Hiri hezitzaileak

Kontzeptu horren berri izan dut gaur #Euskarabildua 2014 jardunaldian, “IKTak jakintzaren mesedetan“. Ordiziako Udaleko Belen Maizak eman du bertako esperientziaren berri (beste txosten bat). Horren ondoren, Laia Coma aritu da; horrelako testuinguruan IKTak eta ondare-hezkuntza landu ditu irakasle katalanak. Bideo bat jarri digu hasieran, Hiri Hezitzaile bat zer den hobeto ulertzeko.

Sarean begiratzen hasita, Bilbo ere Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Sareko kidea dela ikusi dut (webgunea). Mapan begiratuta, Euskal Herrian gehiago ere badirela konturatu naiz: hiriburuez gain, Barakaldo, Santurtzi, Zarautz eta Lizarra, esate baterako.

Eta, gaia entzuten hasi naizenean, bi kontu etorri zaizkit burura. Bata, Jose Antonio Marinaren hitz batzuk, haur bat hezteko tribu osoa behar dela, hain zuzen. Bestea, Pedagogia ikasten ari nintzela izan nuen gaietako bat; eskola eta komunitatearen arteko lotura landu genuen bertan, lan praktiko eta guzti.

XVII. Agiña Memoriala, Andoni Arregiren oroimenez

Bihar eta etzi ospatuko da XVII. Agiña Memoriala. Andoni Arregi zenaren omenez antolatzen du urtero-urtero Jatorki abesbatzak udazken partean.

1998an hil zen Jatorkiren sortzaile eta zuzendari izan zen Andoni Arregi. Harrez geroztik, eta omenaldi xume bezain sakona eskainiz, Agiña memoriala antolatzen du taldeak. Izena, 1974an Andonik berak egindako lan batetik dator, Zutik! izenekoa. Zuhaitz horren irudia goraipatu zuen, bizitzarako eredu gisa jarriz: “ixil, apal, baña… zutik”

Neuk ere irakasle eta maisu izan nuen Andoni, hamaika urtez jarraian abesbatzeko kide izan nintzen-eta, solfeo-ikasketak bukatutakoan. Garai hartan, solfeo zen, teoria eta guzti, ikasten genuena, edota irakasten zigutena, ez egungo eskolaz kanpoko jardueretako musika-hizkuntza.

Hasieran ez zegoen oso seguru, gazte edo ikusten ninduen taldean aritzeko, baina urteak eman nituen bertan, asko ikasita gainera. Ez zidan Andoni taldeko arropa itzultzen utzi; egunen batean itzuliko nintzela esaten zidan. Eta, seguruenik, halaxe izango da.

Comenius

Batek baino gehiagok galdetu dit blogean dudan argazkiaren zergatiaz. Eta erraza da azalpena.

Badakizu nor izan zen Comenius edo Komensky? Wikipedian badu sarrera eta azalpena; besteak beste, “Pedagogiaren Aita” eta “Nazioen irakaslea” ezizenak eman izan zaizkio.

Orain dela urte batzuk, Praga bisitatu eta bere omenez eginiko museora joan ginen. Han ateratakoa da argazkia; aproposa ikasle eta irakasle batentzat, ezta? Hala pentsatu nuen behintzat.

Euskararen ezagutzaz eta erabileraz

Aste honetan irakurri eta entzundako zenbait berrik helduen euskara-irakasle nintzeneko kontu batzuk gogorarazi dizkit.

egizu Flickr-en, CC lizentziapean

Behin, ikasle batek zertarako ikasi nahi zuen euskara adierazi zidan; beretzat, nahikoa zen errenta-aitorpena euskaraz egiteko maila lortzea. Pentsatu nuen ba, euskaltegian ikasiko zuenarekin beharbada ez zuela nahikoa izango. Aitortu nionez, neronek ere arazoak nituen horrelako agiriak behar bezala ulertzeko. Are, jakin badakigu dirua bezalako kontu “serioetarako” gaztelera erabili ohi duen euskaldun bat baino gehiago dagoela. Aste honetako berri baten arabera, aurki Osakidetzak odol-analisietako emaitzak euskaraz ere emango dizkigu. Izartxoak alde batera utzita, ea zenbat ulertzeko gai garen.

El Mundo egunkariak, berriz, Ertzaintzan euskararen erabilera eta ezagutza izan ditu [Enlace roto.]. Ertzainen ezagutza-maila eskasa dela azpimarratu dute, eta erabilera areagotzeko Sailaren asmoak kritikatu. Ezin dut ziurtatu orain maila hori zein den, baina gogoan dut beste ikasle baten kasua: blokeatuta klasean sarri, lasai gero. Izan ere, praktiketan zegoen ertzaina izanda, gutxieneko euskara-maila bat ziurtatu behar zuen aipatu epealdia bukatu aurretik, akademia-garaian ez baitzen horretarako gai izan.

Motibazioaz izan da hirugarrena. Zuzendari nagusi berria du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Galizia aldetik datorren katalana dugu berori. Bere lehenengo agerraldian, euskaraz irakurri egin zuen baina aurrerantzean paperik gabe euskaraz mintzatzeko borondatea aditu nion irratiko kortean. Are, beste hizkuntza bat ikastea aukera aparta gisa omen da bere ustetan. Motibazioa badu, antza; ez dakit, hala ere, zein mailataraino izango den integratiboa edota instrumentala, baina motibaturik egonik ikasi egingo du (motibazioaren kontuaz informazio zabala Auñamendi Eusko Entziklopedian)

Eskola eta lana

Joan den astean irakurritako txio batek eman dit gaur zeuregana ekartzeko gai interesgarria. Aurrera jo aurretik, argi dezadan gaurkoak ez duela lanbide heziketaren esparruarekiko loturarik.

Izan ere, litekeena da haurrak pentsatzea berak egiten duena ere baloratu beharra dagoela, eta horregatik esan amari bera ere lanera doala. “Lan” intelektuala, gainera, ez da beti behar bezala aintzat hartu.

santiagonostalgico Flickr-en, CC lizentziapean

Baina horren azpian, eskola eta lana parekatzearena alegia, egon liteke arrazoi sakonagorik. Adibide gisa, izugarri haserretu ninduen aspaldi eskolako orientatzaileak alabari emandako txosten batean honelako zerbait irakurtzeak: “eskolara joatea da zure lana eta notak zure soldata”. Pentsa dezagun, beraz, parekatze honen azpian ez ote dagoen hezkuntzaren helburua; hau da, zertarako hezi? langile “zintzoa” eta “fina” izaten ikasteko? Beste bat; ez dakit oraindik ohitura mantentzen den, baina eskola denborak txirrinaz edo sirenaz mugatzea ez dut uste anekdota hutsa denik (urte batzuk baditugunok, esaterako, Victor Jararen “Te recuerdo Amanda” abestian “suena la sirena de vuelta al trabajo” gogora dezakegu)

Areago oraindik. Lana eta soldata denbora eta espazio mugatuetan egon ohi bada (ordaindutako lana behintzat), eta denbora baten ondoren erretiroa gainera, zein izango da, ikuspegi horretatik, bizitza osoan ikastearen tokia?

Hurrengo batean ekingo diogu denboraren eta espazioaren garrantziari.