Ahobizi ni eta belarriprest zu?

Aldatu egin didate banketxe batean nirekiko harremanetarako izendatua duten pertsona . Lehenengo aldiz elkar ikusi genuenean, hau esan zidan: euskaraz ulertzeko ondo moldatzen dela baina mintzatzeko gaitasuna nahiko herdoildua duela eta gazteleraz hitz egingo zidala. Etorri ahala, eta lehentasunen kontua buruan nuela, seguruenik gaztelera ez den beste hizkuntza ere ikasiko zuela esan nion eta bete-betean asmatu. Ikasketengatik eta lanpostuagatik ingelesa beharrrezkoagoa ikusiko zuen antza eta, lehentasunak lehentasun, euskara lantzea baztertu. Askoren jarrera, ematen dit.

Elebitasun hartzailea hizpide izan dut behin baino gehiagotan; hartzailea diot, ulertzea ez baita jarduera pasiboa. Hasiera batean kritikoagoa nintzen arren, zentzua izan dezakeela sumatu dut, besteak beste egoera jakin batean halaxe bizi izan nuelako.

Joxe Arantzabalen blog-sarrera batean, Ahobizi eta Belarriprest irakurri nituen lehengoan. Euskaraldia ekimenarekin lotuta daude ahobizi eta belarriprest horiek.

Agian, horrelako dinamikak, eta elebitasun hartzaileak azken finean, lagundu egingo du banketxeko langile horrekin eta antzekoekin euskara sustatzen, hizkuntz ohiturak aldatzea zaila den arren. Eta zailtasun horren adibidea ere badut, oso hurbil gainera.

Euskararen erabilera sustatzeko baliabideak

Euskararen tresnak izena du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Sarean duen  bildumak. Erreminta sorta berri bat aurkeztu zuten otsailaren 8an euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko, aipatutako bilduma hori eguneratuz.

Aurkeztutako tresna beri horien artean, Elhuyar hiztegiaren bertsio berria eta berorren hiztegi digitalaren aplikazio berritua, bederatzi hiztegi terminologiko berri, Hiztegibar plugin-aren bertsio eguneratua (Chrome eta Explorer nabigatzaileetan modu errazean erabiltzeko orain arte Firefoxerako zegoena) eta Hizketa ereduak argitalpenaren aplikazioa gailu mugikorretarako.

Oso ondo dago baliabideak ugaritzea, eta izugarri hedatzen ari den mugikorren esparrua kontuan izatea. Hala ere (beti dago “baina”-ren bat) ohartxo batzuk partekatu nahi ditut zurekin.

  • Deigarria, material batzuk pdf hutsean argitaratzea eta copyright-a dutela espresuki adierazita gainera, deskargatzea doakoa den arren.
  • Sare Sozialak Hiztegia dago hiztegi berrien artean, eta horren inguruan zerbait kontatu nahi dizut:
    • Aurreko puntuan azaldutakoaz aparte, ez dakit izena bera egokia den, teknologiei “berria” adjektiboa eranstea bezalaxe (zer da berria? noiz arte da berria?).
    • Maiz aipatzen dudanez, ez dira oraingoak sare sozialak nire ustez, aspaldikoak baizik; horiek hedatzeko, handitzeko, zabaltzeko aukera ematen dute teknologiek. Eta hiztegia “sareena” baino zabalagoa da.
    • Ez dute NIA (norberaren ikas-alorra) onartu ingelesezko PLE (personal learning environment) itzultzeko, erabiltzen hasi arren (Irakasbil esparruan, besteak beste). Jasotakoak, “ikaskuntza-ingurune pertsonala”-k alegia, ez du akronimorako bidea ematen (IIP?).
    • “Ikaskuntza-komunitate birtuala” erabaki dute… eta badakizu nire hautu pertsonala,   “ziberkomunitatea” dela (ikas-ziberkomunitatea kasu horretan, hain zuzen), besteak beste birtual horrek kutsua eta ukitua  baduelako (erreala ez dena, “izan litekeena baina ez dena” da Euskaltzaindiaren hiztegian lehenengo adiera; are,  zenbaitetan, bigarren mailako kontua balitz bezala hartzen delako Interneten gauzatzen dena aurrez aurrekoarekin alderatuta). Gogoan izan nire bertsoa Txiotesian: “ziber birtualaren ordez / errealak dira moldez…”

Tira, hemendik aurrera, agian,  blogaria naizela esateaz gain, edukiez arduratzen den komunitate-kudeatzailea ere banaizela esan beharko dut neure burua aurkezteko.

Hizkuntza-erregistroez

Ez naiz futbolaz arituko, irakurle hori. Baina hizkuntza-erregistroaz hausnartzeko aukera emango dit Iñigo Martinez futbol-jokalariak hartutako aldaketa-erabakiak.  Izan ere, jakingo duzu diru mordoa tarteko Erreala utzi eta Athleticera joan dela, ezta?

Inoiz euskaldunaren adibide gisa jarri dute ondarrutarra; duela gutxi, besteak beste, Euskal Kirolari ekimenean.  Gizartean futbolariek duten tokia aintzat hartuta (merezitakoa den ala ez, beste upeleko sagardoa da), neu ere horren alde agertu naiz, besteak beste, euskara normaltasunez erabiltzen duten pertsona ezagunak egon badaudela erakusteko.

 

Eta, zentzu horretan, harritu egin nau bere agurra irakurtzeak. Elebiduna izan da agurra, eta erregistro desberdina nabari da bi hizkuntzetan: formala gaztelaniaz, ahozkotik oso hurbil (ondarrutarrez, edo) euskaraz.

Nik uste baino oihartzun handiagoa izan du horrek, Sarean behintzat. Adibidez, batura ere itzuli dute ZuZeun Iñigo Martinezen jatorrizko testua, “Euskararen erregistroak” idatzi du bere blogean Urtzi Urrutikoetxeak, Beñat Zarrabeitiaren txioak eta izandako erantzunak

Honatx nire zalantza batzuk: zergatik hizkuntzen arteko bereizketa hori? euskaraz onargarria dena gaztelaniaz ez? edo alderantziz: gaztelaniaz honelako erregistroa onargarria litzateke? zein toki izan behar du euskalkiak (edo tokikoak, urrutiago joanda)? zein da euskara batuaren tokia?

Dena galdera eta zalantza izan ez dadin, Urtzi Urrutikoetxeak adierazitakoez gain, Irale-ren kontsulta-zerbitzuak gura eta maite dela-eta emandako erantzuna egokia izan daitekeelakoan nago. Baina komunikabideetan agertzen den asko eta askorentzat ere bai, jakina, abenduan idatzitako sarrera batean idatzi nuen bezala.

 

Euskara indartzeko bideak eta autokritikak

Euskararen Eguna zela-eta, Dani Alvarez kazetari ezagunari egindako elkarrizketa baten berri izan nuen Sarean, Daniren beraren txio bati esker, besteak beste.

Elkarrizketan kontu gehiago agertzen ziren, zergatik hurbildu zen bera euskarara, adibidez. Eta pertsona ezaguna izanda, eredugarria eta txalogarria iruditzen zait bere jarrera eta ahalegina; elebitasun hartzaileari buruzko ikuspegian ere bai. Baina txioan nabarmendutako kontu horrekin ez nago guztiz ados.

Izan ere, ni neu behintzat, barre egiten hasi baino, haserretu egiten naiz hainbat egoeratan. Zaila da orokortzea, eta testuingurua testuinguru (edo telesaioa telesaio, edo pertsona pertsona) haserretu egiten nau askotan euskara-maila eskasa sumatzeak mahai-inguruetan esaterako; edo alderdi politikoetako ordezkariengan; edo aurkezleen kasuan; edo kolaboratzaile ordainduen kasuan. Gaur, adibidez, “ni pertsonalki” bat atera zaio saio batean aurkezleari, eta ergatiboa bera dantzan ibili da zenbait unetan. Eta antzera amorrarazten nau “landu gabeko euskara”ren erabilerak arestian azaldutako kasuetan.

Askotan eskertzekoa da bai askoren ahalegina, baina, eta berretsi egiten dut salbuespenak salbuespen, ez dut uste nahikoa edota desiragarria denik komunikabideei dagokienez (eta irakakaskuntzaren munduan, antzera jakina). Elkarrizketan bertan ageri den bezala, ez gara ingelesaz edo gaztelaniaz ari. Michael Robinsonena eta antzeko beste batzuena gaztelaniaz mintzatzean, seguruenik, salbuespena da komunikabideetan.

Txanponaren bi aldeak ikusiko ditu askok. Baina ni neu behintzat ez nau lasaitzen tabernetan euskaraz dagoen presentzia bakarra “salda dago” denean. Edo gaztelera nagusi den komunikabideetan euskaraz akatsak dituen berri solteak irakurtzeak.

Portzierto. Hau bai dela desbiazio kontua nire aldetik, onartzen dut, baina “euskaldunek” jarri dute Daniren ahotan eta ez “euskaldunok”. Ñabardura bat baino gehiago da, ezta?

Abenduaren 3a: nire harri koxkorra dakart

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur, abenduak 3. Eta ez da gaiari buruz idazten dudan lehenengo aldia; besteak beste, 2014ko sarrera bat dagoIkasle eta Irakasle“n.

Botxotik ziberespaziora“n egindako 2013ko hausnarketa ez dut errepikatuko  (funtsean, bat nator oraindik orain). Ospatzeko modu asko daude, bai. Eta euskararen alde lan egiteko ere bai. Isilagoak batzuk, ageriagokoak beste batzuk. Eta txoko honetan idaztea da ekartzen dudan harri koxkorretako bat.

Izan ere,  helduan euskararen ikas-irakaskuntzaren alorrean ardaztu da nire lan-ibilbide osoa. Urteak joan ahala, gertaera gogoangarri batzuetan lekuko (edo partaide zuzen) izan naizela konturatu naiz, hala ikastolen berpizkundea nola euskararen lehen urrats ofizialak unibertsitatean.

Dena dela, hemen idazteko erabakia bestelakoa izan zen: [Enlace roto.] euskara ere maiztasunez agertzea. Halaber, euskarak badu bere  traola edo etiketa sarreretan; hizkuntzek ere bai. Tamalez, eta konturatu gabe, hartutako erabaki haren ondorioz nire txoko nagusian euskarak tokia galdu duela sumatu dudan arren.

Bihartik aurrera ere, ajeak aje, hizkuntza erabiltzen segitu beharko dugu. Blogaren izenburuari jarraikiz, euskara eta euskaraz ikasi eta irakasten ere bai. Eta nire zertxoa emanez, hemen eta hemendik euskaraz irakurtzeko (eta, nahi izanez gero, idazteko edota iruzkinak egiteko) aukera izatea eta baliatzea espero dut. Hala bedi!

Adierazpen bateratua egin dute aurten Euskadiko erakunde nagusiek Euskararen Nazioarteko Egunari begira