Ez diet erreparatu orain arte EHUren errektore den Nekane Balluerkaren hitzaldiei. Seguruenik bat baino gehiago entzun entzungo nuen, baina aditu ez antza. Joan den astean, berriz, gustatu egin zitzaidan Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikasleei diplomak entregatzeko ekitaldian berak esandakoa.
Izan ere, baloreak azpimarratu zizkien hitzaldian graduatu berriei; zintzo eta leial jokatzeko esan zien behin baino gehiagotan. Gure aitak antzera esandakoak etorri zitzaizkidan burura.
Enpresen munduan arituko dira (arituko ahal dira!), finantzetan, bankuetan, marketinean… Eta bestelako printzipioei jarraitu ahal bazaie ere (gizartean maiz(egi) ikusten ditugunak, gainera), aurrerantzean ere balore horiei eusteko eskatu zien.
Adibideek eta keinuek, xumeak izan arren, badute agerikotasunik, eta ekintzak direnean, bizi egiten dira. Horregatik errektoreak ekitaldi berean eskatutako beste kontu bat ere gustatu zitzaidan: egun horretako omenduei zutik jartzeko eskatu zien lehenengo eta gurasoak txalotzeko gero, egindako ahalegina eskertzeko. Ahalegin horretan eta emandako ereduan geuk ere zintzo eta leial jokatu izana islatzea espero dut.