Txiokatu, bai, baina adi eta zur

500 milioi erabiltzaile omen du Twitter webgune edo zerbitzuak; milioika txio ei doaz egunero Sarera, 65 miloi edo. Zenbaki erraldoiak zalantzarik gabe. Euskal txiolarien kopurua txikiagoa da, jakina; hala ere, estimatzeko zenbakiak dira. Esaterako, honako hau dio Asier Sarasuak Twitterreko euskarazko jarduna – 2016ko datuak eta laburpen-txostena #UMAP CodeSyntax-en blogean berriki argitaratutako sarreraren hasieran (txostena askoz zabalagoa da eta hamaika datu interesgarri daude bertan)

2016an zehar Twitterren jardun duten 15.000 txiolariren txioak aztertu ditugu. Guztira 6,2 milioi txio bota dituzte guztien artean, %42 euskaraz. Egunean, batez beste, 7.000 txio euskaraz.

Xiaobin Liu Flickr-en

Hala ere, 140 karaktereren legepean idatzitako mezuetan, azkar idazteagatik edo, batzuetan erabiltzailea (@) edota traola (#) nahastu egiten direla konturatu naiz, traola gaizki idazten da, ustez erabiltzailea denaren izena egiaztatu gabe jarri eta beste bat da aipatu nahi dena… Urrutira joan gabe, Iñaki Murua bat baino gehiago aurkituko duzu… eta nire profila, berriz, bat eta bakarra, zin dagizut. Inoiz, traola eta erabiltzailea nahastu egin daitezke. Azken honen adibide bat. Duela gutxi Madrilen egindako jardunaldi batzuetan, proposatutako traola #Madele17 izan zen baina izen bereko erabiltzailea ere badago, @Madele17 alegia; batak bestearekin, zerikusi gutxi dutela onartu behar (txiorik egin ez duen erabiltzailea, eta oraindik orain arrautzaren irudia duena).

Txioak idazteaz, Berriaren Estilo Liburuan ere badago pasarterik, arlo hori landu nahi baduzu; Joxe Arantzabalek aspaldi eman zuen argitara Ontsa twitteatzeko bidea. Dena den, eta egunotan izandako auzia dela-eta, dena ez da estilo-kontua: txiokatzeak baduela arriskuren bat ezin ukatu, ezta?

Den organistarik haundiena, xixtulari txar izaiten ahal

Ez dakit zer pentsatu duzun gaurko izenburuarekin, baina berriki Mercè Gisberti entzun nion bezalaxe, hezkuntza arloan antza edonork dauka bere burua aditutzat.

José Antonio Marinari aditu nion esaera afrikar hura, haurra hezteko tribu osoa dela beharrezkoa. Ados. Hala ere, ulergaitza zait, hezkuntzaz dudan ikuspegitik behintzat, “polizia hezitzailea” rola. Alegia, bestelako zeregin garrantzitsuagoak dituztelakoan sumatzen dut (eta dituzte horretan, “polizia” bat baino gehiago badugu inguruan, gainera)

Izan ere, Ertzaintzak ikastetxe batean emandako hitzaldi baten berri izan nuen (hitzaldi arrakastatsua, ustez). Ikastetxea azken boladan hedabideetan sarri agertu zaigu, gainera, gauzatzen ari den aldaketa metodologikoa dela-eta. Ezetz asmatu hitzaldiaren gaia? Bai, horixe bera: Interneten eta gizarte-sareen arriskuak, cyberbulling-a eta sexting-a, Sareko jazarpenari nola egin aurre… Egia da ez naizela hitzaldi horietara joan eta egia ere bada onak zirela esan zidatela. Bat nator, bisturiarekin edo labanarekin bezala, Interneten erabileran dagoela kakoa, baina alderdi batean jartzea arreta eta indarra ez zait egokiena iruditzen. Eta poliziaren ikuspegitik hitz eginda, zigorrari eta isunari beldur, hezkuntza motibazioekin eta balore jakinekin uztarturik dagoela kontuan izanda… bide hoberik badagoelakoan nago. Are, auskalo “alderdi iluna” dastatzeko gonbite izkutuari erantzungo zaion gaztearen aldetik, arauak hausteko motibazioa indartuta.

Egun bertsuetan, hain arrakastatsua ei den @policia deritzon tuiter-erabiltzaileak (Polizia Nazionalaren community managerra edo) idatzitako txio batekin egin nuen topo (eta erantzun ere bai, berak ez bezala). Kontrolatzeak baino gurasook ematen dugun ereduak indar eta arrakasta handiagoa duela uste dut; bestela esanda, noiz eta zertarako erabiltzen ditugu telefonoak? geuk bai filosofia ikasteko ala? Eta, aurreko adibidean bezala, antzeko iturburua du informazioak.
_MG_5120_opt
Hitzaldiaren bideoa: http://youtu.be/cZGvkmP5vKU

Haurrak ez daitezela “umezurtz digitalak” izan adierazi nuen jada; egoera kontrolatzeko asmoz euren atzetik joatea iruzur modu bat ere izan daitekeela –eta zaila gainera– eta hobe dela bidaide izatea. Ez ninduke harrituko kontrolari aurre egiteko gaztetxoak bere sareak baliatzea. Azken finean, ziberespazioa espazioa ere bada eta gaztea, gazte.


Sarrera honen bertsio bat gazteleraz, Zapatero a tus zapatos

IKTak eta euskara

Hilaren 17an egin zen Bilbon IKTak eta euskara gaiaren inguruko mintegia. Egin dute laburpena Irekian; dagoeneko hasi da Josu Orbe (@jorbe) bertan gertatutakoari buruzko erreferentziak jasotzen; Pello Urzelai eman du Berriaro blogean bere da iritzia… Ruben Olveirak bere laburpena egin zuen Deian… gazteleraz (eta Iñaki Anasagastik bere blogean jaso): [Enlace roto.].

IMG_20141217_091350_optEgunean zehar, maiz hartu nuen susmoa nor bere liburuaz hitz egitera zetorrela izan zen. Hala ere, gogogoeta batzuk. Lehenik eta behin, Patxi Baztarrika sailburuordeak eginiko adierazpen bat egin zitzaidan deigarri: euskararen bizi-iraupena ziurtaturik dagoela, baina bizi-poza ere beharrezko duela.

Gainontzeko partaideek esandakoetatik, Google enpresako ordezkariak esandakoa ekarri nahi dizut. Bai, Google erraldoiak batzuetan aurpegia ere ba omen dauka; Luis Colladorena mintegi honetan. Hiru oinarri aipatu zituen: erabiltzaileak, erramintak eta edukiak. Bere esanetan, hirugarrenean ei dabil euskara hankamotz. Bestalde, Microsoft eta Google izan ziren, besteak beste, mintegian. Biak enpresa handi-handiak, eta negozioaren bila ibiltzen direnak, jakina. Euskarazko produktuak lantzeko ba ote dago nahiko merkaturik? (edo balizko etekinik, jakina)

Erremintak egon badaude, maila batean; hala ere, bertan esandakoetatik erabilera ez dator errealitate horrekin bat. HABEren ordezkariak aipatu zuen erakundeak dituen webguneetara iristen direnetatik % 17ak baino ez duela nabigatzailea euskaraz konfiguraturik; Izenperenak, berriz, dexente jaitsi zuen portzentaje hori.

Laburbilduz, ziberespazioan ez gara azkenak… baina badago bidea egiteko, autokonplazientzia alde batera utzita. Hizkuntza handiek guztiz jan ez gaitzaten, behintzat.

#Txiotesia2 lehiaketan partaide

Tesi bat egiten ari zarenean sarri antzean galdetzen dizute ea zertaz den. Laburtzen eta errazten saiatzen zara, solaskidea eta testuingurua kontuan hartzen baina, hala ere, gehienetan aurpegi arraroak sumatzen dituzu.

Oraingoan, areagotu egin da erronka. “Txiokatu zure tesia 6 mezutan” antolatu du Unibertsia.net atariak bigarren urtez. Laburbilduz; asmoa, ikertzaile euskaldunek  egiten duten lana gizarteratzea eta lan horren atzean dauden pertsonei izen-abizenak jartzea. Zeregina, berriz, motza bezain zaila: tesia, urtetako lana alegia, 6 txiotan kontatzea #txiotesia2 traola erabilita. 6, ez gehiago eta ez gutxiago, azaroaren 18ko 9etatik 21ak arteko epean. Bi sari emango ditu epaimahaiak: txiolari ulergarriena eta txiolari originalena.

Badakizu horrelako erronketan erraz sartzen naizela buru-belarri. Areago, laburtze lan hori modu originalean egiteko, kopla bidez egitea bururatu zitzaidan. Eta hona hemen emaitza (“Egun da Santi Mamiña” musikaz abes daiteke)

Hauexek hurrengoak:

Eta azkena

Garaipena lortuko ote? Auskalo; guztira, 46 izan ginen. Irabazleak, hilaren 26an egingo den jai batean iragarriko dituzte. Edonola ere, hamaika orrialde dituen urte luzetako lana laburtzeko ahalegina egin dut, eta bertsotan gainera. Bai horixe!

Hiri hezitzaileak

Kontzeptu horren berri izan dut gaur #Euskarabildua 2014 jardunaldian, “IKTak jakintzaren mesedetan“. Ordiziako Udaleko Belen Maizak eman du bertako esperientziaren berri (beste txosten bat). Horren ondoren, Laia Coma aritu da; horrelako testuinguruan IKTak eta ondare-hezkuntza landu ditu irakasle katalanak. Bideo bat jarri digu hasieran, Hiri Hezitzaile bat zer den hobeto ulertzeko.

Sarean begiratzen hasita, Bilbo ere Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Sareko kidea dela ikusi dut (webgunea). Mapan begiratuta, Euskal Herrian gehiago ere badirela konturatu naiz: hiriburuez gain, Barakaldo, Santurtzi, Zarautz eta Lizarra, esate baterako.

Eta, gaia entzuten hasi naizenean, bi kontu etorri zaizkit burura. Bata, Jose Antonio Marinaren hitz batzuk, haur bat hezteko tribu osoa behar dela, hain zuzen. Bestea, Pedagogia ikasten ari nintzela izan nuen gaietako bat; eskola eta komunitatearen arteko lotura landu genuen bertan, lan praktiko eta guzti.