Hizkuntza-erregistroez

Ez naiz futbolaz arituko, irakurle hori. Baina hizkuntza-erregistroaz hausnartzeko aukera emango dit Iñigo Martinez futbol-jokalariak hartutako aldaketa-erabakiak.  Izan ere, jakingo duzu diru mordoa tarteko Erreala utzi eta Athleticera joan dela, ezta?

Inoiz euskaldunaren adibide gisa jarri dute ondarrutarra; duela gutxi, besteak beste, Euskal Kirolari ekimenean.  Gizartean futbolariek duten tokia aintzat hartuta (merezitakoa den ala ez, beste upeleko sagardoa da), neu ere horren alde agertu naiz, besteak beste, euskara normaltasunez erabiltzen duten pertsona ezagunak egon badaudela erakusteko.

 

Eta, zentzu horretan, harritu egin nau bere agurra irakurtzeak. Elebiduna izan da agurra, eta erregistro desberdina nabari da bi hizkuntzetan: formala gaztelaniaz, ahozkotik oso hurbil (ondarrutarrez, edo) euskaraz.

Nik uste baino oihartzun handiagoa izan du horrek, Sarean behintzat. Adibidez, batura ere itzuli dute ZuZeun Iñigo Martinezen jatorrizko testua, “Euskararen erregistroak” idatzi du bere blogean Urtzi Urrutikoetxeak, Beñat Zarrabeitiaren txioak eta izandako erantzunak

Honatx nire zalantza batzuk: zergatik hizkuntzen arteko bereizketa hori? euskaraz onargarria dena gaztelaniaz ez? edo alderantziz: gaztelaniaz honelako erregistroa onargarria litzateke? zein toki izan behar du euskalkiak (edo tokikoak, urrutiago joanda)? zein da euskara batuaren tokia?

Dena galdera eta zalantza izan ez dadin, Urtzi Urrutikoetxeak adierazitakoez gain, Irale-ren kontsulta-zerbitzuak gura eta maite dela-eta emandako erantzuna egokia izan daitekeelakoan nago. Baina komunikabideetan agertzen den asko eta askorentzat ere bai, jakina, abenduan idatzitako sarrera batean idatzi nuen bezala.

 

Euskara indartzeko bideak eta autokritikak

Euskararen Eguna zela-eta, Dani Alvarez kazetari ezagunari egindako elkarrizketa baten berri izan nuen Sarean, Daniren beraren txio bati esker, besteak beste.

Elkarrizketan kontu gehiago agertzen ziren, zergatik hurbildu zen bera euskarara, adibidez. Eta pertsona ezaguna izanda, eredugarria eta txalogarria iruditzen zait bere jarrera eta ahalegina; elebitasun hartzaileari buruzko ikuspegian ere bai. Baina txioan nabarmendutako kontu horrekin ez nago guztiz ados.

Izan ere, ni neu behintzat, barre egiten hasi baino, haserretu egiten naiz hainbat egoeratan. Zaila da orokortzea, eta testuingurua testuinguru (edo telesaioa telesaio, edo pertsona pertsona) haserretu egiten nau askotan euskara-maila eskasa sumatzeak mahai-inguruetan esaterako; edo alderdi politikoetako ordezkariengan; edo aurkezleen kasuan; edo kolaboratzaile ordainduen kasuan. Gaur, adibidez, “ni pertsonalki” bat atera zaio saio batean aurkezleari, eta ergatiboa bera dantzan ibili da zenbait unetan. Eta antzera amorrarazten nau “landu gabeko euskara”ren erabilerak arestian azaldutako kasuetan.

Askotan eskertzekoa da bai askoren ahalegina, baina, eta berretsi egiten dut salbuespenak salbuespen, ez dut uste nahikoa edota desiragarria denik komunikabideei dagokienez (eta irakakaskuntzaren munduan, antzera jakina). Elkarrizketan bertan ageri den bezala, ez gara ingelesaz edo gaztelaniaz ari. Michael Robinsonena eta antzeko beste batzuena gaztelaniaz mintzatzean, seguruenik, salbuespena da komunikabideetan.

Txanponaren bi aldeak ikusiko ditu askok. Baina ni neu behintzat ez nau lasaitzen tabernetan euskaraz dagoen presentzia bakarra “salda dago” denean. Edo gaztelera nagusi den komunikabideetan euskaraz akatsak dituen berri solteak irakurtzeak.

Portzierto. Hau bai dela desbiazio kontua nire aldetik, onartzen dut, baina “euskaldunek” jarri dute Daniren ahotan eta ez “euskaldunok”. Ñabardura bat baino gehiago da, ezta?

Ezustean Madrilen, Gabriel Aresti

Madrilen metroz ibili naizenetan, bagoien hormetan literatur testuekin egin izan dut topo: ipuin laburrak, testu luzeagoen zatiak, olerkiak… Hala ere, ezustekoa izan zen Gabriel Arestiren olerki bat ikustea bertan. Libros a la calle ekimenaren baitakoa izan da hori; hogeigarren urteurrena ospatzeko, gailegoz, katalanez eta euskaraz dauden testuak jarri dituzte beste batzuen artean (Blas de Otero bizkaitarrenaren bat, adibidez).

Ez dakit nork hautatu dituen, baina ezustekoa ere izan zen aukeratutakoa irakurtzea: “Nire aitaren etxea defendituko dut“. Olerkia horrela ikusteak, horma batean eta edonoren begiradatik hurbil, Arestiren beraren beste hitz batzuk gogorarazi zizkidan, Rogelio Botanzi entzunak:

“nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari”

Herrien, hizkuntzen, hiztunen elkarbizitzarako urrats txiki bezain garrantzitsuak izan daitezkeelakoan nago: bestearen ezagutu, balioetsi, gozatu… Testua webgunetik ere jaitsi liteke. Dena den, eta mezu batez aldatzeko eskatu nien arren, “Gabriela Resti” agertzen da egile gisa aipatu webgunean.

Euskaldunok haserre?

“Egunones Aitas. Mese, hoy quiero ir a jaias de Bilbo. Eskerrik. Agures”

Honelako balizko mezu batek euskaldun bat amorraraz lezakeelakoan nago, Facebooken nire ezagunen (esparru horretan lagunen) artean izandako elkarrizketa bati erreparatuz gero. Lehenengo ezaguna, gazteleraz idatzitako prentsa-zutabe bateko “egunones” bat zela-eta agertu zen kexu. Gainontzekoak, hurrengo iruzkinetan agertu ziren.

Areago oraindik. “Taliban” deitu zidan” beste ezagun/lagun batek esparru berean, ditxosozko “eskerrik” hori zuzendu eta gero (argi dago ez duela irakurri apirilean idatzi nuen sarrera: “‘eskerrik’ ez, eskerrik asko” ).  Ea ez dudan mezuetan laburtzen erantzun zidan, SMS edo WhatsAppekoetan, esaterako. Aspaldi egindako ikerketa batean aurkitu nuen bezala, irakasleek txatetan zuzen idazteko joera zutela baieztatzen zen. Eta, ematen dit, neu ere joera horretakoa naizela normalean. Arestian aipatutako ezagun horri adierazi nionez, laburtzekotan, hedatzen ari zaigun “eskerrik” horren ordez, “eskask” izan zaitekeen, karaktere bat gutxiagorekin gainera.

“Aitas” hori ere bitxia dela ezin uka. “Gurasoz” balitz, akaso. Eta jakin badakit familia-eredu tradizionalak aldatzen ari direla, baina, ez dut uste “aitas” hori horrelako egoera “berri” bati erantzutera datorrenik, ezta?

Laburbilduz. Neu naiz, errekurtso gisa, hizkuntzen arteko nahasketa egiten dudanetako bat. Baina testuinguruak ez dira ahaztu behar, eta horiei egokitu gure hizkuntz-jarduna. Eta, berretsi egiten dizut,  amorru handiz irakurtzen eta entzuten ditut “eskerrik” bezalakoak ikuspegi horretatik.

“nena plorant y cridant” Llucia2012 Flickr-en, CC lizentziapean

Eta horretan nenbilela, hara non irakurtzen dudan gaurko Deian, titular batean, “Alkate, dos cañas y un txakoli, mesedez”.

Udako lan-koadernoak helduentzat ere bai?

Uda aurrera doa denborari eta egutegiari dagokienez,  ez ordea eguraldiari erreparatuta, hemendik behintzat.  Edonola ere, hasi dira agertzen eskolarako itzulerari begirako iragarkiak (liburuak. materialak, zorroak…)

Denboran atzera eginda, ezin ukatu geure haurtzaroan klasikoak zirela udako lan-koadernoak, maisu-maistrek aginduta lehen hezkuntzan bereziki.  Ez dakit orain duten arrakasta-maila, etxeko/etxerako lanen inguruan dagoen eztabaidarekin.

Baina, ustekabean, helduentzako udako lan-koadernoak egon badaudela jakin dut prentsaren bidez. Duela urte batzuk ekintzaile batzuen ideia bati esker sortuak (eta garai hartako eskemei jarraikiz, propagandaren arabera), salmenta politak lortzen omen dituzte: aurtengoa agortua, 100.000 ale salduta aurreko urteetan.

Miki Yoshihito Flickr-en

Ez dakit nik gauza handirik ikasi (edo birpasatu) nuen liburu haiei esker. Tira, kontu garrantzitsu bat bai: ezin direla zereginak azken ordurako utzi. Baina hortik aurrerakoa… Are, zenbait ezagunek biziki gorroto zituztela adierazi didate, gaztelaniaz sarrera bat argitaratu ondoren, eta ia inoiz ez zituztela bukatu.

Salmente arrakastari erreparatuta, berriz, hausnarketa. Bizitza osoan ikasteko beharra argi dagoelakoan nago; ikasten ikastekoa ere bai. Horren indartsuak dira txikitan ikasitako ohiturak eta joerak? Baten batek erabaki behar du beti zer ikasi behar dugun, edo zer ikastea komeni zaigun?

Bakoitzak egin dezala nahi duena; ni neu, neure autonomia eta askatasunaren izenean, helduentzako udako lan-koadernoak ez diren bestelako aukera batzuk baliatzearen aldekoa naiz… eta halaxe egiten dut.