Hiri hezitzaileak

Kontzeptu horren berri izan dut gaur #Euskarabildua 2014 jardunaldian, “IKTak jakintzaren mesedetan“. Ordiziako Udaleko Belen Maizak eman du bertako esperientziaren berri (beste txosten bat). Horren ondoren, Laia Coma aritu da; horrelako testuinguruan IKTak eta ondare-hezkuntza landu ditu irakasle katalanak. Bideo bat jarri digu hasieran, Hiri Hezitzaile bat zer den hobeto ulertzeko.

Sarean begiratzen hasita, Bilbo ere Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Sareko kidea dela ikusi dut (webgunea). Mapan begiratuta, Euskal Herrian gehiago ere badirela konturatu naiz: hiriburuez gain, Barakaldo, Santurtzi, Zarautz eta Lizarra, esate baterako.

Eta, gaia entzuten hasi naizenean, bi kontu etorri zaizkit burura. Bata, Jose Antonio Marinaren hitz batzuk, haur bat hezteko tribu osoa behar dela, hain zuzen. Bestea, Pedagogia ikasten ari nintzela izan nuen gaietako bat; eskola eta komunitatearen arteko lotura landu genuen bertan, lan praktiko eta guzti.

XVII. Agiña Memoriala, Andoni Arregiren oroimenez

Bihar eta etzi ospatuko da XVII. Agiña Memoriala. Andoni Arregi zenaren omenez antolatzen du urtero-urtero Jatorki abesbatzak udazken partean.

1998an hil zen Jatorkiren sortzaile eta zuzendari izan zen Andoni Arregi. Harrez geroztik, eta omenaldi xume bezain sakona eskainiz, Agiña memoriala antolatzen du taldeak. Izena, 1974an Andonik berak egindako lan batetik dator, Zutik! izenekoa. Zuhaitz horren irudia goraipatu zuen, bizitzarako eredu gisa jarriz: “ixil, apal, baña… zutik”

Neuk ere irakasle eta maisu izan nuen Andoni, hamaika urtez jarraian abesbatzeko kide izan nintzen-eta, solfeo-ikasketak bukatutakoan. Garai hartan, solfeo zen, teoria eta guzti, ikasten genuena, edota irakasten zigutena, ez egungo eskolaz kanpoko jardueretako musika-hizkuntza.

Hasieran ez zegoen oso seguru, gazte edo ikusten ninduen taldean aritzeko, baina urteak eman nituen bertan, asko ikasita gainera. Ez zidan Andoni taldeko arropa itzultzen utzi; egunen batean itzuliko nintzela esaten zidan. Eta, seguruenik, halaxe izango da.

Zer gozatu? (edota nola gozatu)

Joan den astean “gozatu” aipatzen nuen. Nik neuk hizkuntzak ikastearekin lotzen nuen, eta, beharbada, ikastearen plazerrari hedatu ahal diogu.

Horretan nenbilela, Miribillako auzoko jaietan “Euskaraz gozatu” irakurri nuen txosnetako batean. Hala ere, aurrekoarekin badago alderik. “Euskara ikasi” eta “euskaraz ikasi”ren artean dagoen bezalaxe, ezta?

Are, euskara eta gozatzea lotzen duten lelo, kanpaina eta antzeko gehiagorekin egin dut topo, adibidez, “dastatu euskara, gozatu euskaraz” bideoa, gozatu euskara ahoan (Mondragon Unibertsitatean), “irakurri, gozatu, oparitu” (euskaraz egindako liburuen sustapenerako kanpaina), Bizkaiko Foru Aldundiaren “gozatu euskeraz” ekimena… Eta blogak, “euskara ikasi, euskara gozatu” izenburua duen Zahar Berri izenekoa besteak beste, eta liburuak, Karmelo Ayestaren Goza daiteke gehiago esaterako.

Eta, edonola ere, ez ahaztu, Elhuyar Hiztegian kasu, polisemikoa dugula gozatu aditza.

euskara maite dut by Zerdiok photo, on Flickr

Plazakoetxeko Etxebarria 1934-2014, mahai ingurua

Gaur, arratsaldeko zazpietan, mahai ingurua antolatu dute Galdakaoko Gandasegiko eskoletan; gaia, Karmelo Leizaola Ikastolako oroimen historikoa. Seguruenik gogoan izango duzu Karmelo Leizaolaz otsailean hitz egin genuela txoko honetan.

Nora Madariagak eginiko kartela

Josi Sierrak txio batean galdetu zuen ea hemengo lagunentzat interesgarria den. Ahal izanez gero, merezi duela uste dut.

Robot-bertsolaria?

Behin baino gehiagotan galdetu didate ea ni naizen “Iñaki Murua, bertsolaria“. Baina ezagutzen bagaituzu, begien bistakoa da bion arteko aldea. Hala ere, bertsoen munduarekin zerikusia du gaurko sarrerak.

Izenburua ikusita, zientzia-fikzioaz arituko naizela pentsatu duzu, agian. Kontuz, dena den: Star Trek-en horrela har zitezkeen hainbat tresna inguruan ditugu egun, ordenagailu eramangarriak edo tabletak, esaterako. Areago oraindik: gaur bertan gai horren inguruko hitzaldia emango du Aitzol Astigarragak Bilboko Alondegian. Honela aurkeztu dute ekitaldia:

Bertsoa aipatzean burura datozkigu berehala jolasa, inprobisazioa eta hizkuntza. Robota aipatuz gero, berriz, errazago lotuko genuke lana, errepikapena eta makina bezalako terminoekin. Beraz, robot-bertsolari adierazpenak kontraesana dirudi bere horretan, oximorona.

Orduan, posible ote da robot batek bertsotan egitea? Zeintzuk dira horretarako beharko lituzkeen gaitasunak?

Galdera horiek buruan ditugula, robotika eta hizkuntz-teknologietan barrena egingo dugu bidaia. Bertsolarien gisan, tradiziotik jasoa gaur egunean txertatzen ahaleginduz.


Argazkiaren iturria: http://www.sc.ehu.es/ccwrobot/seccion/robotak

Ni kontu berri-berriaz ari nintzelakoan, orain dela bi urte, 2012ko apirilean, robot eta gizakien arteko bertso-saioa izan zela aurkitu dut; are, robotetako bat ez omen zen oso fin ibili; orduko beste bideo bat, Egañarekin lehian. 2013ko udaberriko beste bideo bat duzu hemen; kasu honetan, bi bertsolari gazteren kontrako lehian. Bietan, Aitzol Astigarraga  tartean zen, jakina.

Interesik baduzu, badakizu: arratsaldeko zazpietan duzu Bilboko Alondegian hitzordua. Auskalo inoiz Galtxagorri hori bere esparruan Deep Blue izatera iritsiko den.