Euskal karaokeak, 12 urtez lanean Gabi de la Maza

Nork ez ditu ezagutzen karaoke eran You Tuben dauden euskarazko kantak eta horiek biltzen dituen Euskal Karaokeak txokoa? Eta horien egilea badakizu nor den? Bai, izan zen Euskaraokea izeneko saio bat ETBn 90. hamarkadan (joan den mendean, alegia), baina beste ekimen zabalago batez ari natzaizu, adiskide.

Lehengoan irakurritako txio batean horiei buruzko berri bat eman zuen Gabi de la Mazak, @Txatxangorrik alegia:

Uztailaren 1ean beteko dira, beraz, 12 urte era horretako bideoak egin eta Interneteko eremu horretara igotzen hasi zenetik. Eta joan den astean igo zuen 3000. bideoa. Lan itzela Gabik egin duena. Abila dela (eta langilea) esan genezake, Iparragirre bezala, eskola onekoa eta musikaria.

GabidelaMaza ZaldiEro Argia.jpg
By Argia aldizkaria, Zaldi Ero – Argia aldizkaria CC-BY-SA https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/gabi-de-la-maza, CC BY-SA 4.0, Lotura

Badu dagoeneko Wikipedian sarrera. Irakurtzen baduzu, Gabik eta biok badugu komuneko puntu bat baino gehiago, ikas-irakaskuntzaz gain. Aurkitu duzu honez gero? Badaezpada: elkarrekin abestu genuen garai batean Jatorki abesbatzean; tenore bera, baritono ni.

Beste alde batetik, Txatxangorria bere webgunean Karaoketekaz gain beste hainbat informazio eta baliabide ere badago. Berak adierazi didanez, gainera, hasieran eginiko zenbait kanta berriz ari da lantzen kantatzeko beste era bat eskainiz.

Denborapasa edota solaserako erabil litezke kantak, ikasteko ere bai; hizkuntzak ikasteko, esate baterako. Interesik baduzu, horren inguruan idatzi nuen lehengoan Irakasbil webgunean Gabik egindako lana abiapuntu hartuta: Kantuak hizkuntzen ikas-irakaskuntzan.

Isiltasuna, musika eta kolorea

Isiltasuna eta musika ekarri nizkizun joan den astean. Badirudi uztarturik ditudala biak azken boladan, aste honetan puntu beretik abiatu bainaiz eta ia konturatu barik antzeko testu batekin hasi. Koronabirus honen zeharkako eragina izango da, agian.

Konfinamenduari erantzuteko jarrera desberdinak hartu dituzte artistek asteotan; berereziki, musikariei erreparatu diet. Denen jarrerak eta arrazoiak ulertzen ditut, bai, baina bitxi samarra iruditzen zait batzuek Internet bidez kantatzeari ekin dioten bitartean, batzuen kasuan sarri gainera, beste batzuek isilik geratzeko hautua hartu izana; agerpen bakanen bat egin duenik ere badago. Are: kultura babesteari begira grebak ere deitu dira. Estatu mailakoa gora beheratsua izan zen nire ustez eta neurri batean bertan behera utzi zen; bi eguneko greba digitala dago deituta datorren asterako euskal kulturgintzaren eremuan.

Eta musikarekin ari garela, balkoietako era guztietako emanaldiak aldi batera utzita, badago nor bere etxetik grabatzen saiatu denik ere bai. Josu Bergara da horren adibide bat. Ziur nago ez dela erraza izan lan komun hori baina kanta berri bat eskaini digu Akorde Txikiak bere taldearekin batera: Kolorez jantzitako egunak. Igande goizari kolorea emateko eta eguna alaitzeko aproposa nire ustez. Josuk esan duen bezala:

Kantuaren letrak dioen moduen, batzuetan bizitzak alde ilunak erakutsi arren, modu positiboan aurre egin behar zaio eta une txarretan ere gure onena ematen ikasi behar dugu. Eutsi danok eta aurrera!

Batzutan bizitza
bapatean iluntzen da,
ustekabean datorren
galernaren antzera
erdian harrapatzen
zaituenean ekaitzak
bizitzarekin dantzan
ikasi behar da.
 
Kolorez jantzitako
kometa bezala
haizearekin dantzan.
 
Baina hala ere
den-dena pasatzen da,
ez dago formula magikorik
baina hala da
erdian harrapatzen
zaituenean ekaitzak
 bizitzarekin dantzan
ikasi behar da.
 
Kolorez jantzitako
kometa bezala,
bizitzarekin dantzan.

XXII. Agiña memoriala: herri, errai, erro

Aurten ere udazkenaren etorrerarekin batera, ate joka dugu Jatorki abesbatzak 1998tik Andoni Arregiren omenez antolatzen duen Agiña memoriala. XXII. ediziora iritsi da dagoeneko 1998an hasitako ekimen hau.

Herri, errai, erro” izenburua jarri diote aurtengoari, Jatorkiren betiko euskaltasunarekin uztartuta leitmotiva. Izan ere, ziklo bat itxiz aurreko bi urtetakoen jarraipena izango da, nolabait esateko. Eresoinka mugimendu kulturala izan zen ardatza 2017an; 2018an, berriz, Ez dok amairu. Hala, 70eko hamarkadaren ondorengo kantautore eta musika-taldeen lanak aurkeztuko ditu abesbatzak oraingoan, korurako propio egindako egokitzapenekin. Jatorki ez da bakarrik arituko, beste zenbait musikari izango baititu lagun: Mario Lerena, 3 Taula Txalaparta ekimenak, Arrate Fernandez eta Bilboko txistu-taldea.

XXII. Agiña memoriala 2019

Urriaren 5ean Atxuriko Gizakundearen Elizara hurbiltzen bazara, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Gorka Knörr, Hertzainak, Sorotan Bele, Itoiz, Gontzal Mendibil, Mikel Laboa edo Kalakanen abestiak entzun ahal izango dituzu, beste hainbat musikariren ikuspegi eta moldaketekin, hala nola, Jesus Egiguren, Lorenzo Ondarra, Karlos Gimenez, Bingen Mendizabal, David Azurza, Ruper Lekue, Antonio Guerrero, Hilario Extremiana, Xabier Sarasola, Josu Elberdin, Josu Soldevilla, Iñaki Urkizu edo Jabier Ituarterenekin.

Eta bai: beste batzuetan legez, neuk ere ekarriko dut neure harri-koskorra proiektu hau gauzatu dadin eta Atxurin izango nauzu kantari larunbatean.

XXI. Agiña memoriala, Ez dok amairu

Urriaren hirugarren astean, urtero bezala, Agiña Memoriala antolatuko du Jatorki Abesbatzak larunbatean. Eta sustatzaile eta lehenengo zuzendari izan zuen Andoni Arregi gogoratzeaz eta omentzeaz gain, Ez dok Amairu taldea gogoratu eta omenduko du aurten, mugimendu horretako kideen musika eta emankizunak baliatuta.
Historia gogoan izatea ez da ariketa txarra, eta musikaren bidea da horietako bat. Historiak eta musikak bat egiten dute sarri, eta honela ikusten dugu Agiñan, besteak beste. Eresoinka izan zuen gai iazko saioak eta jauzi txiki bat eginez, XX. mendeko 60-70 hamarkadetara iritsiko gara aurten.
Garai haietako abestiak gaur egungo musikarien ukituarekin ezagutu edo berriz gozatzeko aukera paregabea, beraz, Bilboko Atxuri auzoan dagoen Gizakundearen Elizan, urriaren 20an, iluntzeko 20:15ean.
Honako hauek izango ditu kide etzi Jatorkik: Unanue Kamara KoralaMario Lerena piano-jolea eta 3 Taula Txalaparta Ekimenak. Ni neu ere tartean izango nauzu.

Ez zait poesia gustatzen

Sarreraren izenburua irakurrita ez dakit zer pentsatuko duzun, irakurle. Agian, izen bera duen Jabier Muguruzaren abestia entzutea izango da zuzenena; hitzak, Lourdes Oñederrarenak dira.

Ez zait gustatzen poesia
iruzur egiten duelako.
Esaten du “udaberriak loreak dakartza”
baina denboraren igarotzeaz ari da.
Edo, “joan zinenetik egunak kolorea galdu du”,
baina askotan da eguna urdin, zerua urre, zu gabe ere.
Gainera, ez zinen joan
hil egin zinen.
Ez zait gustatzen poesia
iruzur egiten duelako.
Esaten du neskak larroxak direla edo lili-loreak
baina badakigu ez garela inoiz loreak izan.
Ez zait gustatzen poesia
ezinak hitzez mozorrotzen dituelako

Izan ere, musikaren bidez iritsi nintzen eta hurbiltzen naiz sarri poesiara. Etxepare eta Aresti ezagutu nituen Oskorriren bitartez; Gotzon Aleman eta Walt Withman Txomin Artolarekin; Lauaxeta eta Lizardi Antton Valverderen ahotsean; Atxaga Ruper Ordorikaren abestiekin; hainbat eta hainbat Imanol Larzabalekin, zer esan Xabier Leteri buruz…

Ikasteaz eta irakasteaz ari garelarik,  Abel Camachoren bidez ikusi dut eskolan poesia lantzeko 10 arrazoi eta 10 proposamen azaltzen dituen sarrera bat. Horien artean musika daukagu, jakina.

10 razones y 10 propuestas para usar la poesía en el aula: https://t.co/lfKJrKrf6Z @tiching bidez

Eta Sarean pixkat kuxkuxeatzen, Bilbo Hiria irratian badagoela Poema bat kantatu dizut  izeneko saioa ikusi dut, berriz ere poesia eta musika uztartuta.

Eta poesia eta musika, musika eta poesia buruan ditudala, Rogelio Botanzen ahotsean Arestiren olerkia: “nire poesia oso merkea da…”