Berrehun sarrera eta agur bat

Dagoeneko 199 sarrera argitaratu ditudala adierazi dit blog honen kudeaketa-orriak. 199 aletxo 2013ko otsailaren 7tik. 200. honetarako gidoitxoa baneukan; 201. sarrerarako ere bai. Hala ere, eta behin baino gehiagotan izan dudan zalantza bat berriz sortu ondoren (2016ko udan, esaterako), agurra esateko ordua iritsi dela erabaki dut. Parentesia irekitzekoa. Puntua jartzekoa: puntu eta jarrai, puntu eta bereiz, amaiera ematekoa… auskalo.

2007an, muslaria izan ez arren, garai hartan DEIAren online kontuetako arduraduna zen Josetxu Rodriguezen enbidoari erantzun eta blog hau sortzea proposatu nion: euskara hutsean eta hezkuntzari buruz. Gaietan gehiegi ez sakontzeko eskatu zidan eta halaxe egiten saiatu naiz. Sarrera bakoitzean argazki bat jartzeko aholkuari ere jarraitu diot zintzo-zintzo (nahiz eta gerora konturatu DEIAko argazkiek iraungitze-data antzekoa bazutela, hori izan baitzen nire lehenengo sarreretako iturria).

Zazpi urtean berrehun sarrera ez dira asko; badakit. Gutxiago izan dira iruzkinak: ehun eta hogeita bederatzi. Eta, errepasoa egin gabe, hortik erdiak gutxienez nire erantzunak. Estatistikiei buruz ere ez dago askorik esateko: xumeak, nik dakidala. Arrazoitu egin zidan behin Josetxuk berak daturik eman gabe baina: badakizu, sarrera askorik ez…

Beste kontu bat ez ahazteko: DEIAko blogosferan maila desberdinetako txokoak zeudela konturatu nintzen gerora. Hau ere ez da hemen kontatzen dudan lehendabiziko aldia; 6. urteurrenean adierazi nizun.

2020ko Euskaraldia bukatuta eta Euskararen Nazioarteko Egunaren ondoren ez dakit hartu dudan erabakia egokiena den. Ez dakit blog honek urteotan zertxobait gehitzen edo biderkatzen lagundu duen; ez dakit hizkuntza ahogozatzeko balio izan dion inori. Saiatu, saiatu naiz gutxienez.

0903_World Cafe-zuri beltza

Agur beraz, irakurle; Ez dakit “agur ta banoa…” izango den edo “agur baina ez betiko”. Edo ez adiorik. Seguruenik, beste toki batzuetan, beste gune batzuetan ere elkartzeko aukera izango dugu, hitz egiteko, iritziak trukatzeko… ziberespazioan eta aurrez aurre. Bitartean, ondo segi. Senez eta zentzuz jokatu eta zaindu!

Txioak nolako, pertsona halako

Bukatu berri dudan eleberri beltz batean, eraildakoak zuen Twitterreko profilari erreparatzen diote poliziek arrasto gehiagoren bila. Egia ere bada esparru horretan, Txiolandia edo Txioerria ere deitu dio batek baino gehiagok, profil anonimoak, faltsuak, trollak… egon badaudela. Baina, ematen dit, nahita edo nahi gabe, guri buruzko aztarnak uzten ditugula, barraskiloek egin ohi duten bezala

Irudi hori, barraskiloaren aztarnarena alegia, lehendabiziko aldiz Lorena Fernándezi aditu niola uste dut. 2011n argitaratu zen nire artikulu batean (Sen onez Interneteko itsasoetan), berriz, honela jaso nuen:

uhara ez bezala, barraskiloarenaren antzerako arrastoa uzten du[ela] Interneten egiten dugunak (eta egiten ez dugunak); are, behin zerbait jarrita, horrek izan dezakeen bilakaera zail da zehazten, ezabat zen saiatu arren.

Murua, I. (2011). Sen onez Interneteko itsasoetan. Hizpide, 76, 36-46. http://www.ikasten.ikasbil.eus/mod/habecms/view.php/irakasbil/argitalpenak/sen_onez_interneteko_itsasoetan

Artikulu berean, eximitatea kontzeptua aipatu nuela konturatu naiz. Hala jaso nuen:

Eximitatea kontzeptua […] intimitatea plazaratzea litzateke

Duela gutxi, ezezagun batek (niretzat ezezaguna, behintzat) egindako erantzun bat jaso dut Twitterren. Eta bere profilari erreparatuta, pertsona (edo “pertsonaia”, rol bat betetzen ari bada) nolakoa den sumatu dut. Bestela esanda, “txioak nolako, pertsona halako”.

Hernán Casciari argentinarrari irakurri nion aspaldi (eta Botxotik Ziberespaziora blogean ere jaso nuen) gaztelaniazko esaera zaharra egokitzen hasteko garaia zela. Hala, hau izan liteke nire ekarpen bat, ezta?

Isiltasuna, musika eta kolorea

Isiltasuna eta musika ekarri nizkizun joan den astean. Badirudi uztarturik ditudala biak azken boladan, aste honetan puntu beretik abiatu bainaiz eta ia konturatu barik antzeko testu batekin hasi. Koronabirus honen zeharkako eragina izango da, agian.

Konfinamenduari erantzuteko jarrera desberdinak hartu dituzte artistek asteotan; berereziki, musikariei erreparatu diet. Denen jarrerak eta arrazoiak ulertzen ditut, bai, baina bitxi samarra iruditzen zait batzuek Internet bidez kantatzeari ekin dioten bitartean, batzuen kasuan sarri gainera, beste batzuek isilik geratzeko hautua hartu izana; agerpen bakanen bat egin duenik ere badago. Are: kultura babesteari begira grebak ere deitu dira. Estatu mailakoa gora beheratsua izan zen nire ustez eta neurri batean bertan behera utzi zen; bi eguneko greba digitala dago deituta datorren asterako euskal kulturgintzaren eremuan.

Eta musikarekin ari garela, balkoietako era guztietako emanaldiak aldi batera utzita, badago nor bere etxetik grabatzen saiatu denik ere bai. Josu Bergara da horren adibide bat. Ziur nago ez dela erraza izan lan komun hori baina kanta berri bat eskaini digu Akorde Txikiak bere taldearekin batera: Kolorez jantzitako egunak. Igande goizari kolorea emateko eta eguna alaitzeko aproposa nire ustez. Josuk esan duen bezala:

Kantuaren letrak dioen moduen, batzuetan bizitzak alde ilunak erakutsi arren, modu positiboan aurre egin behar zaio eta une txarretan ere gure onena ematen ikasi behar dugu. Eutsi danok eta aurrera!

Batzutan bizitza
bapatean iluntzen da,
ustekabean datorren
galernaren antzera
erdian harrapatzen
zaituenean ekaitzak
bizitzarekin dantzan
ikasi behar da.
 
Kolorez jantzitako
kometa bezala
haizearekin dantzan.
 
Baina hala ere
den-dena pasatzen da,
ez dago formula magikorik
baina hala da
erdian harrapatzen
zaituenean ekaitzak
 bizitzarekin dantzan
ikasi behar da.
 
Kolorez jantzitako
kometa bezala,
bizitzarekin dantzan.

Eta iluntzeko bakian

Isiltasuna. Horixe nabaritzen dut egunotan Bilbon; beste tokietan antzera gertatuko delakoan nago. Izan ere, gauden egoeran horixe da hainbat unetan nabaritzen dena. Izatekotan, erdi ahazturik genuen txorien txioa gehienez.

Nire doktoregorako bidean hamaika aldiz sumatutako isiltasun hura ari naizela berreskuratzen ematen dit. Izan ere, egun haietan jardunaldia luzatzeagatik edota goiz altxatzeagatik izaten nuen lagun isiltasuna. Dena den, isiltasuna apurtzekoa naizela uste dut. Pixkat gozatutakoan, irratia piztu, musika jarri edo, besterik ez bada, soinuak eta musikak datozkit burura nire oroitzapen musikala dela tarteko. Egunotan ere antzeratsu gertatzen zait.

Hala, batzuetan Amaia Urangak kantatu zuen fadoa datorkit (oker ez banago, Fran Lasuenek euskaratu zuen): “egun batzutan isiltasunak ere desafinatzen du”. Edo Xabier Zabalaren “Isiltasunean“, esaterako.

Aberri Egun berezia izan da 2020koa; agian, belaunaldietan gogoratuko dena. Besteak beste, eta aspaldiko partez, joan den mendeko 70. hamarkadan gure amak erositako ikurriña balkoiratu dugu gaur (semea zur eta lur jatorriaren berri izan duenean). Eta gaur, egun berezi bezain bitxi honetan, beste musika bat dabilkit buruan dantzari. Lauaxetaren olerki bat, eta batez ere, nik Antton Valverderen eta Itziarren musikak gogoan; Eñaut Elorrieta ere izan liteke:

eta iluntzeko bakian / norbaitek darrai kantari / dana emon bihar yako / maite dan askatasunari

Bi maisu joan zaizkigu, Antonio eta Patxi

Ez gaude ohiko egoeran. Hala ere, bizitzak aurrera darrai. Beraz, jaiotzak (gutxi, nik uste; ez dut uste hori aldatu denik) eta heriotzak (koronabirusak areagotuta, seguruenik) inguruan ditugu, beti bezala. Dena den, badago aldagai garrantzitsua ekaitz-egunotan: ezin hurbildu agur esatera, senide eta lagunekin bat egitera, ezarrita dauden mugengatik. Beti da tristea hurbileko bat galtzea eta are tristeagoa ezinbestez agurra urrutikoa bada.

Niretzat maisu izan diren bi pertsona joan zaizkigu astearen hasieran, biengandik ikasi baitut; biak ezagunak, zein bere mailan eta eremuetan. Eta neuretzat ere maila desberdinean ezagun: komunikabideak tarteko ezagutu nuen Antonio Álvarez-Solís kazetaria; adiskidetasunak hurbildu ninduen Patxi Zabala Díazengana (ikasketaz ere maisu, portzierto). Lehenengoak aipu edota obituario ugari izango duelakoan gainera, utzi, irakurle horrek, bigarrenari buruz nire barrua hustutzen.

Gaztetan ezagutu genuen elkar Patxik eta biok, eta, denborak zedarritzen dizkigun mugak muga, ez dugu urte luzeetan harremanik eten: musika eta konpartsa, Athletic, bidaiak, bazkariak, Txokoa…

Handia zen Patxi; alderdi guztietan. Behinola, lagunen taldea asteburu pasa joan ginen Nafarroara, Zubietara hain zuzen. Bertako ostatua ia beterik genuen lagunok; ordurako lagunon seme-alabak ere tartean ziren. Eguneko txangoa amaituta herrira bueltatzean bertako umetxoak zain izaten genituen frontoi inguruan balona ateratzeko prest, hiritarron kontra futbolean aritzeko. Eta bigarren egunerako muga bat jarri ziguten: gainontzeko helduek bai baina “gizon paretak” ez zeukan jokatzerik. Bai, asmatu duzu: Patxiri deitzen zioten zubietar gaztetxo haiek gizon pareta.

Handia ardoaren munduan ere bai, besteak beste. Zenbat ikasi dugun gaiaz berarekin, ardoak dastatuz, azalpenak entzunez, merezi zuenaren truke ordaindu beharrekoa ordainduz… eta merezi ez zuenean arbuiatuz. Eta zenbat ardo ez ote zuen izango gordeta. Adibidez, etxean agertu zitzaigun behin 1970ko Murua etxeko erreserba bat dasta genezan, ia aurkitu ezina zen uzta bateko ardoa. Berak adierazitakoari jarraikiz, buruan dut gordeta ardo hura (aparta!); botila ere gorde nuen bitxikeria modura eta hor daukat oraindik.

Umorea eta ironia hurbil izaten zituen. Bideo barregarriren baten bila sarri. Eta beste pasadizo bat. Ihauterietan behin denok deabru jantzita azaldu ginen bat izan ezik. Bai, ezer esan gabe, aingerutxo bat agertu zen. Tira, aingerutxoa baino aingeru handi bat, hego, koroa eta guzti: Patxi bera.

Sukaldean ere ondo moldatzen zen. Ondo esan dut? Ez, oso ondo baino areago, bikain. Baina ez zidala joko handirik ematen aitortu beharko dizut. “Zertan lagunduko dizut, Patxi?” galdetu eta bere erantzuna, “txakolina fresko mantentzea eta basoa beteta egon dadila zaintzen; baratxuriak txikitzeko denbora luzeegia ematen duzu eta gainera zatitxoak ez dituzu berdin egiten”. Hori bai; txokoan bazen, gero sarritan bukaerako kontuak nik neuk egin behar.

Eta bidaiak… Antolatzaile eta aholkulari aparta. Txantxetan (edo ez horren txantxetan), Portugaleko kontsul egin beharko zutela esaten nion; edo enbaxadore honez gero. Urtean zenbat aldiz joaten ote zen bertara, urtero-urtero gainera; bazter guztiak ezagutzen zituelakoan nago, eta non jan eta edan (ondo, jakina) bereziki.

Bere heriotzaren berri izan bezain laster, sinistu ezinik nenbilela (bezperan bideodeia tarteko ardo bat partekatzen ibili baikinen eta barre-zeinudun mezuak izan ziren trukatu genituen azkenak) musika eta hitz batzuk etorri zitzaizkidan bapatean gogora: Paveseren heriotzaren begiak Leteren itzulpenean lehenengo (“etorriko da zure soaz heriotza“). Baina ez zetorrela Patxiren izaerarekin bat pentsatu nuen. Seguruenik ez luke abesti tristerik nahi izango eta hurbilago egongo zatekeen Amurizaren hitzetatik (“bestela datozen penai ez diet surik bota nahi“). Beharbada, “Xalbadorren heriotzean” jo lezake baten batek egokiagotzat. Edo Fernando Artola Bordariren bertsoak (“nork esango zun.. azkenenengoa izango zela… mezua”). Edo, auskalo, Mikel Zarateren hiletan Benito Lertxundik erabilitako hitz batzuk moldatzea litzatekeen hobe: “Agur Zabalako jauna, ardoaren zalduna”. Agian alaiagoa izan beharko lukeen honek guztiak. Edo fado bat.

Azken finean, “agian” asko (gehiegi, agian), ustekabean galdutako, lapurtutako agurraren ordez. Edozein modutara, bere omenez topa eginda, horretan zalantzarik ez. Eta ardo on batez.