Lan egiteko prestakuntza eta jarrerarik ez ikasleek?

Hedabideetan azaldutakoaren arabera, DEIAn esaterako, euskal enpresetan lanpostuak betetzeko arazoak daude, besteak beste, izangaien prestakuntza eta jarrera arrazoiengatik. Ez dakit nola ulertu, batez ere jarrerena.

Egungo ikuspegitik ipuina ematen duena ere ekarri dit gogora. Izan ere, duela urte batzuk, hezkuntzaren alorrean erabateko kalitatea iparrorratz modura aintzat hartzen hasi zen garaian, bazen Ameriketatik Euskal Herrira etorritako aditu bat: guru bat, hala nahi baduzu. Egia esan, lehenengoz aditzen zenionean, Hamelingo flauta-jotzailearekin bezala, txundituta uzten zintuen; hurrengoetan, berriz, diskurtsoan hutsune bat baino gehiago antzematen zenion.

Eta halaxe gertatu zen behin. Garai haietan, multinazional bat hona etortzekoa zen, lantegi itzela eraikitzera eta ia gure enplegu-arazoak konpontzera. Pertsona honek proposatu zuen (eta hitzaldi hartan eztabaida piztu ere bai) EAEko Lanbide Heziketa enpresa haren beharrak asetzeari begira antolatu beharko zela, neurri batean behintzat; bezeroaren beharrak asetzeari begira, alegia. Eztabaidak eztabaida, ez dakit arlo hau aztertu zen, baina multinazionala ez zen azkenean etorri; usteak erdi ustel, beraz.

 Beecher's

Prestakuntzarenaren esparruari erreparatzen badiogu… ez dakit  langilearen seme-alabei zer toki ematen zaien proposatzen edota adierazpen horietan islatzen den gizarte-ereduan. Langile “espezialduarena” izango  ote?

Hasierako informazioaren beste puntu bati erreparatuta, aldiz, ez dakit zehatz mehatz zer esan nahi izan duen enpresarien ordezkariak “jarrera” kontu horrekin. Urteak badaramatzagu curriculumetan jarrera-edukiak aintzat hartzen, teorian behintzat; badakigu azpiko curriculumak edo ezkutuak duen pisua. Beraz, ez dakit oso logikoa den prestakuntza-jarrera bereizketa egitea… ikuspegi zaharragotik ez bada. Beste alde batetik, susmoa dut “hiritar sortzaile eta kritikoa” ez dela  enpresariek benetan nahi dutena. Eta, Botxotik Ziberespaziora blogean kontatu nuen bezala, eskoletan ere zalantzazkoa ikasle-mota hori benetan nola ikusten den.

Kritiko izatea…

baina mihiluzea izan gabe.

Joan den asteburuan irakurri nuen El Paisen Nik Peachey aditu britainiarriari eginiko elkarrizketa; “ikasleei Facebooken dagoen guztia ez sinisten irakatsi behar diegu” jarri zioten izenburu. Interesgarria iruditu zitzaidan, nahiz eta berak adierazitako kontuak niretzat berriegiak izan ez, “tramankulu” eramangarrien hezkuntz erabilerarena esaterako.

Are, izenburuan agertu zenari kritikotasun hori zabaldu behar dutela gehituko nioke (eta diot). Hala, Facebooken ezezik, Interneten agertzen den guztia ez dela sinistu behar. Ezta irudietan ikusten dena, argazkia izan, bideoa izan… Gure amamak beti esaten zuen telebista ikusten zuenean: “pintar como querer” (deigarria, esaera hau gazteleraz botatzen zuela, euskaldun peto-petoa eta sutsua izan arren) Ariketa erraz bezain argigarria azaldu nuen Botxotik-en.

nattydreaddd Flickr-en (CC lizentziapean)

Eta irudiak ezezik, testu idatzien aurrean ere kritiko izatea erakutsi eta irakastearen erronka hor dago. Kritikotasunez irakurri eta ulertzeaz zer ulertzen duen azaltzen du Daniel Cassanyk… bai, Sustraietatik zerura liburuan, besteak beste. Eta ustez neutroak eta objektiboak diren testuliburuen adibideez janzten du ekarpena.

Beste kontu bat da ikasle horrengan kritikotasuna pizten badugu, azpiko curriculumarekin edo curriculum ezkutuarekin zein neurritaraino egingo duen talka. Edonola ere, “pozik baina arduragabe eta sinesbera” baino hobe kritiko, ezta?

“Hori ez du etxean ikasi, ba”

Erdi txantxetan edo erdi benetan, edo zuzenean erdirik gabe, esan ohi den esaldi hori etorri zitzaidan burura Pilar Kaltzadaren bidez topatutako Santileone-ren idazki bat irakurri nuenean, Gure semeak dagoeneko dakizkien gauzak (baina nire ahotik ikasi ez dituenak) izenburua duena.

 

Eta konturatu naiz azpiko curriculumaz edo curriculum ezkutuaz zerbait kontatu nizula martxoan. Hezi, zentzurik zabalenean, gizarteak hezten du. Edo, José Antonio Marinak jasotako Afrikako esaerak dioenez, tribu bat behar da haurra hezteko.

Eric Montfort Flickr-en (CC lizentziapean)

Legeak eta curriculak

Asaldaturik dago gizartea Wert legea dela eta: [Enlace roto.], [Enlace roto.], Deian bertan [Enlace roto.] esaterako… Twitterren horretaz idazten dena ere irakur daiteke; aldeko askorik ez, egia esan. Legeak gora behera, azpiko curriculum edo curriculum ezkutuaz  pentsatzen hasi naiz, alegia, ofizialean jasota egon ez arren berariaz zein nahi gabe ikasten dena.

Ikasten ari nintzela irakurri behar izan nuen liburu bat gogoan dut; Jacksonen “la vida en las aulas“. Bera omen da kontzeptu hori lehendabiziko aldiz plazaratu zuena.

Liburuan, besteak beste,  itxoitea dela eskolan ikasten den lehenengoetakoa dio: itxoin sartzeko, itxoin irteteko, itxoin hitz egiteko, itxoin irakaslearen atzeraelikadura jasotzeko, itxoin guraizeak erabiltzeko, itxoin… Eta hau ez dago curricula ofizialetan idatzita, neuk dakidala behintzat.


Oharra: guk proposaturiko azpiko kurrikulua itzulpenak ez omen du arrakasta handirik lortu; Googlen bilatu eta nire 2008ko erreferentzia baino ez  zait agertu.