Herenegun, otsailaren 9an alegia, izan zen Internet Seguruaren Nazioarteko Eguna. Interneten eta teknologien erabilera segurua eta arduratsua sustatzeko ekimenak antolatu ohi dira horregatik. Gure inguruean, esate baterako, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak lehiaketa bat antolatu du (#SID2016Lehiaketa traola erabiltzen dute), baita Egonline webgunea abian jarri ere, Zeuk Esan ekimen orokorragoaren euritakopean.
Honako mezua ematen dute aurkezpenean:
Internet, teknologia berriak eta sare sozialak ez dira ez onak, ez txarrak; eskaintzen dituzten abantailak edo desabantailak tresna horietaz egiten dugun erabileraren araberakoak dira. Horregatik, garrantzitsua da gizarte osoa konprometitzea, hezkuntzan tresna digitalak segurtasunez eta erantzukizunez erabiltzeko.
Adingabeek gure laguntza behar dute, tresna digitalak segurtasunez eta arduraz erabiltzeko garatu behar duten zentzu etikoa eta morala eskuratzeko; baina, horretarako, geuk ere jakituria eta ezagutza behar ditugu.
Ikuspegi hori garrantzitsua iruditzen zait, eta pozgarria aldi berean; alderdi positiboak eta mehatxuak adierazten dira, eta ez azken hauek bakar-bakarrik. Horrez gain, gurasoentzat materiala zein aholkuak eskaintzen dituzte, gure umeak umezurtz digitalak izan ez daitezen. Halaber, egokiago ikusten dut informazio-iturria Ertzaintza edo polizia ez izatea, orain dela urtebete eskas idatzi nuen bezalaxe. Nahiz eta ez dakit arlo honetan ere bikoizketarik ez den emango.
Zuzenketaren pare bat egingo nioke, nire “mamuetako” batzuen araberakoak direnak, seguruenik. Adibidez, “berriak” adjektiboa teknologiekin lotzea ez dirudiela oso egokia; izan ere zer da berri eta noiz arte? (esaterako, ixtear omen dagoen Tuenti zerbitzurako lotura ematen dute ekimenean). Edo sare sozialak baino, sare sozialen gune eta zerbitzuak aipatzea egokiago ikusten dudala azken boladan, ziberespazioaren bitartez gauzatzen eta garatzen ez diren sareak ere baditugulako pertsonok.
Laburbilduz, atseginez jaso dut Jaurlaritzaren oraingo proposamena; nik txoko honetan proposatutakoekin eta hitzaldiren batean adierazitakoarekin bat dator. Seguruenik ez irakurri didatelako, zentzuzkoa delako baizik.