Fisika nuklearra ere euskaraz?

Goi-mailako ikasketak euskaraz egiteaz galdetu zidaten lehengoan. Eta, lagun hori, berehala etorri zitzaidan gogora nik bizi izandakoa eta, horrekin batera, irudi bat.

Honen azalpena, Joserra Etxebarriak berak eman zidan eta halaxe jaso nuen Euskal Lerroak Abian blogean:

“Adolfo Suarezek, sasoi hartan Espainiako presidentea zenak, berari egindako galdera bati erantzutean (euskararen erabilerari buruzkoa nonbait) esan zuen, gutxi gora behera, ezinezkoa zela Kimika Nuklearra euskaraz lantzea. Nonbaiten erantzun nion bi gauza baino ez zirela behar horretarako, euskara jakitea eta Fisika Nuklearra jakitea.

Testuinguru horretan Lan Kide Aurrezkiak (orduan horixe zen Caja Laboral Popular erakundearen izena euskaraz) kanpaina publizitario bat abiatu zuen, euskara edozein arlotan erabiltzen bultzatzeko. Nitaz gogoratu ziren.

Izan ere, ordurako normal-normal ematen genituen euskaraz Fisikazko klaseak, baita zentral nuklearrei buruzko hitzaldiak ere; Lemoizko zentralaren inguruko eztabaida puri-purian baitzegoen.”

Urteak joan, urteak etorri, oraindik orain susmo hori ere badabilela gizartean ematen du.

Txikitako objektuak (eta oroitzapenak)

Aurreko astean idatzikoarekin lotura da gaurkoak. Lehen hezkuntzan erabiltzen zituzten objektuak klasera eramateko eskatu zien Lorea Fernandez irakasleak  ikasleei, euren esperientziak aztertu eta horien inguruan pentsatzeko asmoz.

Ez dakit neu ere halakorik egiteko gai izango nintzatekeen. Objektuez ari naiz, jakina; seguruenik, bidean geratu dira horrelako gauzak dagoeneko, oroitzapenak ez bezala. Trastelekuan egongo ote dira oraindik garai haietako Xabiertxo eta Nora zoaz liburuak, esate baterako? (portzierto, azken honetan marrazkiak eskolakide genituen batzuen aitak egin zituen, Larrik hain zuzen)

Zer diostazu zutaz?

Eta, aspaldiko garaietara etorrita, Rubio kuadernoez? Eskolan erabili zenituen edo baten bat gordeta duzu? Tira, hau irakurrita melankoniak jota bazaude, jakin “garai modernoetara” ere egokitu direla eta i-paderako aplikazioa ere badutela.

Rubiok Facebooken duen esparrutik hartutako argazkia

Euskaraz, eskolan eta unibertsitatean

Egun ez gaitu harritzen, baina ez dira hainbeste urte ez zela horrela. Beharbada zahartzen ari naizen seinale izango da, lagun hori, baina nire bizitzako bi unetan aitzindari edo izan nintzela ari naiz konturatzen. Gertatutakoak joan den mendekoak dira, XX. mendekoak alegia.

Lehenengoa, ikastola garaikoa. Izan ere, Begoñazpi Ikastolako lehendabiziko belaunaldiko kideetako bat nauzu.  Hasieran lehen hezkuntza, handik lasterrera OHO (edo EGB) izango zena, 1970 Legean ezarritakoaren arabera.

Bigarrena, EHUko Zientzia Fakultatean eman ziren hastapenetan ikasle gisa; bigarren belaunaldiko ikasle Kimikan, hain zuzen ere.

Laster beteko da 2010an eginiko ospakizun nagusiaren hirugarren urteurrena. Bereziki sortutako Euskal lerroak abian blogean duzu eskura informazio ugari interesaturik bazaude; neuk ere kontatu nuen aldez aurretik pasadizoren bat.  Eta lekuko bizi zein isila badugu 2010 hartatik:  Leioako Campuseko arboretumean dagoen espiral aureoa.

Aurrerantzean bi garaiotako besteren bat kontatuko dizut, ez izan zalantzarik.