Nola esan “maternés” euskaraz?


Halaxe galdetu zidan lehengoan kanpoko ezagun batek, euskaraz ez dakien batek alegia: ea gure hizkuntzan horretarako hitzik bageneukan. Begiratzen hasi nintzela aitortuko dizut, irakurle, ea zer zen. Haur txikiekin beste modu batera hitz egiten omen da (edo dugu); hizkera modu horri, hain zuzen, baby talk  deitu zaio, edo motherese.  Genero-ikuspegia dela-eta, parentese  ere bai, eta ikerketa-esparruetan, aldiz, child directed speach (CDS) ei da erabiliagoa.

Hala, gaztelaniaz, eta ingelesetik itzulpena eginda, maternés  ere erabiltzen da antza denez, Lola Ponsek idatzi duenari jarraikiz, adibidez. 

Euskararen eremuan, berriz, Hizpide aldizkarian aurkitu nuen honen inguruko artikulu bat, 49. zenbakian hain zuzen; Juan Jose Zubirik idatzitako “Haur hizkeraren erabileraz”. Artikulu horretan, ama hizkera eta haurrei zuzendutako hizkera hitzak ageri dira.

Gaur egun, haur-hizkera da nagusitu dena antza, besteak beste Euskaltzaindiaren webgunean ageri denari erreparatuz. Edonola ere, argiagoa agian baina “maternés” hori baino prosaikoagoa dela ematen du.

Hona hemen bertatik jasotako hitz batzuk:
apapa (kalera)
apatx (eseri)
ñañan egin (jan)
pa (musua)
pupu (mina)
taka-taka (oinez (ibili))
txitxi (haragi- edo arrain-zatia)

Besterik ezagutu edota erabiltzen al duzu?

“Saltxieguna” eta hezkuntza

Joan den larunbatean antolatu zen Bilbon “Saltxieguna” izeneko elkartasun-jaia. Zortzigarren aldia izan da aurtengoa. Deian ere eman zuten berri (loturekin arazoren bat omen dago). Nire aldetik, UNICEFeko Euskal Herriko Batzordeko presidente izateaz gain, adiskide dudan Isidro Elezgarairekin izandako solasaldian ateratako kontu batzuk aipatuko ditut.

Izan ere, hauxe zen aurtengo helburua: Mexikoko lurrikarengatik kaltetuak izan diren haurrei laguntza ematea, “Escuela en la maleta” materiala baliatuta.

Isidrok azaldu zidanez, maleta horietan, material “tradizionalagoa”z gain, badago eguzki indarrez dabilen ordenagailu bat, ahal den neurrian eten digitala txikitzeko asmoaz. Halaber, bonbardeketen eta lurrikarak pairatu ondoren, toki itxien beldur direla hango haurrak, eta atari zabalean aritzeak ere lagun dezakeela (aspaldi irakurritako liburu bat gogorarazi zidan; ume indiarrei eskola itxietan gertatzen zitzaiena agertzen zen bertan).

Pobreziari aurre egiteko hezkuntzaren garrantziaz ere mintzatu ginen; eta testuinguru hurbilagoan, derrigorrezko hezkuntza luzatzeak dituen onurak eta arazoak. Horrekin lotuta, baldintza sozio-laboralak direla-eta, bikotean kide biek lan egin arren hilaren bukaerara iristeko benetako zailtasunak dituztenen kasuetan behintzat, egoera horrek haurren heziketan izan dezakeen eragina ere izan genuen mintzagai. Eta bere erakundetik horrelako arazoei aurre egiteko proposatzen ari direnak, alderdi guztietako ordezkari eta politikariekin hamaika bilera eginda, hala haurreskolen doakotasuna nola eskola-adineko umeak dituztenentzat laguntzak, besteak beste. Kezka, hortaz, ez da urrutiko egoerak bideratzera mugatzen. Bejondaiela!

Adin txikikoak eta Internet

Herenegun, otsailaren 9an alegia, izan zen Internet Seguruaren Nazioarteko Eguna.  Interneten eta teknologien erabilera segurua eta arduratsua sustatzeko ekimenak antolatu ohi dira horregatik. Gure inguruean, esate baterako,  Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak lehiaketa bat antolatu du (#SID2016Lehiaketa traola erabiltzen dute), baita Egonline webgunea abian jarri ere, Zeuk Esan ekimen orokorragoaren euritakopean.

 Honako mezua ematen dute aurkezpenean:

Internet, teknologia berriak eta sare sozialak ez dira ez onak, ez txarrak; eskaintzen dituzten abantailak edo desabantailak tresna horietaz egiten dugun erabileraren araberakoak dira. Horregatik, garrantzitsua da gizarte osoa konprometitzea, hezkuntzan tresna digitalak segurtasunez eta erantzukizunez erabiltzeko.

Adingabeek gure laguntza behar dute, tresna digitalak segurtasunez eta arduraz erabiltzeko garatu behar duten zentzu etikoa eta morala eskuratzeko; baina, horretarako, geuk ere jakituria eta ezagutza behar ditugu.

Ikuspegi hori garrantzitsua iruditzen zait, eta pozgarria aldi berean; alderdi positiboak eta mehatxuak adierazten dira,  eta ez azken hauek bakar-bakarrik. Horrez gain, gurasoentzat materiala zein aholkuak eskaintzen dituzte, gure umeak umezurtz digitalak izan ez daitezen. Halaber, egokiago ikusten dut informazio-iturria Ertzaintza edo polizia ez izatea,  orain dela urtebete eskas idatzi nuen bezalaxe. Nahiz eta ez dakit arlo honetan ere bikoizketarik ez den emango.

Zuzenketaren pare bat egingo nioke, nire “mamuetako” batzuen araberakoak direnak, seguruenik. Adibidez,  “berriak” adjektiboa teknologiekin lotzea ez dirudiela oso egokia; izan ere zer da berri eta noiz arte? (esaterako, ixtear omen dagoen Tuenti zerbitzurako lotura ematen dute ekimenean). Edo sare sozialak baino, sare sozialen gune eta zerbitzuak aipatzea egokiago ikusten dudala azken boladan, ziberespazioaren bitartez gauzatzen eta garatzen ez diren sareak ere baditugulako pertsonok.

Laburbilduz, atseginez jaso dut Jaurlaritzaren oraingo proposamena; nik txoko honetan proposatutakoekin eta hitzaldiren batean adierazitakoarekin bat dator. Seguruenik ez irakurri didatelako, zentzuzkoa delako baizik.

Mintzatzu, ikasi, gozatu

Halaxe irakurri nuen lehengoan kaletik nindoala iragarki batean, ingelesez. Urrutitik horiexek ziren ondo ikusten ziren hitzak, letra handian idatzita baitzeuden. Lelo ona, pentsatu nuen, ikasi eta gozatu elkartzen dituen ikuspegiak.

Hurbildu ahala, testu gehiago ikusi nuen. British Councilek egindako propaganda zela lehenengo, ikurra agertzen baitzen. Neure kolkorako pentsatu nuen kanpaina interesgarria zela. Baina, ondoren, letra txikiagoz, ume eta nerabeentzat zela. Hasiera batean gazteentzako ikuspegi hori helduentzat zabaldu ote daitekeen galdetu nion neure buruari, eta handik lasterrera erantzuna: lelo bera helduentzako ikastaroetarako ere bai (tira, “heldu” gaztea zen modeloa)

Ongi etorri, beraz, ikaskuntza modu erakargarrian planteatzeako asmoa (halaxe izango ahal da!) Gozatu, alegia, nahiz eta pertsonaren helburuak, zilegi izateaz gain, serioak izan. Bai bai, letra odolaz sartu ohi zen, baina modu hoberik badago, ezta?

Eta udan zer?

Argi dago “haurrak –eta ez horren haurrak–  uda / ikasi”  maiz errepikatzen diren gai horietako bat dela. Adibide gisa, [Enlace roto.]ea opor gehiegi duten galdetuz.

Berri gehiago ere agertu da egunotan; [Enlace roto.]. Izenburuan jasotzen dena, guraso zein adituen ahotan jarria, irakurtzea dela funtsezkoa eta haurrak “ez aspertzeko” aholkua. Hala ere, puntu deigarri bat: atsedena izatea ez da ezer ez egitea, eta “planifikazioa” aipatzen da. Ez dakit planifikazio honek udari xarmari kentzen ez ote dion. Edo egungo eskaerei erantzuten dien, baita umeen ustezko atsedenaldi horietan ere, eskolaz-kanpoko jardueren luzapena bailitzan.

Ed Yourdon Flickr-en, CC lizentziapean

Eta, aurreko guztiaren kontra etorriko balitz bezala, badago “betiko” ikuspegia, aberatsen (edo, behintzat, diru kontutan arazorik ez dutenentzat). Ez naiz atzerrian hizkuntzak ikasteari buruz ari, “ardi galduak” bide “onera” ekartzeko “barnetegi” berezi –eta garesti– horiez baino. Jende ezaguna egona da horrelakoetan, eta aurten [Enlace roto.]. Inoiz aipatu dizudan aditu batek, Jacksonek, eskolan derrigorrez egon behar dela idatzi zuen, koartelean eta espetxean bezala. Halako erakundeetan, ez dakit bakoitzaren osagarrietatik zer dagoen, egia esan.