Teknologiari “berri” adjektiboa jartzea ez dut inoiz gustuko izan. Izan ere, berritasun hori erlatiboa delako oso; garai batean zientzia-fikziozkotzat jotakoa ia zaharkiturik dago egun. Ikus dezagun.
Irakasleen %65ak uste (omen) du teknologiaren erabilera hedatu egingo dela ikasgeletan 2015ean (bihar, alegia). Halaxe irakurri dut Carlos Medinaren txio baten bidez. (Baina, zer teknologia da hedatuko dena eta zertarako? Hor dago koxka)
Alazne Gonzalezen txio baten bitartez iritsi nintzen, berriz, beste albiste batera. Horren arabera, gazteen % 11ak baino ez du baliatzen e-posta eta, ondorioz, gerorik ote duen galdetzen da. Aipatu albistean gogorarazten da orain dela ia lau urte, 2010eko ekainean hain zuzen, komunikazio mota horren desagerpena iragarri zuela Facebookeko buruetako batek.
Tartean, Millan Berzosak txiokatutako irudi bati ere erreparatu ahal diogu. Eta, bide batez, hausnartu ea betikoa egiteko erabiltzen ote ditugun baliabide “berri” horiek. Albert Sangràk hausnarketa interesgarria egin zuen horren inguruan “El Pais”eko blog batean: “Querido Google” (hau da, “Google maitea”) da sarreraren izenburua.
Hiru adibideetan Twitter izan dut informazio-iturri. Baina auskalo noiz arte izango den horrela. Egungo sare-sozialen bukaera ari dira iragartzen jadanik (nik, ohi bezala, sare-sozialen guneak nahiago; zerbitzu edo gune jakinak baitira gure sarea ikusarazteko eta kudeatzeko balio duten horiek. Gure sareak, bestelakoak dira, on line eta off line)
Azken finean, MITeko Alan Kayk esan (omen) zuen bezalaxe, teknologia bat teknologia izango da baldin eta zu lehenago jaioa bazara.
Joan den astekoaren jarraipen gisa, hona hemen Aitzol Astigarragak bidalitako informazioaz osatutako sarrera. Mila esker, Aitzol, eta badakizu txoko honetako ateak irekita dauzkazula.
Sarrera
2012ko apirilaren 18an, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore taldeak bertso-saio berezia antolatzeko gonbita luzatu zigun: bertsolari eta makinen artekoa, alajaina! Erronkari baiezkoa eman eta Informatika Fakultateko hainbat ikerlari elkar lanean jarri ginen, bertsoBot-aren lehen prototipoa plazaratuz. Bi robot, Galtxagorri eta Tartalo, aritu ziren saio berezi horretan bertsolariekin batera, eta saioak arrakasta handia izan zuen medioetan. Jendaurrean eta bat-batean egindako saio esperimental horretatik ikasgai garrantzitsuak atera genituen, zinez: bai robotika arloari dagozkionak, eta baita testuen sorkuntza automatikoari buruzkoak ere.
Baina garrantzitsuena: orduko saioak balio izan zigun jolas gisa planteatutakoari serio heldu, eta bertsolaritza, hizkuntza-teknologiak eta robotika uztartuko dituen ikerketa-lerroari hasiera emateko.
Helburuak
Helburu praktikoa jarri diogu ikerketa-lerroari: bertsotan aritzeko gaitasuna erakutsiko duen makina autonomoa garatzea: bertsoa osatzeko instrukzioak ahoz jaso, hauek prozesatu eta ahalik eta bertsorik egokiena osatu eta kantatuz.
Baina helburu praktiko horren atzean, ikerketaren benetako oinarri diren beste helburu hauek dauzkagu:
Makina eta gizaki arteko hizketa bidezko komunikazioa.
Elkarrizketa sistema bat garatzea, bertsoa edo poesia oinarri gisa harturik.
Giza-sormenaren eredu konputazionalak aztertzea.
Poesia sortzaile automatikora bidean pausoak ematea.
Bertsoen egitura narratiboa aztertu eta mezu berriak egituratu eta formulatzeko aplikatu.
Beraz, bertsogintzaz harago, hizkuntza naturalarekin, euskararekin, diharduten teknologiak ditugu aztergai gure lanean. Oinarrizko ikerketa bazter utzi gabe, aplikazio esperimentalak aurkezten saiatuko gara, geroago alor horietako enpresa edo erakundeek garatu eta produktu bihurtzeko aukera eskainiz. Besteak beste:
Ahots bidezko elkarrizketa-sistemak.
Erantzun emozionalak detektatzeko gai diren robot adimendunak
Hizkuntzen ikaskuntzarako software-tresnak
Plagioak atzemateko eta autore-testuen azterketarako tresnak
Bertso-sorkuntzan lagungarri izango diren tresnak: errima bilatzailea, doinu hautatzailea, bertsoen bilatzaile semantikoa, etab.
Zergatik bertsolaritza?
Norbaitek galde dezake ea zein den benetan robot bat bertsotan jartzearen interesa. Azaldu behar genioke gure helburua ez dela inondik ere bertsolarien pare arituko den makina lortzea. Bertsolaritza aukeratu dugu adierazpide gisa, hizkuntzalaritza konputazionalaren ikuspegitik begiratuta interesgarriak diren ezaugarriak biltzen dituelako:
Hizketa librea bere horretan larre zabalegia da. Bertsoaren betekizunek eremua mugatzen digute, eta horrek, konputazionalki bere bentajak dauzka.
Bertsoaren betebehar tekniko diren neurria eta errima, konputazionalki tratagarriak dira.
Hizketa arruntean ez bezala, bertsotan oso ondo zehaztuak daude elkarrizketaren ezaugarriak: noiz hitz egin eta noiz entzun, berbaldiaren iraupena, etab. Horrek mezu truke eta elkarrizketa errazten du.
Bertsoa bera komunikazio tresna gisa interesgarria da. Bat-bateko bertsoak prozedura zehatza dauka.
Bertsolariak bere mekanismoak dauzka esan nahi duenari forma eman eta bertso bidez adierazteko (ideia nagusia bukaeran, oinen aukeraketa, puntuz-puntu osatzea…); beti ere betebehar tekniko zorrotzak jarraituz (neurria eta errima). Eredu hau, bertsoarena, interesgarria zaigu bai forma aldetik eta baita diskurtsoaren antolaketaren aldetik ere bertatik ikasi ahal izateko.
Ahozko adierazpideen artean, bertsolaritzak leku berezia du gurean. Dokumentazio lan izugarria dago egina, eta corpus hori eredu bikaina litzateke guretzat, bertatik ikasi ahal izateko.
Ikerketa-taldeak
Robotak itxuraz hain erraz egiten duen zeregin bakoitzaren atzean lan handia dago.
Batetik, robotika-lanak daude, RSAIT Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldeak gorputza jarri dio makina bertsolariari. Honela, robota gai da aginduak jaso eta bere ingurunean mugitzeko: mikrofonora hurbildu, heldu, jiratu, atzera itzuli eta antzeko mugimenduak eginez. Robota hizkuntz naturalean (euskaraz) komunikatzeko gai da, eta sentsoreak baliatzen ditu ustekabeko gertaeren aurrean erantzuteko.
Bestetik, IXA ikerkuntza taldean egindako lanari esker hutsetik bertsoak sortzeko gai da robota (hala-moduzkoak badira ere), ikasketa automatikoko teknikak baliatuz. Era berean, zentzu handiagoko bertsoak sortzeko, beste bide batzuk jorratu dira RSAIT taldearekin batera: corpus bidezko hurbilpena abiapuntu gisa harturik, puntuen arteko antzekotasuna eta koherentzia jorratzen dutenak.
Azkenik, aipatu beharra dago Aholab ikerkuntza taldearen lana.Talde honek ahotsaren sorkuntzan hainbat urtetan egindako lanari esker jarri ahal izan dugu kantari robota.
Behin baino gehiagotan galdetu didate ea ni naizen “Iñaki Murua, bertsolaria“. Baina ezagutzen bagaituzu, begien bistakoa da bion arteko aldea. Hala ere, bertsoen munduarekin zerikusia du gaurko sarrerak.
Izenburua ikusita, zientzia-fikzioaz arituko naizela pentsatu duzu, agian. Kontuz, dena den: Star Trek-en horrela har zitezkeen hainbat tresna inguruan ditugu egun, ordenagailu eramangarriak edo tabletak, esaterako. Areago oraindik: gaur bertan gai horren inguruko hitzaldia emango du Aitzol Astigarragak Bilboko Alondegian. Honela aurkeztu dute ekitaldia:
Bertsoa aipatzean burura datozkigu berehala jolasa, inprobisazioa eta hizkuntza. Robota aipatuz gero, berriz, errazago lotuko genuke lana, errepikapena eta makina bezalako terminoekin. Beraz, robot-bertsolari adierazpenak kontraesana dirudi bere horretan, oximorona.
Orduan, posible ote da robot batek bertsotan egitea? Zeintzuk dira horretarako beharko lituzkeen gaitasunak?
Galdera horiek buruan ditugula, robotika eta hizkuntz-teknologietan barrena egingo dugu bidaia. Bertsolarien gisan, tradiziotik jasoa gaur egunean txertatzen ahaleginduz.
Interesik baduzu, badakizu: arratsaldeko zazpietan duzu Bilboko Alondegian hitzordua. Auskalo inoiz Galtxagorri hori bere esparruan Deep Blue izatera iritsiko den.
Joan den asteburuan irakurri nuen El Paisen Nik Peachey aditu britainiarriari eginiko elkarrizketa; “ikasleei Facebooken dagoen guztia ez sinisten irakatsi behar diegu” jarri zioten izenburu. Interesgarria iruditu zitzaidan, nahiz eta berak adierazitako kontuak niretzat berriegiak izan ez, “tramankulu” eramangarrien hezkuntz erabilerarena esaterako.
Are, izenburuan agertu zenari kritikotasun hori zabaldu behar dutela gehituko nioke (eta diot). Hala, Facebooken ezezik, Interneten agertzen den guztia ez dela sinistu behar. Ezta irudietan ikusten dena, argazkia izan, bideoa izan… Gure amamak beti esaten zuen telebista ikusten zuenean: “pintar como querer” (deigarria, esaera hau gazteleraz botatzen zuela, euskaldun peto-petoa eta sutsua izan arren) Ariketa erraz bezain argigarria azaldu nuen Botxotik-en.
Eta irudiak ezezik, testu idatzien aurrean ere kritiko izatea erakutsi eta irakastearen erronka hor dago. Kritikotasunez irakurri eta ulertzeaz zer ulertzen duen azaltzen du Daniel Cassanyk… bai, Sustraietatik zerura liburuan, besteak beste. Eta ustez neutroak eta objektiboak diren testuliburuen adibideez janzten du ekarpena.
Beste kontu bat da ikasle horrengan kritikotasuna pizten badugu, azpiko curriculumarekin edo curriculum ezkutuarekin zein neurritaraino egingo duen talka. Edonola ere, “pozik baina arduragabe eta sinesbera” baino hobe kritiko, ezta?
Slideshare webguneak bertara igotako aurkezpenei audioak txertatzeko aukera bertan behera utziko du laster. Hau honela, egindako zenbait lan galdu egingo dira edota beste nonbait kokatu beharko dira. Egoera honetan nago; izan ere, nire aurkezpenak azken urteotan bisualak izan dira nagusiki, ahotsik gabe ez ziren autonomoak edo erabat ulergarriak.
Teknologien munduan aldaketak azkar doaz. Beraz, jarrerak eta baloreak dira funtsezkoak, ez erreminta jakina. Alegia, kasu honetan aurkezpenei ahotsa jartzeko beste bideren bat topatu beharko horrek balio duela pentsatzekotan.
Hortaz aparte, dohaineko kultura hedatua dago Sarean; eta, berriz ere, beste froga bat dugu hemen. Handien interesak bestelakoak dira, ez gara interesik gabeko erakundeekin ari. Duela gutxi Jorge Campanillasek adierazi zuen bezala, aplikazio baten truke ordaintzen ez badugu, agian produktua gu geu izan gaitezke.
Halaber, edukiak geurek izan daitezke bai, guk geuk egindakoak, baina beste batzuen eskuetan jartzen ditugu, teorian behintzat baldintzak ezagunak izanda. Edonola ere, beste batzuen menpe geratzen gara. Jabe gaitezen ba, gero ustegabekorik izan ez dezagun.
Utilizamos "cookies" propias y de terceros para mejorar su navegación y mostrarle publicidad relacionada. Si continúa navegando acepta su uso.AcceptarLeer más
Privacy & Cookies Policy
Privacy Overview
This website uses cookies to improve your experience while you navigate through the website. Out of these, the cookies that are categorized as necessary are stored on your browser as they are essential for the working of basic functionalities of the website. We also use third-party cookies that help us analyze and understand how you use this website. These cookies will be stored in your browser only with your consent. You also have the option to opt-out of these cookies. But opting out of some of these cookies may affect your browsing experience.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.