituzkeen gaitasunak?

Galdera horiek buruan ditugula, robotika eta hizkuntz-teknologietan barrena egingo dugu bidaia. Bertsolarien gisan, tradiziotik jasoa gaur egunean txertatzen ahaleginduz.


Argazkiaren iturria: http://www.sc.ehu.es/ccwrobot/seccion/robotak

Ni kontu berri-berriaz ari nintzelakoan, orain dela bi urte, 2012ko apirilean, robot eta gizakien arteko bertso-saioa izan zela aurkitu dut; are, robotetako bat ez omen zen oso fin ibili; orduko beste bideo bat, Egañarekin lehian. 2013ko udaberriko beste bideo bat duzu hemen; kasu honetan, bi bertsolari gazteren kontrako lehian. Bietan, Aitzol Astigarraga  tartean zen, jakina.

Interesik baduzu, badakizu: arratsaldeko zazpietan duzu Bilboko Alondegian hitzordua. Auskalo inoiz Galtxagorri hori bere esparruan Deep Blue izatera iritsiko den.

Urte bete zurekin

Txakurren urteak eta pertsonen urteak ez ei datoz bat; lehengoan irakurri nuenez, txakur baten lehendabiziko urteari pertsonaren hamabost dagozkio. Ez dakit blogekin ere halako zerbait gertatzen ote den, baina ez nintzateke harrituko halaxe balitz.

leo.prie.to Flickr-en (cc lizentziapean)

Ia konturatu gabe, honek ere urte bat bete duela konturatu naiz. Bidean, 57 sarrera, zureganatu ditudan nire pentsamenduaren 57 ataltxo. Beharbada, honezkero hobeto ulertuko duzu zergatik esaten diodan neure buruari “ikasle eta irakasle”

Hortaz aparte, hasierako lehendabiziko helburua beteta gainera; astero-astero ikas-irakaskuntzari buruzko hausnarketa hurbiltzea zuregana. Bidean asmatzen ari naizen ala ez, zeuk esan edota idatzi beharko, bidaide zaitudan horrek.

36ko Gabonak

Botxotik ziberespaziora blogean ere eman nuen berri joan den astean, baina errepikatzea merezi duelakoan nago.

Benetan bitxia eta esanguratsua Kirmen Uribek olerki batean jasotako pasadizoa. 1936ko Gabonetan, su-eten bat egon omen zen Markinako mendietan eta abenduaren 25ean elkarrekin bazkaldu zuten bi bandoetako gazteek. Ondarruko idazleak bere buruari galdetzen dio zeri buruz hitz egingo zuten, zertan egongo ziren ados, zein hizkuntzatan egingo zuten berba. Ondorengoa, hala ere, argia: ez zuten, ezin izan zuten, gerra hura gelditu. Olerkia, Xabi Aburruzagak musikatu eta Geure, bere azken diskoan, jaso du; ahotsa, Zigor Sagarnarena.

Sarritan bezala, Gabi de la Mazak landu du karaoke gisa. 

Eta 36ko Gabonen ondoren etorri zen 37ko Udaberri galdua, ezta Josi?

Jaten ere ikasi

Egoera deskribatu dizut, irakurle lagun hori: auzo bateko jaiak; eguraldi ona, udako azken eguzki-printzak. Lehiaketa gastronomikoa egiteko egoera ona. zuzen. Hamaika talde, txangoan baleude bezala ondo hornituak lanerako eta ondorengorako: tresneria aproposa, aulkiak, mahaiak, eguzki-oihalak, hozkailu eramangarri horietakoak… Ohiko postala.

Deia.com-en argitaraturiko argazkia.

Ondorengoa izan zen nire ustekabea. Bazkalorduan, jaietako talde baten kamisetan soinean daramatzen emakume gazte batzuk umeak “zaintzen”, hauek mahaien inguruan eserita baitzeuden… janari lasterreko toki batean.

Urtebetetzea ospatzen? Agian, baina ordutegiagatik ezetz esango nuke –edonola ere, lehen ez zirela horrela ospatzen ematen dit–. Marmitakoa gustuko ez? Seguruenik.

Baina, bata zein bestea izan –ados, jakiak erostean  errorea ere egon zitekeen kalkuluan, baina euskaldunok ezagututa, hau ere arraro samarra–, kultura gastronomikoaren adierazle, ezta?