Euskara-ikasle… arrakastatsuak

Euskararen Nazioarteko Eguna atzo. Egutegia lepo dago egun europearrez eta nazioartekoez (besteak beste, atzo bertan ezgaitasunen nazioartekoa ere ba omen zen) eta berorien balio zein zergatiez luzeago mintza gaitezke. Hala ere, errepara diezaiogun hasierakoari.

Nestor Basterretxeak egindako logoa. Euskonews.com gunetik hartua

Eguna bera egunkarietan ere soma genezakeen; DEIAk, esaterako, lehen orrialde bikoitza izan zuen atzokoan horietako bat euskara hutsean izanik. Euskararen presentzia zertxobait handiago, oro har. Eta, honetan ere hedabideak bat, euskaldun berriei eginiko elkarrizketak. Adibidez, txoko honetatik agertutako Reyes Prados toki batean baino gehiagotan azaldu zen.

DEIAn bi pertsonari egin zitzaien elkarrizketa. [Enlace roto.]luzeagoa [Enlace roto.] baino; tituluak ere desberdin. Grezian bizi eta gaztelera-irakasle den Leonor Quintana bilbotarrak euren hausnarketa edozein hizkuntza-ikaslerentzat interesgarria dela zioen. Neuk, behintzat, atalen bat azpimarratu nahi dut.

Bien motibazioa argi ageri da; desberdina, seguruenik, baina motibazio sendoa. Testuinguruaren garrantzia suma daiteke, baina ez da ezinbestekoa (Euskaldun berriaren baladako protagonista ere Barakaldokoa genuen) eta familiaren sostengua azpimarratzen dute biek, baita ohituren pisua ere. Euskalkien auzia eta zer eredu irakasten den ere ageri da neurri batean.

Ikasle eta irakasle naizen aldetik –hala adierazten dut sarri– batek esandakoarekin bukatu nahi dut. Gazteagoekin ezagutzak partekatzea umiliagarria ei da (edo izan ei da) berarentzat berriaren arabera; desberdinekin eta desberdinengandik ikastea aberasgarri ulertzen dut neuk.

Gosari osasuntsuak… eta beste

Estatistikak emandako datuak irakurtzea ez da erraza izaten; besteak beste, aditua izanagatik –edo horrexegatik agian sarri– nork bere betaurrekoak erabili ohi dituelako horretarako. Inoiz, txiste gisa edo, batez bestekoaren arriskua edo errealitatearekiko aldea aipatzen da: nik bi ditut, zuk bat ere ez; batez bestekoaren arabera bana daukagu.

Horrelako zerbait gertatu zait [Enlace roto.]rekin. Adibidez, % 45ak era osasungarrian gosaltzen omen du. Beraz, ez ei da erdira iristen, edo, bestela esanda, % 55aren ohiturak ez dira behar bezalakoak. Areago oraindik, titularraren ondorengo paragrafoan % 42,4ra jaisten da kopuru hori. Hala ere, ohiturak hobetuz doaz antza (ogi gehiago eta opil gutxiago, fruta gehiago, olioaren erabilera handitzen…)

machechyp Flickr-en

Hortaz aparte, eta berri horretan sakontzeko, ez legoke gaizki arrazoietara jotzea. Alegia, zergatik % 55ak ez du proposatutako eran gosaltzen, horretan hainbatek denbora nahikoa ematen badu? Eta zer gertatzen da gosaltzeari denbora nahikorik eskaintzen ez diotenekin? Ez dakit, azken finean “[Enlace roto.]” bezalako kanpainak ere badatozkit gogora.

#Txiotesia2 lehiaketan partaide

Tesi bat egiten ari zarenean sarri antzean galdetzen dizute ea zertaz den. Laburtzen eta errazten saiatzen zara, solaskidea eta testuingurua kontuan hartzen baina, hala ere, gehienetan aurpegi arraroak sumatzen dituzu.

Oraingoan, areagotu egin da erronka. “Txiokatu zure tesia 6 mezutan” antolatu du Unibertsia.net atariak bigarren urtez. Laburbilduz; asmoa, ikertzaile euskaldunek  egiten duten lana gizarteratzea eta lan horren atzean dauden pertsonei izen-abizenak jartzea. Zeregina, berriz, motza bezain zaila: tesia, urtetako lana alegia, 6 txiotan kontatzea #txiotesia2 traola erabilita. 6, ez gehiago eta ez gutxiago, azaroaren 18ko 9etatik 21ak arteko epean. Bi sari emango ditu epaimahaiak: txiolari ulergarriena eta txiolari originalena.

Badakizu horrelako erronketan erraz sartzen naizela buru-belarri. Areago, laburtze lan hori modu originalean egiteko, kopla bidez egitea bururatu zitzaidan. Eta hona hemen emaitza (“Egun da Santi Mamiña” musikaz abes daiteke)

Hauexek hurrengoak:

Eta azkena

Garaipena lortuko ote? Auskalo; guztira, 46 izan ginen. Irabazleak, hilaren 26an egingo den jai batean iragarriko dituzte. Edonola ere, hamaika orrialde dituen urte luzetako lana laburtzeko ahalegina egin dut, eta bertsotan gainera. Bai horixe!

Hiri hezitzaileak

Kontzeptu horren berri izan dut gaur #Euskarabildua 2014 jardunaldian, “IKTak jakintzaren mesedetan“. Ordiziako Udaleko Belen Maizak eman du bertako esperientziaren berri (beste txosten bat). Horren ondoren, Laia Coma aritu da; horrelako testuinguruan IKTak eta ondare-hezkuntza landu ditu irakasle katalanak. Bideo bat jarri digu hasieran, Hiri Hezitzaile bat zer den hobeto ulertzeko.

Sarean begiratzen hasita, Bilbo ere Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Sareko kidea dela ikusi dut (webgunea). Mapan begiratuta, Euskal Herrian gehiago ere badirela konturatu naiz: hiriburuez gain, Barakaldo, Santurtzi, Zarautz eta Lizarra, esate baterako.

Eta, gaia entzuten hasi naizenean, bi kontu etorri zaizkit burura. Bata, Jose Antonio Marinaren hitz batzuk, haur bat hezteko tribu osoa behar dela, hain zuzen. Bestea, Pedagogia ikasten ari nintzela izan nuen gaietako bat; eskola eta komunitatearen arteko lotura landu genuen bertan, lan praktiko eta guzti.

Eskola berritzaileak

Iturri desberdinetatik heldu zait egunotan “munduko hamaika eskola berritzaileenen” berri; Lorearen blogean irakurri dut, adibidez. Egia esan, horrelako eta antzeko sailkapenak ikusten ditudanean, ohitura bat badut (ez dakit ona edo txarra): irizpideez galdetzea. Alegia, zertan oinarritu dira horiek –eta ez beste batzuk– direla adierazteko? Ba ote dago azpian interesik? Eta galderak luza daitezke; besteak beste, ea testuingurua zein den. Edota zein mailatako eskolak diren (“eskola” erabilita, ondoriozta liteke, dena den)

Escuela dmmalva, Flickr-en

Ez da asko irakurri nuela teknologian punta-puntako enpresetako goi-kargudunek teknologia erabiltzen ez zen eskoletara bidaltzen zituztela seme-alabak. Neure golkorako pentsatu nuen seguruenik horren beharrik ere ez dutela horrelako haurrek; seguruenik, etxeak ematen die horretarako aukera, eskolarik gehienetan baino aurreratuago gainera.